«Ilusioz» lepo eta gazteak oso kontuan egindako programazioa
Durangoko Azokak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa izango du estreinakoz 59. edizioan
Hilabeteetako lanaren emaitza den programazioa aurkeztuta, ilusioz mintzatu zen Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko koordinatzailea. «Azokak bere forma hartu du, egitaraua lotuta azken txanpan sartuta gaude». Kulturgintzaren topaleku handi denaren jakitun, xehetasun oro zaindu nahi izan dute, esaterako indarkeria matxistaren aurkako protokoloa landuz. Hala, gune bakoitzean txapa morea soinean eramango duten antolatzaileak izango dira puntu moreak «edonork» laguntza behar badu eta Landakon informazio gunea.
Ohi bezala Ikasle Goizak emango dio hasiera 59. edizioari, 40 ikastetxeetako gazteekin. Haientzat «saio bereziak, tailerrak eta aurkezpenak» izango dira. Ez da, noski, gazteei bideratutako keinu bakarra izango. Programa osoan bertan «sortzaile zein parte-hartzaile» bezala gertu izan nahi ditu Durangoko Azokak eta, horregatik, aurten ere Gazte Eztanda antolatuko da. Abenduaren 6an izango da egun osoko egitarauarekin.
Egun osoko eskaintza
«Orain hiru urte hasi ginen eta emaitza onekin gunez gune interesekoak izan daitezkeen gauzan programatu ditugu», azaldu du Gaztelurrutiak. Amaiera emateko Nektar eta Naxker taldeen kontzertuak izango dira, baita Landako gunetik kanpo gaueko 02:00ak arte luzatuko den DJ emanaldia «nahi duenarentzat».
Ez da sorpresa bakarra izango, ostiralean kartela egin duten Udatxo eta Balu Landakon izango baitira kartela oinarri izanda antolakuntzak prestatu dituen edizio zainduagoak banatzen eta sinatzen. Fetitxistentzat, aukera ederra.
Guztia antolatu ahal izateko 735.000 eurotako aurrekontua izan du Gerediagak, %57 erakunde publikoen eskutik, %25 baliabide propioak, «batik bat erakusmahaia jartzeagatik ordaintzen duten alokairua», eta azken %18 babesle pribatuena.