Iker Laurobaren lau urtaroak
Musikari donostiarrak 'Negua' diskoa aurkeztuko du Doka Antzokian; Ainhoa Larrañaga kantari hernaniarrak 'Eskuminak' lehenbiziko lana erakutsiko du hasierako emanaldian
Bi urte pasa dira Lauroba taldea desegin zenetik, baina harrezkero Iker ez da geldirik egon. Izarorekin, Sonakayrekin eta beste hainbat lagunarekin kolaboratzeaz gain, 'Udazkena' (2018) diskoa plazaratu zuen. Hurrengo lana, 'Negua', iazko amaieran iritsi zen. Donostiarrak gaur aurkeztuko du bere hiriko Doka Antzokian Beste Urtaroak taldearekin batera. Hasierako gonbidatu gisa, 'Goazen' telebista-saioan ezagun bihurtu den Ainhoa Larrañagak irekiko du emanaldia: Hernaniko kantariak 'Eskuminak' (2020) bere lehenbiziko diskoaren berri emango du, kontrabaxuan Iker bera lagun izango duelarik.
Antonio Vivaldiren antzera, Laurobak ere urtaroei buruzko proiektua garatzen ari da, pop-folkaren arloan bada ere. 'Udaberria' diskoa «martxan» du dagoeneko eta aurten kaleratzeko asmoa du, eta 'Uda', berriz, 2021ean iritsiko da tetralogiari amaiera emanez. Bakoitzari, giro jakin bat emango dio, betiere jakinda «urtaroekiko sentsazioak oso subjektiboak» direla: «Gustuen araberakoa da, norberaren pertzepzioan datza. Bilduma honetan urtaroak nik nola sentitzen ditudan islatzen saiatuko naiz».
Neguko alde beroa eta izoztua
Promoziozko orriak dioenez, 'Negua' «urtaro malenkoniatsu horretara garamatzaten abestien bilduma da, kutsu hotzeko melodiez osatuta dagoena, begiak itxi eta leku izoztu batera garraiatuko gaituztenak». Entzuterakoan, baina, doinu gehienek ez dute hotzik transmititzen, kontrakoa baizik: goxotasuna, beroa kasik… Laurobaren iritziz, «diskoak badu bere alde beroa, klima-aldaketaren eraginez lekuz kanpo ditugun azken egunetako eguraldi aldrebes hauek bezala». «Oro har, tonu eta akorde minorrak erabili ditut eta horiek hotzak sentitzen ditut nik, azala ukitu eta hotzikarak sortarazten dituzten doinu izoztuak», iritzi dio.
«Lau diskoko bilduma honetan urtaroak nik nola sentitzen ditudan islatzen saiatuko naiz»
Bestalde, letrei dagokienez diskoa «ilun samarra» eta «batzuetan ezkorra» atera zaiola uste du. «Musikalki, instrumentu hotzagoak erabili ditudan arren, etxeko sutondoan epeltasunean entzuteko disko bat geratu dela iruditzen zait. Jende askok ez duen zortea dut: teilatu bat eta lau pareta ditut babesleku. Horien barrutik osatuta dago diskoa, baina egurats zabaletik babesteko aukera ez dutenak kontuan hartuta, letretan batez ere», gaineratu du.
Hitz gehienak Ikerrenak berarenak dira -«Leonard Cohen asko entzun eta irakurri dut azkenaldian eta bere eragina antzematen dela uste dut»- baina Alaia Martinek disko honetako propio idatzi du 'Txoriak biluzik' letra ederra: «Fantasia asko du hitzen artean gordea». Gainera, 'Beti' kantan Igone Zaratek Leire Ugadiren poema bat errezitatu du: «Bigarren diskoan topo egin nuen Leire eta nahitaezko bihurtu zait. Erraietatik benetakotasuna letra bihurtzeko duen gaitasunak sorgindurik nauka».
Eta hamar kanta berrien artean, 'Galtzaileok' gailentzen da bere leloa dela-eta: «Irabazleek idazten dute historia baina galtzaileok abesten dugu». Mezua argi dago Laurobaren esanetan: «Indartsuek dituzte bozgorailuak eta ez dute dezibelio mugarik. Musika beti izan da iraultzarako bide bat, arma hori baliatu behar dugu injustizien aurrean».
