Ertibil arte bisualen erakusketara lanak aurkeztu ostiraletik aurrera
Bizkaiko Aldundiak 51.500 euro bideratuko ditu ekimenera urte honetan
DV
Larunbata, 1 martxoa 2025, 17:21
Ertibil Bizkaia arte bisualen erakusketa ibiltarian proposamenak aurkezteko epea otsailaren 28an irekiko da. Leixuri Arrizabalaga foru erakundeko bozeramaile eta Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azaldu duenez, deialdiaren helburu nagusia da artista hasiberrien ekimen sortzaileak babestea karreraren lehen etapan, aukera emanez lanak erakusgai jartzeko, beste artista gazte batzuekin loturak ezartzeko eta ibilbide profesionalaren garapenean aurrera egiteko.
Ertibil Bizkaiaren bidez, gainera, artisten sormen jarduera sustatu nahi da, eta arte bisualen eremuan egiten duten lana bultzatu.
Bizkaiko Aldunditik azaldu dutenez, 51.500 euro bideratuko dituzte ekimenera 2025ean, artista hasiberrien talentua ikusarazteko. Erakusketa 18 artelanek osatuko dute, gehienez, eta Bizkaiko hainbat udalerritan izango dira ikusgai. «Gehienez ere 15 lan aukeratuko dira, eta 2.000na euroko saria jasoko dute, egileen arte sormenari laguntzeko eta arte hisualen eremuan sustatzen jarraitzeko», esan dute.
Gainera, sari bereziak emango zaizkie hautatutako hiru obrari, 7.000 euro, 5.000 euro eta 4.000 eurokoak, lortutako puntuazioen arabera. Orobat, aukeratutako lan berezien egileek aukera izango dute Japonian egonaldi artistikoa egiteko 2026ko uztailean eta abuztuan.
Modu honetan, Arrizabalagak nabarmendu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egin du «kultura sustatzeko eta arte sormena bultzatzeko duen konpromisoa, sariak emanez eta ikus-arteen erakusketa ibiltariak antolatuz».
Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea otsailaren 28an hasi eta martxoaren 10eko 13:30ean amaituko da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango dira.