Borrar
Jon Garmendia 'Txuria' eta Xabi Solano, 'Bidasoatik harago' ikuskizunaren irudi promozionalean. GAIZKA PEÑAFIEL
Jon Garmendia 'Txuria' / Bidasoatik harago

«Gorputzak beste zerbait eskatzen zigun, erregistro intimoago bat»

Etzakit eta Esne Beltzan 30 urtez elkarrekin lan egin ondoren, 'Bidasoatik harago' ikuskizun «xumea» estreinatuko dute Xabi Solano eta Jon Garmendiak

Itziar Altuna

Donostia

Igandea, 19 urria 2025, 02:00

Comenta

Xabi Solanok eta Jon Garmendiak ('Txuria') beren musika eta hitzak elkartuko dituzte 'Bidasoatik harago' ikuskizunean. Emanaldi «xume» eta «intimo» bat izango da, ipuinak, poemak, idatzi laburrak, gitarra, trikitia eta ahotsa osagai nagusi izango dituenak, antzokietan «gure mundua» erakusteko, dio Jon Garmendiak. Urriak 30ean eskainiko dute lehenengo emanaldia Hernanin, eta abendura arte beste sei eszenatokitan izango dira biran.

Bi euskal sortzaile hauek ibilbide luzea egin dute elkarrekin 30 urtez. Etzakit musika taldean hasi zen bien elkarlana eta Esne Beltza izan da beren azken proiektua. Xabi Solano oholtza gainean eskarmentu handia duen artista izanik, Jon Garmendia «atzean» ibili da, abesti guztien hitzak idazten. Aspalditik zuten biek elkarrekin horrelako proiektu bat ekiteko nahia, eta honela, 'Bidasoatik harago' abestia oinarri hartuta Euskal Herrian eta «urrunago ere» bidaia egitera gonbidatuko dituzte ikusleak azken hiru hamarkadetan idatzi dituzten kanta eta testuen bidez. «Nik poemak eta ipuinak errezitatuko ditut gauzak testuinguruan jartzeko eta Xabik trikitiarekin edo gitarrarekin nik kontatzen dudanari soinu-banda jarriko dio», azaltzen du Garmendiak.

Azken hiru hamarkadetan idatzi dituzten kanta eta testuen bidez Euskal Herriko historia errepasatuko dute

'Bidasoatik harago / Euskal Herri bat ere badago / Bihurtzen ari zaiguna / Geroz eta arrotzago / Mugak sortu zizkiguten / Gu sortu baino lehenago / Ta muga horiek haustea / Gure eskuetan dago'. Hori dio abestiaren lehen estrofak, eta ikuskizunean ardatz hartuko dituzte hizkuntza, kultura, distantzia, maitasuna, mitologia, eta musika, Euskal Herriaren historia eta «beste gauza desberdin» asko kontatu eta kantatzeko, «gure herriaren berri emateko», betiere «alaitasunez», eta «momentu goxoa pasatzeko» helburuarekin, «zentzuak piztuz eta euskaraz eta euskaratik, emozioetan eragin nahi dugu, zerbait transmititu, musikarekin jolasean».

Momentuz zazpi emanaldi eskainiko dituzte, baina aterik ez diote itxiko gehiago eskaintzeko aukerari. Bira labur hau «leku txikietara» bideratu dute, «udazkenak eskatzen duelako barne giro edo etxe giro bat». Hernaniko lehen saioaren ostean –sarrerak agortuta daude– iritsiko dira hurrengoak Getxon (azaroaren 7an), Idiazabalen (azaroak 14an), Bilboko Arriaga antzokian (azaroaren 18an), Atharratzen (azaroaren 22an), Gasteizen (azaroak 30ean) eta Orion (abenduak 22ean).

