Historiako emakume bertsolariak, zazpi ataletan
'Hitzetik Hortzera' saioan, lehen lerrora ekarriko dituzte historiako emakume bertsolariak. Tartean, Aña Etxegarai, Maria Luixa Erdozio eta Marie Hargain Lore Jokoen irabazleak
DV
Donostia
Larunbata, 22 otsaila 2020, 12:37
Asko dira ezezagunak diren historiako emakume bertsolariak. 'Hitzetik Hortzera' saioan, andre horiek lehen lerrora ekarriko dituzte, zazpi ataletan jorratuz gaia. Igande honetan, otsailaren 23an, izango da lehena. Garaiko emakume bertsolariek osatutako bertso bilduma zabala eta erreferentzia historikoak eskainiko dituzte bertan. Bizenta Mogel, Inaxi Etxabe, Joxepa Zubeldia edota Joxepa Antoni Aranberri 'Xenpelar' ekarriko dituzte gogora, besteak beste.
Saioak plaza eskaini nahi die urteetan itzalean egon diren hainbat emakumeren ahotsari. Igandean hasi eta datozen zazpi asteetan, historiako emakume bertsolarien berri emango dute bertsolaritzari buruzko telebista programan.
XIV. mendeko lehen erreferentzia historikoetatik hasi eta XX. mendearen erdira arte, bertsolaritzak egindako bidea berrosatuko dute emakume bertsolarien ahotsa aintzat hartuta. Gainera, zazpi ataletan egingo duten bide hori janzteko, emakume horiek osatutako bertsoak abestuta entzuteko aukera izango da: Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Oihana Iguaran bertsolariak jarri dituzte zeregin horretan, eta Gari Otamendi eta Joxan Goikoetxea musikariek jarri diete doinua bertso aleei. Guztira, bat-batekoak zein jarriak diren 17 bertsoaldi. Bestalde, horietako bertsolari zenbaiten argazkien faltan, Hitzetik Hortzerako lantaldean ari den Txakur Gorria kolektiboa arduratu da ilustrazio bidez horiei irudia jartzeaz.
Lore Jokoetan txapeldun
XIX. mendean indar handia hartzen dute emakume bertsolarien erreferentziek, lehenago ere bakan batzuk egon badauden arren. Mende horren amaieran, garaiko bertsolari txapelketa nagusiak ziren Lore Jokoak irabazi zituzten Aña Etxegarai, Maria Luixa Erdozio eta Marie Hargain bertsolariek; bost aldiz irabazi zituzten, eta 30 urtetik gorako bertso bidea egin zuten plazan. Ez da ezagutzen, ordea, Lore Joko horietako bat-bateko bertsorik.
Bertsoei dagokionez, XIX. eta XX. mende bitartekoa da gaurdaino iritsi den bertso bilduma oparoena: Bizenta Mogel, Inaxi Etxabe, Joxepa Zubeldia, Joxepa Antoni Aranberri 'Xenpelar', Joxepa Inaxi eta Mikaela Elizegi ahizpak, Leoni Etxebarren, Luzia Goñi, Martzelina Lopetegi eta Plazida Otaño dira, besteak beste, bertso horien egileak.
Otsailaren amaieratik hasita, entzun ditzagun itzalean egon diren garaiko emakume bertsolarien ahotsak. Igandeetan, 15:00etan hasita, Hitzetik Hortzeran.