Getaria, Usurbil eta Antzuola, Antton Telleriaren 'Ninini' emanaldiaren hurrengo zitak
Horretaz gain, aurrez 'Nekatutak' bakarrizketarekin egin bezala zita bikoitza iragarri du martxorako Victoria Eugenian
J. Agirre
Osteguna, 27 azaroa 2025, 12:48
Antton Telleria (Tolosa, 1993) aurkezle eta umoregilea Beasainen izango da datorren abenduaren 13an 'Ninini' bakarrizketarekin. Udazkenean estreinatuta, herriz herri eraman du umorea tolosarrak, egoera inkomodoak ederki baliatuta algarak sortzeko. Tartean «nazioarteko bira» eta guzti, Madril eta Bartzelonan izan baita. Emanaldia Usurbe antzokian izango da 20:30ean eta azken sarrerak oraindik eskura daitezke 6 euroko prezioan.
Bigarren ikuskizun honek lehenarekin «zerikusi gutxi» duela aurreratu zuen zabalpenean. «Ikuskizun hau desberdina da. Konkretuki, okerragoa. Ninini egolatriari eginiko oda bat da». Gaien artean egongo omen dira bere buruarekin duen harremana, bere izena, bikotekidea, komikoa izatea eta bertsolaria ez izatea. «NININI egolatriari eginiko oda bat da, Anttonek bere buruaz hitz egingo baitu etengabe, baina baita zintzotasun ariketa bat ere: Ikuskizun honetan Antton biluztu egingo da. Metaforfikoki eta metaforikoki soilik, denon hobe beharrez».
Bira amaiera, Donostian
Emanaldi berria aurkeztu zuenetik, bide oparia egin du Telleriak. Usurbilekoa, noski, ez da esku artean duen data bakarra. Bezperan Getarian izango da Iturzaeta Aretoan, baina ordurako ez dago jada sarrerarik, eta abenduaren 20an Torresoroa Aretoan (Antzuola). Honetarako sarrerak 8 euroan lor daitezke.
Eta amaiera biribila emateko asmoz, 'Nekatutak' bakarrizketarekin bezala saio bikoitza iragarri du. Lehenarekin bezala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango da, 18:00etan eta 21:00etan eta aurreratu duenez hau ere grabatzeko asmoa du.
'Nekatutak' YouTuben eskegi zuen segituan eta Filminen egon zen aro hura kenduta -umoretik joz «bahituta» egon zela ere esan zuen-, ikustaldiak pilatzen joan da. Ziur 'Ninini' eskegitzerakoan antzerako joango dela.
2021eko apirilean eskaini zuen Telleriak 'Nekatutak' bakarrizketako lehen emanaldia. Ordutik ia bi urtez 55 emanaldi baino gehiago eskaini zituen eta guztietan zuzentasunaren mugak sarri-sarri esploratu ditu eta gutxi izan dira jorratu gabe utzitako gaiak: psikologoak, ETA, Ertzaintza... eta ziurrenik polemika gehien piztu dutenak: irakasleak eta Eibar.