Kontzertu desberdina

'Bidasoatik harago' ikuskizuna modu «intimoago» honetan aurkeztea arrotz egingo zaie bi protagonistei. «Orain arte egin dugunaren zeharo desberdina izango da», aitortzen du Txuriak. Etzakit eta Esne Beltzarekin eskaini zituzten kontzertuak jende askoren aurren egin zituzten eta hortik dator zerbait «xumeagoa» egiteko gogoa, «horrelako gauza txiki gutxi egin ditugu Xabi eta biok, eta gorputzak beste zerbait eskatzen zigun, beste erregistro bat». Gainera, kontzertu «desberdin» bat izango dela aurreratzen du, «entzun, hitzak jarraitu behar dira, esaten denak badu lotura bat... Baina alde hortatik ere ilusioz eta pozik gaude, asko motibatzen gaitu eta hortara jarri gara». Emanaldia ikustera joango den publikoa ere desberdina izango dela uste du Jon Garmendiak, «normalean gazteak izan ditugu gure kontzertuetan, baina ikuskizun hau edozein adinetako publikoarentzat da; guk helduago bat espero dugu... baina ezin dizut esan zer den etorriko dena».

«Zentzuak piztuz eta euskaraz eta euskaratik, emanaldi xume honen bidez emozioetan eragin nahi dugu»

Antzoki txikietan jotzeak «errespetu handia» ematen die biei, eta Garmendiaren kasuan, «urduritasuna» nabarituko zaiola argi dauka. «Xabierrek hainbeste eszenatoki egin ditu, hainbeste plazatan egon da... berak esperientzia sobran du eta niri justu hori da falta zaidana, baina ilusio handiarekin hartu dut proiektua», eta ezagutzen ez duenak «sorpresa» bat hartuko duela uste du, «hori espero dut... nahi nuke, behintzat, jendeari iristea. Horretarako prestatu naiz eta horretarako prestatu ditut testuak».

Aldarrikapen puntu bat ere badu emanaldia eszenatoki txikietan aurkezteak, «kultura sortzaile asko daude Euskal Herrian honelako emanaldiak sortzeko gai direnak baina oso zaila zaie antzoki edo leku handietara sartzea», dio Jon Garmendiak. «Hor ardura bat sentitzen dugu, izan ere errazago programatzen dira kanpotik edo atzerritik datozen hainbat ikuskizun, eta bertakoak ez dira nahi adina bultzatzen. Guk ekarpen edo saiaketa egin nahi genuen, Euskal Herrian badaudela idazleak eta musikariak, baina ez direla ezagunak ez zaielako aukera ematen ezagunak izateko».

Etzakiten itzulera kontzertuak, hurrengo erronkak

'Bidasoatik harago' ikuskizunaren emanaldiak amaitu ahala hurrengo proiektuari ekingo diote buru-belarri Solano eta Garmendiak. Uda amaieran Etzakit taldeak itzulera kontzertua iragarri zuen urtarrilaren 5erako, Oialume biltokian. Ordu gutxiren buruan agortu ziren sarrera guztiak, eta beste bi data konfirmatu zituzten, urtarrilak 2an eta 3an, leku berean, hain zuzen duela 30 urte taldeak bere lehenengo agerraldia egin zuen lekuan eta 2003an azken kontzertua eskaini zuenean. «Oso pozgarria da Ander, Joan Mari, Aitor eta Xabi berriro eszenatokian elkartzea», dio Jon Garmendiak. Berak «atzeko aldetik» parte hartu du taldean, baina urtarrileko agerraldietan «agian parte hartuko dut...», aitortzen du.

Duela 22 urte agurtu zituen oholtzak Etzakitek, baina ordutik «jendeak, kontzertuak ikusi gabe, taldea jarraitu duela ikusteak ilusio handia egiten du», azaltzen du Txuriak. «Agian CD edo disko batean, edo irratian jarritako abesti bat entzuten deskubritu dute». Urtarrilean eskainiko dituzten hiru kontzertuek sortutako ikusmina pozez bizi du Garmendiak, are gehiago «duela urte asko idatzi nituen gauza horiei musikak bizitza ematen jarraitzen dielako». Zortzi urteko ibilbide hartan Etzakitek bi disko gogoangarri kaleratu zituen, 'Etzakit' (Elkar, 1998) eta 'Goiz edo noiz?' (Elkar, 2000), hainbat kantu handi utziz.

Taldeak ez dizkio ateak ixten kontzertu gehiago eskaintzeari, «baina Oilamun ez», aurreratzen du Txuriak. Ezta 'Bidasoatik harago' emanaldi gehiagori. «Ikusiko dugu ea udaberrian loratzen dugun berriro...».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Gorputzak beste zerbait eskatzen zigun, erregistro intimoago bat»

«Gorputzak beste zerbait eskatzen zigun, erregistro intimoago bat»