Gabiriako bertsolaritza ikertuko dute Pello Errota bekari esker
Kilometroek eta Mintzolak deitzen duten bekaren bigarren deialdiaren xedea Goierriko ahozko ondarea ikertzea zen
Larunbata, 17 uztaila 2021, 13:10
Kilometroek eta Mintzola Ahozko laborategiak elkarrekin deitutako lehen Pello Mari Otaño beka irabazi zuen 'Aitzondoren zirtola' lana aurkeztearekin batera, bigarren edizioaren irabazleen berri eman berri dute antolatzaileek, aurreratuz 'Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian' lanari esleitu zaiola. Proiektuaren inguruko xehetasunak urriaren 1ean emango dituzte, Ordizian antolatuko den aurkezpen eta bertso saioan.
Bigarren deialdi honetan, Kilometroak jaia antolatzeaz arduratuko diren Goierriko ikastolen – Beasaingo Andramendi, Ordiziako Jakintza eta Lazkaoko San Benito - eta Gerriko Kultur Elkartearen laguntza izan dute. Ikerketa eremua ere eskualde honetara mugitu da, eta Goierriko ahozko ondarea ikertzea izan da deialdiaren helburua.
Ekainaren 30ean proposamenak aurkezteko epea amaituta, epaimahaiak ebatzi du 'Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian' proiektuak jasoko duela laguntza. Ikerketa egiten, orotara, hamar bat lagun ariko diren arren, Eresti Oiarbide eta Maialen Akizu dira proiektuaren egileak.
«Ikerketa gauzatutakoan hurrengo belaunaldientzako edukiko duen balioa» ez ezik, garapen maila eta bideragarritasuna ere azpimarratu dituzte esleipenaren berri ematean. «Bertsolariez gain, kontuan hartuko dira bertsoaren eta bertsolarien inguruko eta belaunaldi desberdinetako eragileak: bertsozaleak, gai-jartzaileak, antolatzaileak… Datu-basearen azterketa egitea guztiz interesgarria izango da, eta, modu horretan, herriko bertsolaritzaren historia txukun jasoa geratuko da», azaldu zuen Nekane Artolak epaimahaiaren ebazpenaren berri ematean.
2022ko uztailaren 15erako lana bukatuta izan beharko duten ikertzaileen esanetan, Gabirian bertsoarekiko afizioak izan duen lekua belaunaldiz belaunaldi transmititu da, beste oso leku gutxitan bezala. Horregatik ikertu nahi dute Gabiriako bertsolaritza, bertsolaritzak Gabirian duen lekua eta Gabiriak bertsolaritzan duen pisua. Bertsolaritza eta Gabiria lotzen dituen anekdota, bertso, argazki edota antzerakoren bat izanez gero, haiei helaraztea nahi dute, gabiribertso@gmail.com helbidera idatzita.