Hernanira helduko da nazioarteko inprobisatzaileen bira

Ezkerretik eskuinera, Tomasita Quiala, Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Aracelo Argüelles, Iruñeko emanaldian./XDZ
Ezkerretik eskuinera, Tomasita Quiala, Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Aracelo Argüelles, Iruñeko emanaldian. / XDZ

Ostegun honetan ariko dira Biteri Kultur Etxean eta, Gasteiz eta Baiona bisitatu ostean, Donostiako Antzoki Zaharrean amaituko da bira datorren igandean, urriak 14

Ostegun honeta, urriak 11, Hernanira helduko da Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira. Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuak elkarlanean sortutako ekimenaren xedea da munduko beste kultura eta hizkuntzetako kantu inprobisatuen ezagutza areagotzen jarraitzea. Bira asteartean abiatu zen Iruñean, eta asteartean Erandio bisitatu ostean, Hernanin izango da ostegunean. Ostiralean Gasteizen izango dira, larunbatean Baionan. Igandean, urriak 14, Donostiakoko saioarekin

Argentinatik etorritako Araceli Argüello payadorea, Kubako Tomasita Quiala repentista eta Julio Soto eta Maialen Lujanbio bertsolariak aritu ziren. Han entzun ziren Araceli Argüelloren milonga gautxoak bere gitarrarekin, saioko lehen ofizioan Maialen Lujanbiorekin, Julio Soto dezimak eginez, eta Tomasita Quiala oin behartuen ariketa egiten

Talde bera ariko da Hernanin ostegun honetan, urriak 11, 19:00etan. Hernaniko Udalak antolatuta, Biteri Kultur etxean elkartuko dira hain zuzen Kubako Tomasita Quiala, Argentinako Araceli Argüello eta Maialen Lujanbio eta Julio Soto bertsolariak. Aurkezle eta gai jartzaile lanetan Iker Iriarte ibiliko da. Gasteizko saioa (urriaren 12an) Beñat Etxepare antzokian izango da 19:00etatik aurrera, eta Baionakoa (urriaren 13a) berriz, 18:00etan, Cité des Arts École Superieure d'Arts-en.

Birako azken saioa, esan bezala, Donostian izango da datorren igandean, urriaren 14an, 19:00etanAntzoki Zaharrean, Donostia Festak eta Donostia Kultura udal erakundeek antolatuta. Tomasita Quiala eta Araceli Argüellorekin batera, Amets Arzallus, Jone Uria eta Julio Soto bertsolariak ariko dira, aurkezle eta gai jartzaile Iker Iriarte dela.

Hemen aurki daiteke sarrerei buruzko informazioa.

Espainierazko inprobisazioa

Kanpoitik etorritako inprobisatzaileei esker, Kanariar Uharteetako eta Kubako 'punto cubano' delakoa eta Argentina, Uruguai, Paraguai, Brasil hegoaldea eta Txileko 'payadoreek' egiten duten 'payada' edo 'paya' ezagutzeko aukera izango dute emanaldietara hurbiltzen direnek.

Aurrenekoaz Juana Tomasa Quiala (Arroyon de Flores, Cuba, 1961) repentista ari da arduratzen. Tomasita Quiala itsua da, eta ustekabean izan zuen aurreneko harremana inprobisazioarekin, itsuentzako ikastetxe berezi batean ikasten ari zela. Egun, Kubako punto cubanoaren adierazlerik garrantzitsuenetakoa da, eta hortik bizi da. Horrez gain, ipuinak, abestiak eta neurri handiko poesiak ere idazten ditu. Berak praktikatzen duen inprobisazio mota, berriz, espainieraz egiten den Kubako kantu inprobisatua da, eta Andaluzia eta Kanariar Uharteetako jatorria izanik ere, afrikar musika elementuak barneratuta, berezko generoa da. Oso bizirik dago Kuban, belaunaldi berriei transmititzeko egitasmoak abian dira eta gero eta emakume gehiago ari da kantuan. Inprobisatzaileak bakarka edo binaka aritzen dira, eta inprobisatzen ari diren heinean, estrofen arteko tarteak musikariek betetzen dituzte. Erabiltzen diren instrumentuak lautea, gitarra espainola, tres kubatarra eta tinplea dira.

Araceli Argüello argentinarra, berriz, 1995eko otsailaren 20an jaio zen Pozo del Moll-en. Etxetik jaso zuen ohitura eta tradizio kreoleenganako zaletasuna eta txikitatik zuen bertso eta landa inguruko milongetan interesa. 2013an, payadore izendatu zuten Marta Suint payadore argentinarrak eta Jose Curbelo payadore uruguaitarrak. Egun, Hizkuntza eta Literatura Lizentziaturako ikaslea da Villa Mariako Unibertsitatean.

Payada espainieraz inprobisatzen da Argentina, Uruguai, Paraguai eta Brasilgo hegoaldean, eta paya esaten zaio Txilen. Bakarka edo lehian inprobisatzen dute payadoreek, gitarraren laguntzaz. Inprobisatzaileak decima, sextilla, octavilla edo kopla neurriak erabil ditzake. Gehienek milonga erritmoa izaten dute orokorrean, nahiz eta beste batzuk ere ohikoak izan. Payadoreen arteko topaketa eta jardunaldiak sarritan antolatzen dira, eta gazteak inprobisaziora hurbiltzeko transmisio bideak ere martxan daude. Kasu honetan ere, emakume inprobisatzaileen kopurua ugaritzen ari da.

Temas

Euskera