Esku-hartze artistikoei zuzenduta izango da Durangoko Azokaren 7. Sormen Beka
Proposamenak aurkezteko epea irailaren 21ean amaituko da eta ebazpena 59. Durangoko Azokaren egitarauan jakinaraziko da
DV
Larunbata, 8 ekaina 2024, 11:49
Esku-hartze artistikoei zuzenduta eta 'Euskara Jendea' gai nagusi bezala. Halaxe labur daiteke Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak zazpigarrenez deitutako Durangoko Azokaren Sormen Bekaren muina. Azkenik, deialdi honetako sormen bekarako proposamenak Durangoko Arte eta Historia Museoan edo/eta museo inguruan egiteko esku-hartzeak izan beharko dira, horretarako edozein diziplina aintzat hartuta: piktorikoa, eskultorikoa, ikus-entzunezkoa, performatiboa, etab.
Proposamenak banaka zein taldeka egin daitezke, betiere sortzaile berriak badira (aurkezten duen proiektua bere lehen edo bigarren esku-hartze artistikoa izatea) eta 18 urtetik gora badituzte. Aurkezteko epea irailaren 21ean amaituko da, arratsaldeko 18:00etan, eta gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora bidali beharko dira.
Epaimahaiak aurkeztutako lanen artean lauzpabost aukeratuko ditu -ebazpena telefonoz egingo da- hauek proiektuaren defentsa egin dezaten. Ostean, lan irabazlearen berri 59. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da eta urtebeteko epea izango dute burutzeko, hau da, 2025ean egingo den 60, Durangoko Azokaren baitan erakutsi beharko dute emaitza. Laguntza bezala 15.000 euroko beka jasoko dute eta sorkuntza prozesuan eta plazaratzean aholkularitza izango dutela jasoa dago oinarrietan.
Aurreko sei edizioetan, literatura, musika, ikus-entzunezko, proiektu digitalak, arte eszenikoa eta familia transmisioan eragiteko proposamenak saritu dira, hurrenez hurren: ATOPIArpg, euskarazko rol jokoa (2018); Kai Nakai, Iratxe Agileraren lehenengo lana (2019); Bañolet, Lau ataletako telesaila (2020); Barraka, Ibai Aizpururen bideo-jokoa (2021); Eukalyptus, Jon Ander Urresti (2022) eta Argizagi, Zubiak adiskidetasunerantz (2023).
Iaz, Marramiau Sorkuntza Taldeak jaso zuen familia transmisioan eragiteko proposamenagatik eta dena ondo bidean aurten izango den 59.Durangoko Azokan estreinatuko da lana Saguganbaran.