Borrar
Jon Aizpurua, Aitor Atxega, Imanol Kamio, Unai Muñoa, Asier Sota eta Ander Lizarralde. MORQUECHO

Gizontasunaz eta harremanez ariko dira Buhameak, bertsotan eta kantuz, 'Erik eta Win'-en

Ikuskizun berria dakarte Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek, Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariekin batera eta Asier Sotaren zuzendaritzapean

Osteguna, 30 urtarrila 2020, 06:49

Comenta

Elkarrekin sortutako lehen ikuskizunean, 2013ko otsailean Andoaingo Basteron estreinatu zuten 'Ez gara Palestinaz ari!' izenburukoan, esperientzia eta bizipen intimoak eta «gai potoloak» partekatu zituzten publikoarekin, «prozesu terapeutiko» gisa, Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek. Ikusleek biluzte-ariketa hari egin zioten harrerak uxatu egin zituen aurretik zituzten beldurrak, eta 2017. urtera arte ibili zen hara eta ona ikuskizunarekin Muñoa eta Lizarralde, Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariekin batera.

Lau horiek osatzen dute alegia Buhameak taldea, eta 'Erik eta Win' ikuskizuna estreinatuko dute otsailaren 7an, ostiralarekin, Donostiako Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan, Asier Sota zuzendari dutela. Aurrenekoan bezala, ispilu bat jarri nahi diote aurrean ikusleari. Lehenengo ikuskizunean nork bere buruari erreparatu zion batik bat, eta beste horrenbeste egitera gonbidatu zituzten ikusleak.

IKUSKIZUNA

  • Noiz Otsailak 7, 20:00etan.

  • Non Imanol Larzabal aretoa, Lugaritz Kultur Etxea, Donostia.

  • Sarrerak 7 euro.

Ikuskizun berrian beste urrats bat egin dute eta, norbanakotik harago, bien arteko harremana izan dute aztergai eta hizpide. Aurrenekoa bezala, «esperientzien kontakizuna» da 'Erik eta Win', baina oraingo honetan «elkarren arteko harremana haritzat hartu eta harreman intimo horietan arakatzen» dute.

«Batera biluzten gara», laburbildu zuen Ander Lizarraldek atzo Donostia Kulturaren eskutik egin zuten aurkezpenean. Harreman oso-oso estu baten muinaren azterketa da, finean, 'Erik eta Win'.

Ikuskizunari izena ematen dioten bi pertsonaiak etxe berean bizitzera behartuta daude, eta elkarrekin daramaten denbora luzean eboluzionatzen joan da bien arteko harremana. Ander Lizarralde oiartzuarraren eta Unai Muñoa lasartearraren artekoa ere bai, eta horri buruz jardungo dira ikuskizunean, alde gatazkatsuei uko egin gabe, «alfronbren azpian ezkutatzen direnak» ere erakutsiz.

Bertsoak, antzerkia eta beste

Elkarrengandik oso gertu egonda ere, pertsonaiek ezaugarri propio sendoak dituzte. «Bi gizonezko-profil desberdin dira, nahiko estereotipatuak biak, eta horrek emakumeekin dituzten harremanak ere baldintzatzen ditu. Bata da bigunagoa, sentiberagoa, eta bestea gogorragoa, zakarragoa, baina antzekoak dituzte minak eta beldurrak», argitu zuen Lizarraldek. Gizontasunaren inguruko gogoeta ez da modu esplizituan planteatzen, eredurik ere ez da proposatzen, baina bistakoa da gaiarekiko kezka. Bistakoa da halaber ur sakonetan sartu direla, baina «umorea da osagai nagusia, eta bertaratzen diren ikus-entzuleek denbora tarte eder bat pasatuko dute».

Ordubete inguruko iraupena duen ikuskizunaren oinarria bi bertsolariek eta bi musikariek osatzen duten laukotea bada ere, bosgarren kide bat du oraingoan taldeak: «nahasmena ordenatzeko» bildu zaien Asier Sota zuzendaria, egin duen lana esentzia desberdinak nahasten dituen lurrungilearenarekin alderatu zuena.

Agintzen duen esentzia, 'Erik eta Win' perfumearen osagai nagusia, bertsoa da. Hiru bertso-sorta ditu ikuskizunak, musikaz lagunduak denak. Ez dira bat-batekoak, «milimetrora kalkulatuta» baitago inprobisazioarentzako tarterik uzten ez duen testua. Musikari dagokionez, bertso doinuak erabiltzen dituzte batik bat - «inoiz erabili ez diren doinu berriak» ere sortu dituzte-, baina buleria bat edo son kubatar bat ere abestuko dituzte. Muñoa eta Lizarralde ez dira kantariak; hala ere, asko zaindu dute alde hori. Aktoreak ere ez dira, baina zuzendariaren arabera oso ondo moldatzen dira egiteko horretan. Buhameak.eus-en ikus daitezke haien abilidade denak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Gizontasunaz eta harremanez ariko dira Buhameak, bertsotan eta kantuz, 'Erik eta Win'-en

Gizontasunaz eta harremanez ariko dira Buhameak, bertsotan eta kantuz, 'Erik eta Win'-en