Gure Zirkuaz gozatzeko aukera berriak
Irailaren 13an amaituko du Orioko egonaldia, baina Iker Galartzak dio «udalen bat ausartzen bada» jarraitzeko prest daudela
Hain da handia Iker Galartzak, Gure Zirkuko gainerako artistek eta ekimen horren inguruan indarrak biltzen dituzten lagunek zirkuari eusteko duten grina, non pandemiari ere egin dioten aurre, berriro luzatuz Orioko egonaldia.
Osasun larrialdiaren eraginez ezarritako neurriek ezinezkoa egiten zutenez aurreko denboraldietako karpa txikiarekin herriz herri ibiltzea, ur handitan murgildu eta handiago bat alokatu zuten Portugalen. Orioko udalak lagatako eremu eder batean paratu zuten, aurreneko funtzioa uztailaren 17an eskainiz. Zortzi emateko asmoa zeukaten, baina sarrerak segituan desagertu zirela ikusirik beste hamabost eskaintzera animatu ziren; gero beste hamar... Eta hamar gehiago orain, irailaren 13ra arte geldituko baitira Orion, non guztira 43 emanaldi eskainiko dituzten, hasiera batean aurreikusitakoen halako bost.
Emanaldiak gehitzen eta egonaldia luzatzen joatea ez da publikoa airean edukitzeko trikimailua, zuhurtziaz jokatzea baino. Honela azaldu du zergatia Iker Galartzak: «Hasi ginenean ezer ez zenez segurua, ez genekienez zer gertatuko zen, badaezpada poliki joatea erabaki genuen, zatika. Imajinatu zer izango zen denboraldi luzeagoa iragartzea, sarrerak saltzea eta gero gauzek okerrera egin edo zerbait gertatu eta itxi behar izatea».
Koronabirusaren hedapenari dagokionez, nabarmen egin dute gauzek okerrera Gure Zirkuak estreinako funtzioak eskaini zituenetik. Ez zaie ordea ezer txarrik gertatu. Aitzitik, gertatu zaien dena ona izan da. Orain arte izan dituzten 10.000 ikusleak dira frogarik argiena. Galartzak onartzen du «beldurrez eta kezkatuta» hasi zirela uztailean, «baina kontu handiz jokatu dugu guztiok eta ez da inolako arazorik izan. Zirkuak erakutsi du gainerako kultur jardueren pare dagoela, eta hori oso garrantzitsua da guretzat».
«Oraintxe dago onenean»
Sarrera eta irteeren kontrola, distantziak, desinfekzioa, maskarak... Zorrotzak izan dira arauak betetzeko orduan, eta jendeak asko lagundu die. «Lasai etorri da, pazientzia handia izan du... Ikaragarria izan da jendearen jarrera».
Aurreko denboraldietan, Euskal Herrian barrena ibili izan da Gure Zirkua, eta martxa horretara itzultzea da zirkukide guztien ametsa. Aurten, baina, alderantzizkoa izan da bidaia, eta Euskal Herri osoko ikusleak etorri dira zirkura. «Horrekin ere oso gustura gaude, Orioko herriari zerbait itzuli diogulako. Beste lurralde batzuetatik etorritako familia askok aprobetxatu dute kanpinean bizpahiru egun pasatzeko, herriko taberna eta jatetxeetan bazkaldu eta afaltzeko...», nabarmendu du Galartzak, ziurtatuz Orioko egonaldia irailaren 13an amaituko dela. Luzapenik gabe.
Gure Zirkuaren denboraldia akaso ez... «Ikuskizuna eta artistak oraintxe daude onenean, eta udalen bat ausartzen bada, gu prest gaude jarraitzeko. Ulertzen ditugu kezkak, baina frogatu da egin daitekeela, jarduera segurua dela». Ez dute askorik behar: «40 metroko diametroa duen eremua, ura eta argindarra».