Irene Aldasorok, Kepa Altonagak eta Eider Rodriguezek irabazi dituzte emateko falta ziren Euskadi Sariak

Ezkerretik eskuinera, Eider Rodriguez, Karmelo C. Iribarren, Bingen Zupiria, Kepa Altonaga eta Irene Aldasoro./IREKIA
Ezkerretik eskuinera, Eider Rodriguez, Karmelo C. Iribarren, Bingen Zupiria, Kepa Altonaga eta Irene Aldasoro. / IREKIA

'Santa Familia'-gatik irabazi du aurtengo bigarren Euskadi Saria Rodriguezek; Saiakerakoa 'Patagoniara Hazparnen barrena'-gatik Altonagak eta literatura itzulpenekoa Aldasororen 'Gailur Ekaiztsuak'-i eman diote

Bigarren Euskadi Saria esleitu diote hilaren 2an 'Bihotz handiegia' (Susa) narrazio liburuagatik Euskarazko Literaturaren atalekoa irabazi zien Eider Rodriguez idazle errenteriarrari: Euskarazko Haur eta Gazte Literaturakoa, 'Santa Familia' (Ikastolen Elkartea) komikiagatik. Saiakera Euskaraz eta Euskarazko Literatura Itzulpena Kepa Altonagak eta Irene Aldasorok irabazi dituzte hurrenez hurren. Altonagak 'Patagoniara Hazparnen barrena' (Pamiela) lanagatik irabazu du, eta Irene Aldasorok Emily Brontëren 'Wuthering Heights' euskarara ekartzeagatik, 'Gailur Ekaiztsuak' (Erein&Igela) izenburuarekin.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak ezagutzera eman ditu Euskadi Literatura Sarietako azken irabazleak, Bilboko Azkuna Zentroan izandako prentsaurreko batean. Sailburuak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak eman baina zazpi epaimahai espezializatuek erabakitzen dituzten sari hauek bi helburu nagusi dituzte: sortzaileen lana aitortzea eta agerikoagoa egitea. «Sari hauei esker gehiago hitz egiten da gure sortzaileek egindako literaturaz. Gure literatura jomugan jartzen dugu, saridunek egiten dutena eta gainontzekoa», adierazi du Zupiriak. Datorren azaroaren 27an banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldi batean. Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak izango dira; iragan urriaren 1ean lehen hiru irabazleak eman ziren ezagutzera.

Hiru lan bikain

Eider Rodriguezi (Errenteria, 1977) 18.000 euroko saria eta, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada 4.000 euroko laguntza emango dion Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria eman dion lana 'Santa Familia' komikia da, orain urtebete Donostiako Komikigunean aurkeztu zena. Ikastolen Elkartea, Xabiroi ekimenaren bidez, haur eta gazteei zuzendutako komikigintzan egiten ari den ahaleginaren emaitza da eta, epaimahaiaren iritziz, «bertute asko dituen literatur lana» da, «ausarta bezain eraberritzailea, komikiak literaturari eskaini diezaioken maila garaiaren lagin ere». Julen Rivas marrazkilariarekin elkarlanean egindako album honetan « gurasoei egindako kritika, ez da ariketa apurtzaile antzu bat; aitzitik, irakurleari hausnarketarako bide ugari eskaintzen zaizkio, kasurako balizko xede irakurle den nerabearentzat nortasuna eraikitzeko lagungarriak izan daitezkeenak».

Saiakera Euskaraz ataleko Euskadi Saria Pamiela etxeak argitaratutako 'Patagoniara Hazparnen barrena' lanarekin lortu du Kepa Altonagak (Loiu, 1958). Epaimahaiaren iritziz, 'maisulana' da. «Istorio harrigarria bezain zoragarria da liburu honetan Kepa Altonagak irakurleoi eskaintzen diguna. Kutsu milenaristaren aztarnak dituen istorioa kontatzen digu. Euskaldunak Ameriketan Euskal Herri berria sortzeko ibilbidean, Bilbotik Hazparnera eramango gaitu; eta Hazparnetik Argentinako Patagoniara, behin eta berriro, joan eta etorrian. Baina abentura horren inguruan gertatutakoa baino askoz gehiago iradokitzen digu liburu honek. Euskal Herritik kanpora joandakoei presentzia ematen die eta horrela, euskal diasporarako hurbilpena ere bada.

Atzean duen dokumentazio lan itzela agerian da testu osoan baina, idazlearen trebezi bereziari esker, erraz murgilduko da irakurlea istorioan. Istorioa jakin-mina piztu duen eran kontatuta baitago«.

Euskarazko Literatura Itzulpenik onena, berriz, Irene Aldasorok (Idiazabal, 1955) Emily Brönteren 'Gailur Ekaiztsuak' eleberriarekin egin duen lana da. Erein eta Igela argitaletxeek 'Literatura Unibertsala' bildumaren barruan argitaratutako lanen merezimenduak aipatzerakoan, epaimahaiak nabarmendu du «2017an argitaraturiko hainbat euskarazko literatura itzulpenen kalitate onak are gehiago gailentzen duela Irene Aldasororen itzulpen-lanaren bikaintasuna».

«Erlojugile saiatuaren lanarekin» konparatu du Irene Aldasorok Emily Brontëren nobela euskaratzean eginikoa: «XIX. mendeko Yorkshireko paramoetako unibertsoa euskaraz biziarazteko, lortu du egitura konplexuak, esan nahi baita esaldi konplexu eta luzeak, erraz ibiltzea, irakurlea konplexutasunaz ohartu gabe; lortu du irakurleak bereizi ahal izatea pertsonaien hizkuntz erregistro desberdinak (are Joseph morroiaren erregistro dialektala), irakurketa trabatu gabe, hizkera bizi eta sinesgarrian; ez da lorpen makala, XIX. mendeko Ingalaterra viktoriarreko erreferentzia kulturalak euskal irakurlearentzat zehaztasunez ematea, lanean zehar baliabide desberdinak txandakatuz».

Temas

Euskera