Proiektu honentzat espresuki sortutako taldea da Beste Urtaroak: Leire Leturekin (ukelelea, ahotsa) urte asko eman ditu Ikerrek -«jengibre infusio bat baino onuragarriagoa zaio nire ahotsari»- eta Urbil Artola (lap-steel, weissenborn, dobro, ahotsa) zein Olaia Inziarte (piano, gitarra, ahotsa) urtaroen ekimenari «forma ematen hasi aurretik batu ziren». «Maria Soriazuk (baxua, ahotsa) eta Andoni Etxebestek (bateria, perkusioa, ahotsa) oinarri sendoa eman diote taldeari», nabarmendu du.
«Niregatik balitz hurrengo glaziaziora arte jarraituko nuke haien guztien babesarekin. Zorte handia dut hain maila altuko musikariez inguratuta jotzeko aukera izateagatik. Nire ametsetako bat da Victoria Eugenia antzokian kontzertu bat eskaintzea noizbait, baina epe motzean ezinezkotzat dut hori. Gaur egun eskaini diezaiekedana ez da asko, haizea kontran dugu askotan, baina beraiek belak zabaldu eta norantza egokirantz biratzen laguntzen didate», esan du.
Enkarguak eta elkarlanak
Musikari emankorra da donostiarra. Egun, hainbat proiektutarako abestiak konposatzen jarraitzen du eta musika-komedia bat eta antzezlan bat ere prestatzen ari da. Noizean behin, Axular Arizmendiren Ame estudioan aritzen da ekoizle lanetan eta zenbait artistarekin aipatutako kolaborazioez gain, telebistarako lanak ere egiten ditu 'Goazen', '3zpa4' eta '3txulo' saioetan. Horietako lan «batzuk besteak baino atseginagoak» omen zaizkio, baina oro har «ase» sentitzen dela dio.
«Musika enkarguz egitea ez da erraza izaten batzuetan, tekla zuzenaren bila denbora eta energia asko erabili ditzakezulako bidean, baina ikasbide ederra izaten da lortzen duzunean», aipatu du. Lehentasuna bere musikari eman nahi dion galdetuta, honakoa erantzun du: «Proiektu osoaren lehentasuna ez dago norberaren esku askotan. Ez dago zereginik kontzertuak eskaini nahi eta lortzen ez direnean».
«Musika beti izan da iraultzarako bide bat eta arma hori baliatu behar dugu injustizien aurrean»
Bere iritziz, «musika partekatzen duzun pertsona bakoitzetik ikasgai bat atera dezakezu». Eta bera, hamaika lagunarekin ibiltzen da elkarlanean. Sonakay talde flamenkoari konposatu zion 'Izarrak' euskarazko kanta eta Ainhoa Larrañagari ere lagundu dio bere proiektua abian jartzen. «Ainhoaren taldean kontrabaxua jotzen dut bere hastapenetik. Abesti pare bat grabatzen lagundu nion eta horiei esker Katapulta proiektuan hartu zuten. Banda osatzea izan zen hurrengo pausua eta behin Ainhoaren abestiei forma eman genienean Ame estudioan 'Eskuminak' diskoa grabatzea izan zen hurrengo pausua. Guzti horren emaitza Dokako kontzertuan ikusi eta entzun ahal izango da», hitz eman du.
Datozen hilabeteotan, gainera, galtzak bete lan izango ditu donostiarrak. Aurki, 'Limones en invierno' (2020) diskoko birari ekingo dio Izarok eta Iker Lauroba 2017. urtetik da bere taldeko kidea. Bere esanetan, oholtzetan 25 urteko esperientzia badu ere, gauza berri asko bizitzen ari da Izarorekin: agertoki handi eta ederretan jotzea, munduan zehar bidaiatzea, baldintza duin eta egokietan lan egitea, bere abesti zoragarrietan parte hartu ahal izatea… «Amets bat gauzatzen ari naizela sentitu dut. Izaro miresten dut, bere osotasunean. Ukaezina den bere talentuaz aparte, Izarok lagundu dit nire xalotasunaren inperioa eraikitzen. Aurreko bizitza batean anai-arrebak izan ginela esango nuke eta ondorengoak ez ditut bera gabe irudikatzen», bukatu du.