Haira Aizpuruak irabazi du 35. Euskal Herriko Eskolartekoa
Azken buruz burukoan Eki Mateorena nafarrari nagusitu zitzaion lapurtarra Iurretanegin zen saioan 180 lagunen aurrean
DV
Larunbata, 3 ekaina 2023, 17:18
Haira Aizpuruak lortu zuen atzo Iurretako saioan 2023ko Euskal Herriko Eskolarteko txapela. Azken buruz burukoan Eki Mateorenari nagusitu ostean bigarrenez jantzi zuen txapela, 2021ean ere jantzi baitzuen. Anttonmari Aldekoa-Otalorak jantzi zion txapela txapeldunari; txapeldunordeari, aldiz, Bertsozale Elkarteko lehendakari taldeko Xabi Igoak.
180 lagun ingururen aurrean izan zen atzoko saioa eta Aizpuruarekin batera izan ziren lurraldeetako ordezkariak: Maddi Agirre eta Sabin Abarrategi (Araba), Haizea Telleria eta Ixone Asategi (Bizkaia), June Aiestaran eta Danel Etxeberria (Gipuzkoa), Kattin Madariaga eta Eki Mateorena (Nafarroa) eta Ibai Lekuona ere Lapurditik. Igor Meñika aritu zen aurkezle lanetan eta Beñat Vidal gai-jartzaile. Bertsolarien jarduna puntuatzen aritu ziren Beñat Romero, Aitor Jimenez, Nerea Bruño, Lur Renteria eta Oihana Aranguren epaileak.
Hasierako agurren ostean, lehen atalean zortziko handian eta zortziko txikian aritu ziren bertsolari guztiak, binaka. Horietatik, sei sailkatu ziren bigarren zatira: Danel Etxeberria, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, June Aiestaran, Kattin Madariaga eta Maddi Agirre. Puntu bati erantzun eta bakarka gaiari bertso bat kantatu behar izan zioten sei horiek.
Urte hasieran abiatu zen 35. Eskolartekoa, eta ekainera bitarte lurraldeetan egin du bidea; denera, ia ehun bertsolari gaztek hartu dute parte lurraldeetako Eskolartekoetan. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa, eta aurten Iurretako Udalaren laguntza ere izan du egitasmoak.