Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Itziar Ituño eta Ramon Agirre 'Hobe ixilik' obrako entsegu batean. JUANTXO LUSA
'Hobe ixilik' | Ramon Agirre eta Itziar Ituño: «Ez du inporta eztabaida gaia zein den, jolasa gehiago da azkeneko puntua nork jarri»
'Hobe ixilik' | Ramon Agirre eta Itziar Ituño

«Ez du inporta eztabaida gaia zein den, jolasa gehiago da azkeneko puntua nork jarri»

Ramon Agirre eta Itziar Ituño aktoreek 'Hobe ixilik' (Txalo) obra Donostiako Antzoki Zaharrera ekarri dute urtarrilaren 29a arte

Jon Agirre

Donostia

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Miércoles, 25 de enero 2023, 17:00

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

'Katua eta txakurra bezala «sesioan» eta eztabaidan dabiltzan bikotea dira Ramon Agirre eta Itziar Ituño 'Hobe ixilik' (Txalo Produkzioak) antzezlanean, polemista eta polemikazaleak baina dantzan hasten direnean bat eta bakarra direna, inolako ika-mikarik gabe. «Dantza terapia modura» aurkezten duen obra Salome Lelouch dramaturgo frantsesak idatzitako 'Fallait pas le dire!' antzezlanaren moldaketa da eta aste-bukaera honetan, urtarrilaren 26tik 29ra, Donostiako Antzoki Zaharrean izango da.

Txalotik jaso zuen Agirrek proposamena. «Ikusteko esan zidaten, ea gustatzen zitzaidan eta hemen egiteko modukoa zen», azaldu du aktore donostiarrak. Hala, Parisera abiatu zen, une hartan han eskaintzen ari baitziren 'Fallait pas le dire!' antzezlanaren emanaldiak. «Obra bizirik zegoen eta oso aproposa iruditu zitzaidan, egokituz gero oholtzara eramateko oso polita. Itzulerako bidaian jada zeinekin egin zitekeen pentsatzen hasi nintzen, emakume papera nork egin zezakeen».

Segituan etorri zitzaion burura Itziar Ituño, «gustuko pertsona batekin lan eginez gero» errazagoa baita. Aktore basauriarrak ez zuen zalantzarik izan.«Obra bat itzultzen zebilela esan zidan eta ea gogotsu nengoen. Komedia gutxiagotan egokitu zait eta gogo handia nuen» Ez da elkarrekin lanean arituko diren lehen aldia eta bientzat garrantzitsua izan da hori. «Aldez aurretik ezagutzen gara, lagunak gara eta taula gainean gaudenean badakigu elkarri laguntzen arituko garela. Oholtza gainean konfiantza duzun norbaitekin aritzeak asko errazten du», azaldu du Ituñok. Testua esku artean jaso zuenean konturatu zen komedia «erraza, polita» zela, baina ukitzen zituen gaiak ez zirela hain komikoak.

  • Egilea. Salomé Lelouch dramaturgo frantsesak idatzi zuen 'Fallait pas le dire!' obra eta Ramon Agirrek moldatu du eta Begoña Bilbaok zuzendu.

  • Datak. Donostiako Antzoki Zaharrean izango da 'Hobe ixilik' urtarrilaren 26tik 29ra. Amaia Lizarraldek 28an Ituño ordezkatuko du.

  • Iraupena. Antzezlanak 13 eszena ditu eta 75 minutu irauten du.

