Finalaurrekoetarako laugarren txartela Haritz Mujikarentzat
Datorren aste bukaeran txapelketako lehen fasearen azken bi saioak izango dira: larunbatean Donostian eta igandean Lizarran
el diario vasco
Domingo, 2 de octubre 2022
Haritz Mujika gailendu da igande honjetan Gasteizeko saioan eta final aurrekoetarako laugarren txartela erdietsi du. Larunbateko saioan baino puntuazioa baxuagoa izan zen orokorrean, baina horrek ez du esan nahi oholtzan kantuan 650 lagunen aurrean aritu ziren sei bertsolariek asmatu ez duenik.
Europa Jauregian lanak Oier Azkarragak planteatutako gaiei erantzunda osatu ostean Mujikak 695,5 puntu lortu ditu eta hurrenez hurren geratu dira Miren Artetxe 670 punturekin, Iban Urdangarin 660,5 punturekin, Xabat Galletebeitia 655,5 punturekin, Amaia Iturriotz 648 punturekin eta Manex Agirre 573,5 punturekin. Hala, Bertsolaritza Txapelketa Nagusian egindako lehen parte hartzean Donibane Garaziko (Behe Nafarroa) final aurrerako txartela lortu du. Bertan arituko da Amets Arzallusekin eta lehen faseko puntuen arabera txartela lortu duten beste lau sailkatuekin batera.
Orain arte Txapelketa Nagusian izandako hiru saioetan final-aurrekoetarako txartelak lortutako beste hiru bertsolariak Alaia Martin (738 puntu), Nerea Ibarzabal (738 puntu) eta Joanes Illarregi (678 puntu) dira.
Urriak 8, Donostian
Datorren astean beste bi saio izango dira, larunbatean Donostian eta igandean Lizarran. Final-laurdenak izango dira eta urriak 8koa Txapelketa Nagusiko bertsolariak Gipuzkoan entzuteko lehen aukera izango da. Victoria Eugenia aretoan Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Iguaran, Eñaut Martikorena, Jone Uria, Maddalen Arzalluz eta Onintza Enbeita arituko dira kantuan Leire Garatxenak jarritako gaiei erantzunda. Egin beharreko lanak honakoak izango dira: Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian eta ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Saio hauetarako eta hurrengoetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai eta, larunbaterako denak ez badira saldu, egunean bertan, 15:00etan zabalduko da Victoria Eugeniako txarteldegia.