Borrar
Imanol Ubeda, Don Inorrez taldeko liderra. DV

«Inpostore txiki bat naiz»

Imanol Ubedaren taldeak bi kantako single berria aurkeztuko du igandean Victoria Eugeniako Club aretoan

Juan G. Andrés

SAN SEBASTIÁN.

Ostirala, 7 otsaila 2020, 10:56

Comenta

Kazetaria eta musikaria den tolosarra bueltan da. Bide Ertzean taldearen atsedena baliatuta, 'Dardara hura' (2019) single-a kaleratu du. Doinu lasaiagoak dituen lana Karlos Arancegui (bateria), Fernando Neira (baxua) eta Ruben Caballero (gitarra) taldekideekin aurkeztuko du.

-'Mugiro bila' (2018) debutatik at geratu ziren 'Dardara hura' eta 'Errautsen argia'. Zergatik?

  • Taldea Don Inorrez.

  • Lekua Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoa (Donostia).

  • Eguna eta ordua Igandea (19.00).

  • Precio 12 euro.

-'Mugiro bila' diskoak badu aire jostalari bat. Letra gehienak ironiatik gertu daude eta doinuak power pop kutsukoak dira. Aipatu dituzun bi kanta horien letren aldartea guztiz bestelakoa da. Ironiatik urruti daude. Abestiak, ondorioz, beste kutsu batekin jaio ziren eta ez datoz bat 'Mugiro bila' diskoak duen giroarekin. Horregatik utzi genituen diskotik aparte. Single batean plazaratu ditugu orain eta ideia, hein handi batean, Paco Loco ekoizlearena izan zen.

«'Mugiro bila' diskoko kantak ez bezala, hauek ironiatik urruti daude; aldartea bestelakoa da»«Ez gaitezen nostalgia merkean erori; egun, gauza eder asko dago entzuteko eta ikusteko»

- Kanta ilunagoak dira, malenkoniatsuagoak...

-Beste molde batekoak dira. Begi-bistakoa da hori. Dena den, single-ak badu trinkotasun bat. Eta hori ez da beti lortzen. Pello Lizarralderen hitzak izan ziren single-aren abiapuntu. Letra horiekin bi kanta osatu genituen ondoren. Azala osatzea baino ez zen falta. José Ignacio Agorreta margolariarengana jo genuen. Bere estiloa kanten giroarekin bat zetorrela, intuizio hori genuen. Eta orain ezin ditut kanta hauek azala hori gabe imajinatu. Gutxitan izan dut halako sentsazioa.

- Disko luzeko 'E Jauna' abestia ere Pello Lizarralderena zen... Nola egiten duzue lan?

-Hitzak emailez bidali zizkigun, umiltasun ikaragarriz. Konpromiso batean jarri nahi ez gintuela zioen, baina guretzat, ordea, opari ederra izan zen. Pertsonalki, asko miresten dudan idazlea da. Bere ahotsa ezberdina da, ezohikoa gurean. Oso sentsoriala da. Bere liburuak ikusi, usaindu, entzun eta izerditu egiten dira. Kanta hauetako letrak ere halakoxeak dira, zentzumen guztiekin gozatzeko modukoak.

- 'Dardara hura' kantak aitaren heriotzaz eta absentziaz hitz egiten du...

-Paco Rocaren 'Etxea' komiki liburua irakurri duenak askoz hobeto ulertuko du kanta. Aita hil egin da eta familiaren etxean batu dira anai-arrebak. Letra iritsi zitzaigun unean, gu ere dolu fase hori bizitzen ari ginen. Bete-betean eman zuen une horretan bizitzen ari ginenarekin. Era berean, oso narratiboa da letra.

- Eta 'Errautsen argia' abestian ere heriotza dago presente.

-Kanta hori ez da 'Dardara hura' bezain narratiboa. Bestelakoa da kontatzen duena baina bai, antzeko aldartea transmititzen du. Horregatik diot oso trinkoa dela single-a. Ez da bi kanten bat-egite hutsa. Agorretaren artelanak, Lizarralderen letrek eta bi doinuek estetika bertsua dute.

- Doinuak ere askoz ere lasaiagoak dira. LP-an ez bezala, elektrizitatea baztertu duzue giro akustikoa lehenesteko...

-Apaingarriak kanten araberakoak izaten dira eta, kasu honetan, kantek janzkera hori eskatzen zuten. Errepertorio berrian kanta hauek isolatuak gera ez zitezen, Bide Ertzean-eko bi kanta akustiko errekuperatu ditugu kontzertuetarako propio.

- Izan ere, single-aren soinuan antzematen da Bide Ertzean-en eragina, baita Wilco eta antzeko taldeena ere...

-Single-ak badu Americana delako estilotik dezente. Azken urteotan, gogor astindu gaitu estilo horrek. Eta 'Mugiro bila' diskoa ez bezala, 'Dardara hura'-k badu Bide Ertzean-en aire bat. Tira, hala da, ez dugu kontrakorik esango.

- Bi arima (elektrikoa eta akustikoa) dituen talde gisa ikusten duzue zuen burua?