Ardatz nagusia hitz egiterakoan filtroak izan behar diren ala ahobizarrik gabe mintzatu daitekeen da, maiz bikotekideen artean eztabaida pizten duena, nahiz eta ez den gai bakarra. Pertsonaietan sorpresak ere badaude, tarteka paperak aldatzen baitituzte eta zuria beltza eta beltza zuri izaten da. Biak dira polemika zaleak eta maiz parekoak esandakoaren kontrako jarrera hartzen dute elkar xaxatzeko. «Gehienbat polemizatzea gustatzen zaie, parekoa zirikatzea eta probokatzea. Besteari kontra egitea gustatzen zaie, gaia zein den askotan ez da inporta, haien arteko jolasa gehiago da ea azkeneko puntua nork jartzen duen». Hala ere, Ituñok esan bezala, ika-mika eterno horretan pertsonaia bakoitzak bere bidaia egiten du eta bestearena hain txarra ez dela ikusten hasten dira.

Agirre unibertsitateko irakasle da eta asko gustatzen zaio hausnartzea, «arrazionalagoa da, ustez jantziagoa eta kultoagoa», baina «grisen munduan bizi da eta maiz ez du bere iritzia ematen», Ituñoren esanetan. Bere pertsonaiak aldiz, bizitzako eta kaleko kultura du gauzak eta kontuak ahobizarrik gabe esatearen aldekoa da, 'nik gauzak natural esaten ditut eta ez daukat aldatzeko asmorik'. Ituñok proposatu zuen ogibidez taxista izatea, «ez delako ohikoena eta patriarkatutik datorren marka tradizional hori ez duen ogibide» eduki zezan, historikoki emakumeari ezarri zaizkion zaintza lanetatik aldentzeko. Ildo horretan, pertsonaien arteko elkarrizketa batzuk ere aldatu dituzte harreman parekideagoa izateko. «Eszena batzuk ere ukitu ditugu ez geundelako hauekin eroso, originalean nola tratatzen diren. Guk ez genuen gure burua ondo islatua ikusten bertan», azaldu du Ituñok.

Lelouchen obra oinarri

Ez da Salomé Lelouch dramaturgo frantsesak antzezlan originalean proposatutakoan egindako aldaketa bakarra. Obra Parisen kokatua egonda, urruti egiten zitzaien, besteak beste politikaz hitz egitean alderdien kontuak ere ateratzen direlako. Hala, bikote harremana Bilbon kokatu dute dena gertukoago egiteko ikusleari. «Ez dakienak pentsa lezake Euskal Herriko idazle batek idatzi duela, hemen kokatua eta hemengo publikoarentzako».

«Oholtza gainean konfiantza duzun norbaitekin aritzeak asko errazten du, are gehiago entsegu gutxi egitean»

Elkar nola ezagutu ziren ez dago zehazki azalduta eta, istorioa osatzeko, dantza klaseetan izan zela erabaki dute. «Baile de salón deiturikoetan oso ondo moldatu ziren eta gero etorri da agian benetako bikotea». Agirreren aburuz bikotearentzat «dantza komunikazio zuzena da» eta, obrako hainbat puntutan, «arazoak konpontzeko bidea». Hasiera batean Ituñoren pertsonaiak tentsioak leuntzeko erabiltzen duen tresna da, baina gerora etxean ere ibiltzen dira dantzan. «Ez da soilik kolpe komikoa, bikoteak naturaltasunez egiten duen ekintza da».

Gainerakoan, istorioaren muina eta eztabaidarako gaiak mantendu dituzte «oso interesgarriak, egunerokoak eta puri-purian» daudenak direlako. Bikotea katua eta txakurra bezala dabil, hori bai, beti komediatik. Eta ikuspegi horretan pisu handia dute eztabaida sortzen duten gaiak. Izan ere batzuk arinak dira, «etxekoak, domestikoak», esaterako Agirreren amak egindako gazta tarta lehorra dagoen ala ez edo patinete elektrikoen erabilera. Beste batzuk potoloagoak dira, Me Too, amatasun subrogatua edo aldaketa klimatikoa besteak beste. Agirreren esanetan «kontraste» hori da erritmoa ematen diona 'Hobe ixilik' obrari. «Horien bueltan batak kontu bat esatean besteak kontrakoa dio, beti eztabaidan daude. Egilea oso ausarta izan da eztabaidatzeko gaien artean oso potoloak sartu dituelako». Eta balantzaren beste aldean, arinetan, konparazioa eginez gero ikuslearentzako absurdoak izango direnak.

