10 urte ospatzeko hamaika ekitaldi
Harituz Bertsozale Elkarteak zifra biribila dela-eta egitarau oparoa antolatu du eskualdean zehar urte osorako
Astelehena, 13 otsaila 2023, 16:27
Harituz Bertsozale Elkarteak 10. urteurrena beteko du aurten eta zifra biribila dela-eta egitarau oparoa antolatu dute '10 urte. Hamaika bertso' lelopean. Agerraldian azaldu bezala, « 2013an ez zegoen Tolosaldean eskolarteko bertsolari txapelketan parte hartuko zuen inor» eta, orain, «7 dira eskualdekoak bertakoak, eta beste eskualdez kanpoko beste zenbait bertsolari gazteren kabi ere bihurtu da» Harituz. Ospakizunerako irudia Unai Gaztelumendik sortu du.
Bide horretan, bertso saioak ere mugarri izan dira aurrez bezala. Hala ere, hutsuneak identifikatu ostean bertso-jarrien afaria, Pello Errota sariketa, Fernandoren urteurrena, Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketa, Jun ta Bota bertso-poteo inprobisatuak gehitu zituzten.
Unai Mendizabal kideak adierazi du «ziklo bat bete duela Harituz bertsozale taldeak. Seinalerik onena hauxe: lehen ikasle izan ziren horiek antolakuntzan sartzeko adinean eta antolakuntzan sartuta daudela gaur egun. Badugu zer ospatua, beraz, bide honen parte izan garen guztiok! Bejondeigula!».
Bertsolari zizurkildarrak elkarteak urteotan egindako bidearen oinarriak ere laburbildu zituen: ume eta gaztetxoen bertso-eskolak; bertso-saioak; bilketa, hedapena eta ikerketa; eta lagunarte bertsozalea.
Hauek dira eskualdean zehar Tolosaldeko Bertsozale Elkarteak antolatu dituenak:
-
Martxoa: Gelatik plazara, Amezketan.
-
Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako kanporaketa, Amezketan.
-
Bertso jarrien afaria.
-
Maiatza: Bertso-eskoletako umeen asteburu pasa, Asteasuko Otabardi landetxean.
-
27an Harituz Eguna.
-
Ekaina: 9an Joseba Tapiaren 'Tximela kapitainaren izarrak' emanaldia, Villabonako Aljibean.
-
Irailetik azarora: Pello Errota Sariketa.
-
Azaroan: Harituz Bertso jaialdia.
-
Abenduan: Gure Bertso Zirkua haur eta helduentzat
-
'(H)ari naizela' ren 300. irratsaioa
Harituz taldeak belaunaldi ezberdinetako kideak biltzen ditu, bai egun bertso eskolan ari direnak zein bertatik igaro direnak. Horietako asko egun plazan eta txapelketan ari dira, besteak beste Oihana Iguaran Amasa-Villabonako bertsolaria. Txapelketa Nagusian aritu dira kantuan ere Unai Mendizabal, Beñat Iguaran (Finalaurreko bigarren itzulira) edo Mikel Artola. Eta 2022an gai-jartzaile modura aritu da Imanol Artola.