Frantziako eta Turkiako dantza taldeen parte-hartzearekin ospatu da Bermeoko XXXVII. Nazioarteko Folklore Jaialdia
1986tik antolatzen du ekimen hau herriko Alkartasuna Dantza Taldeak, beste herrialde batzuetako folklorea ezagutu eta ezagutarazteko xedez
X. Ibarbia
Donostia
Igandea, 10 abuztua 2025, 18:34
Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak antolatzen duen Nazioarteko Folklore Jaialdiak 37. edizioa bete du aurten eta, ohikoa den giro bikainean ospatu da, oraingo honetan Frantziako eta Turkiako dantza taldeen parte-hartzearekin. Bermeoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta enpresa batzuen laguntzarekin antolatzen den jaialdi hau kalean eskaini dute aurten antolatzaileek eta eguraldiaren laguntza ere izan dute emanaldia biribiltzeko.
1986tik antolatzen du jaialdi hau Alkartasuna Dantza Taldeak, euskal folkloreaz gain beste herrialde batzuetako folklorea ezagutu eta ezagutarazteko xedez, antolatzaileen hitzetan, baita Bermeoko ohiturak kanpoko jendeari hurbiltzeko ere. Horrez gain, folklore jaialdiaren bidez, Alkartasuna Dantza Taldeko kideek beste herrialde batzuetako dantza taldekoekin egoteko aukera izaten dutela diote, modu horretara, elkarrenganako ezagutzak bultzatuta.
Berria eta beteranoa
Bermeoko dantzariez gain, Turkiatik, Club Zeybek Yaren taldeak hartu du parte. 2018ko irailaren 15ean sortu zen Istanbulen, Murat Emrah Yamanli Turkiako Dantza Folklorikoko Federazioko Epaile Nazionalaren eskutik, eskualde ezberdinetako zeybek dantza tradizionalak bertako moduan interpretatu, irakatsi eta bizirik mantentzeko helburuarekin.
Frantziatik, aldiz, Grupo Folkloriko Aunis & Saintonge Saintes etorri da. 1931n sortutako taldea da, eta Charente eskualdeko nekazarien eta nekazarien seme-alaben eguneroko eta jai-egunetako 1830eko hamarkadako jantzi tradizionalak erakusten ditu.
Bermeoko Nazioarteko Folklore Jaialdiak aukera paregabea eskaintzen du bertoko zein atzerriko dantzak ezagutzeko, eta antolatzaileak ari dira dagoeneko hurrengo edizioan pentsatzen.