«Nire pertsonaia taxista izatea proposatu nuen patriarkatutik datorren marka tradizional hori ez duen ogibidea izan zedin»

Itziar Ituño

«Elkarri xaxatzea gustuko dute eta polemistak dira. Baina dantza egitean komunikazio zuzena lorzen dute»

Itziar Ituño

Kontraste hori da gakoetako bat Agirrerentzat, «umore finez eta inteligentez» egina, «umore burdora» jo gabe. Haren esanetan eztabaidatik umorera joateko elkarrizketetan ezartzen da pisua, eta, hala, bi aktoreek oholtzatik esaten dutenarekin lortzen da publikoaren algara.

Obrak 13 eszena ditu. Batetik besterako trantsizioak azkarrak dira eta horretarako eszenografiak duen garrantzia azpimarratu du Agirrek, ikusleak erritmoa gal ez dezan laguntzen baitu. «Oso ondo pentsatua dago, aldaketak mugimendu txikiekin egiten dira, ukitu batzuk emanda». «Ping pong partida bat» Ituñoren hitzetan. Argi jokoa ere «oso ederra dela» aurreratu dute.

«Txalotik jaso nuen ideia, ea hemen egitekoa zen eta lehen unetik umore fin eta inteligentea gustatu zitzaidan burdora jo gabe»

Ramon Agirre

«Eztabaida gai batzuk arinak dira, egunerokoak, eta besteak potoloak. Kontraste horrek erritmo asko ematen dio obrari»

Ramon Agirre

Bi aktoreentzat erronka izan da, baina emaitzarekin oso gustura azaldu dira. «Urnietan aurre-estreinaldia egin genuen eta harrera ona espero bagenuen ere, are hobea izan zen». Elkar ondo ezagutzea eta aurrez lan egin izanak ere lagundu du, Ituñok aipatu bezala gero eta entsegu gutxiago egiten baitira antzerkian. «Lehen agian pare bat hilabete pasatzen genituen eta orain hilabeterekin nahiko, hogei bat entsegu eta aurrera». Esperientzia asko izanagatik ere, aspaldian komedia egin gabe egonda apur bat urduri zeuden Urnietako emanaldiaren aurretik. «Kanpoko publikoa dator eta dena eman behar duzu, oinarri horrekin indarrak hartu eta orain kruzero abiadura hartuta goaz», dio irribarre artean Ituñok. Bat dator Agirre: «Ikusmina dagoela nabaritu dugu orain arteko emanaldietan eta oso gustura gaude».

Antzerkira joateko «kultura txikitatik» sustatzeko eskaria

Pandemia garaian gogor sufritu zuen euskal antzerkiak, baina bi urteren ostean bai Ramon Agirrek eta bai Itziar Ituñok uste dute une ona bizitzen ari dela. «Olatua bezala izaten da. Pandemia amaitu zenean kolpe bat egon zen eta duela 2-3 hilabete konpainiak kezkatuak zeuden jende gutxiago bertaratzen zelako antzokietara. Orain azken boladan estreinu mordoa egon dira». Iritzi berdinekoa da Ituño eta beldurrak berriak ez direla azaltzen du. «Beti ibili izan da apur bat arriskuan, baina hor mantendu da. Hasi nintzenetik entzun dut antzerkia hortxe-hortxe dabilela, zenbat kostatzen den publikoa saletara eramatea». Irtenbide modura antzerkira joateko kultura «txikitatik sustatu» behar dela iritzi du. «Euskaraz eginez gero gainera gehiago kostatzen da, gure herriaren errealitatea da». Horretaz gain, dinamika aldaketa ere ikusi du. «Une honetan kezkatuago nago zinemagatik antzerkiagatik baino».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios