Borrar
Ateak ireki bezain pronto Landako Gunea jendez bete zen, nobedadeak ikusteko irrikaz eta idazleekin eta musikariekin hitz egiteko Félix Morquecho
Durangoko Azoka

Euskal kulturaren jaialdi handia abian da

Ikasleek hartu dute Azoka lehenengo egunean eta larunbatean gazteen txanda izango da, eskaintza berriak bildu dituen 60. edizioan

Itziar Altuna

San Sebastián

Ostirala, 5 abendua 2025, 20:43

Comenta

Azken sei hamarkadetan izan duen ibilbidea ahaztu gabe, baina etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest, Durangoko Azokak gogotsu ekin dio ostiral honetan aurtengo edizioari. Ateak ireki eta minutu gutxira gazteek hartu zuten Landako Gunea. Azken urteetan ikasleei zuzendutako programa zabala diseinatzen du Azokak lehenengo egunerako. Larunbateko egitarauak ere, gazteentzako ekintza ugari hartuko ditu, egun osoko plana egin ahal izan dezaten. Publiko berriak erakartzearenak Azokaren helburuetako bat izaten jarraitzen du.

Euskal Herri osoko 87 ikastetxetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek ez dute aukera galdu idazle nahiz musikariekin hitz egiteko. Iñigo Etxezarreta ETS taldeko abeslaria Janus Lester edo Süne izan dira, besteak beste, jende ilara handienak erakarri dituztenak. Diskoak sinatzen eta zaletuak agurtzen pasa dute eguna, eta larunbatean, igandean eta astelehenean ere bertan izango dira. «Abestietan jartzen dugun maitasuna hemen bueltan jasotzen dugu, eta sortze-prozesu horren zirkulua hemen ixten dela sentitzen dugu», zioen ETSko abeslariak.

Landako Guneko 285 erakusmahaiak ikuskatzeaz gain, gaztetxoek beraientzako espresuki diseinatutako tailerretan parte hartu dute. Azokako gune desberdinetan zianotipia, komiki, bideopodcast, antzerki, marrazki edo idazkera tailerrak burutu dira, baita dokumentalak nola sortzen diren ikasi. Eñaut Aiartzaguena marrazkilariak komiki bat nola egiten den azaldu die Zabalarra eskolako ikasleei. «Komiki baten atzean lan handia dagoela azaldu diet, eta hori praktikan jartzen saiatzen ari naiz». Horretarako, haurrek lehenengo «irudimena askatzeko» ariketa bat egin dute, «zirriborro antzeko bat», eta hori oinarri hartuta pertsonaia bat marraztu dute. Ondoren, komikia sortzeari ekin zioten. «Komikiak arin irakurtzen ditugu baina sortzeak lan handia suposatzen du».

Euskarazko eduki digitalak

Euskarazko eduki digitalari buruzko solasaldiak ere burutu dira goizean. «Sare sozialetan eta plataformetan euskarazko edukiak badirela azaltzen ari gara gazteei, izan ere askok ez dakite existitzen direnik ere», zioten Xumar Altzugarai eta Alex Aginagalde Pantailak euskaraz ekimeneko kideek. «Egia da internet den itsaso erraldoi horretan zaila dela euskarazko edukiak aurkitzea, horregatik baliabide batzuk eman nahi dizkiegu».

Edukiak euskaraz sortzearena «beste erronka bat da», zioten, baina hemen ere aurrerapausoak ematen ari direla azaldu diete goiz osoan zehar eskaini dituzten hiru solasaldietara hurbildu diren ia 600 gazteei. «Azken urteetan tendentzia aldatzen ari dela uste dugu baina oraindik lan asko dago egiteko. Euskarazko edukiak sortzen dituzten egileek euskaraz egiteagatik komunitate oso baten babesa nabaritzen dutela diote, izan ere gaztelaniaz egiterakoan itsaso erraldoi horretan tanta bat besterik ez dira. Mezu hau gazteengana iristea nahi genuke, eta hor gure alea jartzen ari gara. Euskarak ere pantailetan bere bidea egin behar duela aldarrikatu nahi dugu».

Bere 60 urtetako ibilbidean Azoka euskal kulturaren berritasunei egokitzen joan da eta arte adierazpen berriei lekua zabaltzen. Arte eszenikoei, musikari edo ikus-entzunezkoei eskaintzen zaizkien guneei aurtengo edizioan podcasten eta ilustrazioaren alorrekoak batu zaizkie. Honela, Arte Ederren plaza berrian ilustrazioari lotutako erakusketak eta ekitaldiak antolatuko dira. Ostiral honetan hainbat irudigilek beren lanak jendaurrean aurkeztu dituzte eta iazko sormen beka irabazi zuen Irati Bazetaren 'Harien isla' proiektua aurkeztu da. Margogintzan oinarritutako lan honetan dozena bat pieza sortu ditu eta Durangoko Museoan ikusgai egongo dira urtarrilaren 7ra arte.

Inoiz baino kultur nobedade gehiago aurkeztuko dituen Durangoko Azokak bigarren jardunaldia izango du larunbatean, jendetsua izatea aurreikusten dena, hiru jaiegunetan lehenengoa izango baita.

Azoka barrutik

«Zure lana ezagutzera emateko, Azoka egon beharreko lekua da»
Iker Lauroba musikariak lehenengo aldiz bere erakusmahaia du.

Iker Lauroba Musikaria

«Zure lana ezagutzera emateko, Azoka egon beharreko lekua da»

Lehenengo aldiz Iker Lauroba musikariak bere erakusmahaia du, eta lau egunak «goiz eta arratsalde» bertan igaroko ditu. Helburuen artean, jendeak bere azken diskoa, 'Bosgarren solaiturik', ezagutzea, «eta denbora bat pasatzen denean gustatu zaiela esatea», zioen atzo. Hala ere, azken urteetan beti izan da Azokan musikari lagunen alboan, eta ilusio bereziarekin bizi ditu egun hauek. «Jendeari artistarekin egote horrek ilusioa egiten dio eta hori guretzat ere ilusionagarria da». Durangokoa topaleku handia da euskal sortzaileentzat, «egon beharreko lekua da zure musika zabaldu nahi baduzu». Artista «txiki» bezala definitzen da, horregatik salmentak baino, parte hartzeak du garrantzia berarentzat, «eta musika munduan ditudan lagunekin egotea».

«Urtean zehar egindako lana sozializatzen dugu»
Hamaika nobedade aurkezten ditu Katrakak argitaletxeak.

Aitziber Jiménez de Aberasturi Katakrak argitaletxeko kidea

«Urtean zehar egindako lana sozializatzen dugu»

Jende eta lagun asko topatzea espero du Katakrak argitaletxeko kide den Aitziber Jiménez de Aberasturik, «jende askorekin elkartzen zara eta sarea eraikitzen da hemen». Azokan parte hartzeak «balio erantsi bat» ematen duela uste du, eta gainera «gure kasuan, Iruñeatik atera eta euskaraz argitaratzen duten beste eragileekin batzea suposatzen du, azken finean, urtean zehar egiten dugun lana sozializatzen dugu hemen». Hamaika nobedade aurkezten ditu argitaletxeak bere erakusmahaian, eta denen artean Amaia Astobizak euskarara ekarritako 'Rosa Park. Nire istoria' liburuak arrakasta izango duela uste du, eskubide zibilen aldeko mugimenduan aintzindari izan zen emakume honen autobiografia, «oso modu goxoan idatzia eta itzulia dagoena».

«Euskaraz lan egiten dugunontzat hau gure plaza da»
Yolanda Arrietak hainbat ekitalditan hartuko du parte.

Yolanda Arrieta Idazlea

«Euskaraz lan egiten dugunontzat hau gure plaza da»

«Hizkuntza txiki batekin lan egiten dugunontzat hau gure plaza da, egon beharreko lekua», eta aldi berean bada ere «soziologia klase» azkar bat Yolanda Arrietaren ustez, «hemen ikusten baita jendeak zer duen gustuko, zer irakurtzen duen eta zer galdetzen duen». Egun hauetan beste idazleekin egoteko aukera izango du, baita hainbat ekitalditan parte hartzeko. Atzo, idazketari buruzko mahai inguru batetan hartu zuen parte Nerea Loiola eta Amaia Egidazu idazleekin, eta iluntzean Olatz Mitxelenarekin izan zen 'Su txikian' liburuaren aurkezpenean. Bihar, 16 elkarrizketaz osatua dagoen 'Lanartea' liburuaren aurkezpenean izango da, bera baita elkarrizkatuetako bat. «Lagun asko elkartzen gara hemen eta irakurleekin ere egoteko aukera dugu, eta hori oso polita eta goxoa da».

«Irakurleekin sortzen den feed-back-a oso garrantzitsua da»
Nerea Loiola irakurle gazte batekin.

Nerea Loiola Idazlea

«Irakurleekin sortzen den feed-back-a oso garrantzitsua da»

Eskapu Liburuak bilduma arrakastatsuaren laugarren liburua da 'Oraire' (Erein) liburua, Nerea Loiolaren azken lana eta gaztetxoenen interesa piztu zuena atzo. «Asko gustatu zaie, hori esaten didate, eta feed-back hau izatea oso garrantzitsua da niretzat, horregatik saiatzen naiz ia egunero hemen izaten, ahalegin hori egiten dut». 'Ikastetxean programan' ere parte hartzen du Loiolak, «eta hainbat eskoletako ikasleak ere hurbiltzen zaizkit agurtzera, eta hori ere oso polita da». Baina beste idazleekin elkartzeko gunea ere bada Azoka, «batzuekin urtean behin ikusten naizen lekua da, eta oso interesgarria da beraiekin elkartzea, hitz egitea, elkarren nobedadeak oparitzea...». Lau egun pasata «leher eginda» amaitzen badu ere, «lan ederra» dela aitortzen du.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskal kulturaren jaialdi handia abian da