-Hala da. Dena den, lehen diskoko 'E jauna' edo 'Gaur euripean' kantak akustikoan eraman genituen estudiora baina Paco Locok beste testura batzuk gehitu zizkien. Alegia, bi arimak lotzeko garaian, badirela itsasgarri lana egiten duten kantak ere.

- Talde berarekin jarraitzen duzu, baina antza denez, zaila egiten zaizue denbora aurkitzea entseatzeko. Ez zara nolanahiko musikariekin bildu eta denek dituzte proiektu paraleloak...

-Bide Ertzean-ekin etenaldi bat egin genuenean, nire kezka handiena hauxe zen: ni bezalako tipo batekin nork nahiko du jo? Baina begira, zorioneko sentitzen naiz. Karlosek eman zidan bultzadarengatik izan ez balitz, ez nuke aurrera egingo: Don Inorrez biok abiatutako proiektutzat daukat. Eta atzera begira jarriko bagina, betidanik puntako musikariak izan ditugu bidelagun. Eta orain ere hala da. Horrek badu beste alde hori. Beste egitasmo batzuk dituzte eta gure agenda osatzea tetris bat osatzea baino zailagoa da batzuetan. Pazientziarekin eta kiroltasun handiarekin daramagu hau dena, Don Inorrez-ek ez dielako soldata oso bat eskuratzeko aukera eskaintzen. Beraz, oso ulergarria egiten zaigu egoera.

- Zu zara profesionala ez den musikari bakarra taldean...

-Ni kazetaria naiz ogibidez. Beraz, pasiorik handiena eta ofizioa hautatzeko orduan ez nintzen oso fin ibili! Ez nago kexu agertzeko, hala ere. Gustuko dut kazetaritza lana.

- Baina musikari denbora gehiago eskaintzea gustatuko litzaizuke?

-Bai, noski, baina inoiz ez dut ogibide gisa planteatzeko aukerarik izan. Errealista izan naiz beti, arrazionalegi aukeran. Musika lanaren osagarri izan da beti. Horregatik, musikaren panoramaz galdezka etortzen zaizkidanean, beti esaten dut ez naizela pertsona egokiena horretaz hitz egiteko. Azken batean, inpostore txiki bat naiz.

- Bide Ertzean taldeko garaiekin alderatuta, oso bestelakoak dira oraingoak?

-Klik bakar batera, milaka kanta ditugu eskura. Eta kantari 'play' eman aurretik, bisita edo like kopuruetan erreparatzen dugu lehenbizi. Hori gutxi balitz, disko bat osorik eta ganoraz entzuteko patxada galdu dugu. Guretzat gainera, gauzak ez dira inoiz errazak izan. Bide ertzean-ek urte askoko ibilbidea egin du... Dena den, ez gaitezen nostalgia merkean erori. Bizi ditugun garai aldrebes hauetan ere gauza eder asko dago entzuteko eta ikusteko.

- 'Dardara hura' single-ko ale gutxi batzuk atera dituzue, 100 bat, hain zuzen ere.

-Single bat ez da salmentarako lanik errazena, edonork esango dizu hori: bi kanta baino ez ditu eta 8 eurotan saltzen dugu gurea. Horregatik egin dugu tirada mugatua, ez delako erraz mugitzen den lan horietakoa. Abenduan, ale denak agortuko ziren beldur izan ginen eta tirada berri bat egitekotan izan ginen. Dena den, Victoria Eugenia Clubeko emanaldirako geratzen dira kopia batzuk oraindik. Berehalakoan agortuko balira, akaso gehiago egingo genituzke, baina oraingoz, eskuratu nahi duenak, eska dezala edo gure emanaldietan erosi dezala.

- Biniloa eta CDa batera doaz...

-Hala da. 'Dardara hura' singlea erosten duenak, CD bat ere topatuko du barruan. Kapritxo modukoa izan da, baina jakitun gara mundu guztiak ez duela binilo irakurgailua etxean eta horregatik sartu dugu CD kopia bat, single-eko liburuxkari itsatsita.

- Don Inorrez hasi al da material berria konposatzen? Zein ildotik joango dira kanta berriak?

-Musika egiten jarraitzeko asmoa badugu, baina goiz da ezer aurreratzeko. Denborak esango du.

- Ze etorriko da lehenago? «Oporraldi mugababean» jarraitzen duen Bide Ertzean taldearen disko berria ala Don Inorrez-ena?

-Don Inorrez egitasmoa abiarazi baino ez da egin. Karlos eta biok oso gustura gaude proiektu honekin. Fernando Neira eta Ruben Caballerorekin talde sendoa osatu dugula uste dugu eta taldeari segida eman nahi diogu.

- Berri Txarrak ere «etenaldi mugagabea» egin du eta Gorka Urbizu 'aske' da. Akaso une ona da Peiremans+ taldearen bigarren berpizterako...

-Ederra litzateke baina ez da gertatuko. Gainera ez da tokatzen: 2005, 2015... Atera kontuak! Gorkak oso urte mamitsua utzi du atzean eta atseden tarte bat oso ongi etorriko zaio. Gero proiektu artistiko berri bati ekin nahi diola uste dut eta jakinmin handia dut. Egiten duena egiten duela, ederra izango da.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Inpostore txiki bat naiz»

«Inpostore txiki bat naiz»