Gotzon Barandiaran eta Edu Zelaieta, Poesia Orduak-en protagonista
Errezitalak irailaren 2an eta 3an izango dira Victoria Eugenia Cluben
Edu Zelaieta eta Mugaldekoak eta Gotzon Barandiaran izango dira 2024ko Poesia Orduak egitasmoko protagonistak. Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak irailero antolatu ohi dituzten errezitaldien baitan 'Presbiziak lagundu omen digu' eta 'Galbahea. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko' irakurtaldiak egingo dituzte hilaren 2an eta 3an hurrenez hurren, biak Victoria Eugenia Cluben, iluntzeko 19:00etan. Gonbidapenak saio bakoitzaren egunean bertan goizeko 11:30etik aurrera eskuragai egongo dira webgune honetan eta Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.
'Presbiziak lagundu omen digu' saioan Mugaldekoak taldeak literatura eta musika uztartuko dute. Horretarako, Edu Zelaietak (taldeko kidea bera ere bai) aurten Pamielan argitaratutako liburua hartuko dute oinarri.
'Galbahea. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko' emanaldia, aldiz, Gotzon Barandiaranen hirugarren poema liburutik abiatzen da. Galbahea liburua aurten argitaratu da, kasu honetan Susa argitaletxearen ekimenez. Poemak musikatu dituzte eta oholtzan idazlea bera eta hainbat musikari ezagun arituko dira: Lander Bilbao, Mariana Blanco, Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra eta Uxue Garcia.
Poesia orduak Euskal Jaiak programan txertatzen da (aurten abuztuaren 28tik irailaren 8ra dira egitekoak). Tradizio handia dute jai hauek Euskal Herrian, hainbat lekutan ospatu izan dira eta Donostiaren kasuan gainera jarraipena izan dute. Hor ditugu estropadak, Sagardo Eguna, euskal dantzak, herri-kirolak, etab. Euskal kulturak ere bere espazioa izan du Euskal Jaietan, eta Poesia Ordua saioek leku hori betetzen dute.