Erakusmahaiak bete tentazio
54. Durangoko Azoka ·
10 euskaldunetatik seik muzin egiten diote euskal literaturarekin gozatzeari. Honako esperientzia hauek guztiak, eta beste asko, bizitzeko aukera galduko duteNEREA AZURMENDI
Asteazkena, 4 abendua 2019, 13:11
Euskarazko literatura irakurtzea ez da ohitura oso hedatua euskaldunon artean. Lehendik ezaguna zena berretsi du Kulturaren Euskal Behatokiaren inkesta batek: euskaldunen %65,5ek ez dute sekula irakurtzen euskaraz; noizbehinkako irakurleak dira %14, eta maiz hartzen dituzte eskuetan euskarazko literatur lanak %20,5ek.
Zorteko dira azken horiek, zabala ez ezik –273 liburu berri aurkeztuko dira, nobedadeen %67,5– bereziki askotarikoa baita 2019ko literatur uzta. Lan berririk ekarri gabe boladatxoa zeramaten zenbait idazle ezagun bildu dira aurten Azokaren katalogora, non eleberriak berreskuratu duen iaz ipuin bildumek izan zuten protagonismoa.
Horrez gain, indartsu dator saiakera, eta poesiaren arloan, urteko azken txanpan nobedadeen zerrenda oso ugaria ez bada ere, badaude ekarpen aipagarriak. Honatx kanpoan gelditu direnak gutxiesteko asmorik gabe egindako aukeraketa modukoa, proposamen tentagarriz betea.
Bernardo Atxagak bazeramatzan urte batzuk nobelarik argitaratu gabe. Bi igaro ditu 'Etxeak eta hilobiak'(Pamiela) lantzen. Pertsonaiez eta etengabe txirikordatzen doazen hariz jositako eleberria da, 432 orrialdekoa. Azkenekoa omen du munta horretakoa, laburrago eta bestela aritzeko gogoz baitabil.
«Irakurleari gauza dezente uzten dizkiot imajinatzeko. Alferrik luzatzeak ez dio ezer ekartzen narrazioari»
GOIATZ LABANDIBAR, 'HORI ZEN DENA'
Laburxeagoak dira oro har gainerako gehienak. Peripeziaz eta umorez zipriztinduta dator Felipe Juaristiren 'Erbesteko elurra' (Erein) nobela korala; koru zabala zuzendu behar izan du, 100 inguru kidekoa. Eleberririk ekarri gabe –hau ere ez da nobela peto-petoa, «eleberriz mozorrotutako ipuin-bilduma» baizik– bost urte zeramatzan Unai Elorriagarren 'Iturria'-ri (Susa) ere ez zaio umore ukiturik falta, gai serioak ukitu arren.
Irribarreak ez du toki handirik 80ko hamarkadako garai bortitzetara garamatzan Itxaro Bordaren 'Susmaezinak'-en (Alberdania). Bi aldeei eman die ahotsa, erabaki arriskatuan. Bigarren eleberri bat ere badakar, Maiatzen eskutik, 'fikzio espekulatiboaren' eremuan sar daitekeen 'Kripton 85'. Ez da etorkizun iluna iragartzen duen eleberri bakarra, antzeko ariketa egin baitu, migrazioen gaia ardatz hartuta, Eneko Barberenak 'Afrikanerrak' (Elkar) eleberri distopikoan. Augustin Zubikarai bekaren laguntzaz idatzitako hau du lehen nobela.
Generoko literaturan, euskaraz bederen, beltza da nagusi. Ezin falta Durangon Jon Arretxe, 'Mesfidatu hitzez' eleberrian (Erein) bere Toure Parisera bidali duena. Genero hori aukeratu du aurreneko nobelarako –'Itsu kolpeka' (Aberdania)– Alfontso Gartziandia iruindarrak. Bada plazara estreinakoz eleberri batekin irten den beste idazle bat, bertsolari gisa ezaguna den Ruben Sanchez Bakaikoa, Zaragozan jaioa baina guztiz arabartua. Gure historiaren bi momentu gogor lotzen ditu, memoriatik tiraka,'Hondarrak' nobelan (Txalaparta).
«Lehen txinparta ipuin liburua izan zen, baina azkenean potolotu egin da ipuinak lotzen zituen haria»
UNAI, ELORRIAGA 'ITUrriari'
Jarraitzaile asko zeuzkan zain Karmele Jaiok, denbora dezente baitzeraman nobelarik argitaratu gabe. Behar zuen astia eman dio generoak guztiongan duen eraginaren ingurukoa den 'Aitaren etxea' (Elkar) osatzeari.
Ramon Saizarbitoriak ere hurrengoa noiz ekarriko duen zain edukitzen ditu irakurleak. Argi zedarritu gabeko eremu batera ailegatu da 'Miren eta erromantizismoa'-rekin (Erein). Helduei ez zaie umekeria irudituko eta gazteek hurbileko sentituko dute, aurkezpenean «eraikuntzako nobela»-tzat jo baitzuten. Garbiñe Ubedaren 'Mehatxua' (Elkar) ere gazte-heldu eztabaida horretan sar liteke. Bada, bestalde, kontatzen dena egia eta horren gogorra ez balitz sekulako eleberria izango litzatekeen liburua: 'Miñan' (Susa), Ibrahima Balde gazte ginearraren Europarako bidaiaren kronika, Amets Arzallusen hitzekin kontatua.
Lan berririk gabe boladatxoa igarotako hainbat idazle datoz aurten plazara
Formatu laburragoak ere landu dituzte idazleek, nahiz eta ipuin liburuak ez izan ugariegiak aurten. Xabier Etxeberria Garro, hain zuzen, ohikoa duen eleberrigintzatik ipuingintzara pasa da, eta 'Txoria nintzela' (Elkar) ekarri du; 80ko hamarkadan haurtzarotik nerabezarora igaro ziren hainbat pertsonaiaren jarraipena egiten due.
«Ezinbestekoa iruditu zitzaidan errefuxiatuen egoeraren aurrean sentitzen nuen inpotentziaz idaztea»
beatriz chivite, 'mugItu/atu'
Oso gutxirekin asko esaten saiatu da Goiatz Labandibar 'Hori zen dena' (Alberdania) ipuin-bilduman, eta irakurlea seko izutze Karlos Linazasoro, 'Hik ez dakik zer den beldurra' (Erein) bilduman. Lortu du, zinez. Liburugintzatik urrun zortzi urte zeramatzan Rafa Egiguren ipuin-bilduma batekin itzuli da, 13 kontakizun biltzen dituen 'Txipiroiak bere beltzean'-ekin (Susa). Ohikoa duen nobela beltzaren ordez, 'Zorioneko familia' (Elkar) ipuin-sorta ekarri du Iñaki Irasizabalek.
Hitz lauz idatzitako lanetan, idatzi luze edo idatzi labur, gizonezkoak dira nagusi kopuruari dagokionez. Aurtengo Durangoko katalogoan ez da horrelakorik gertatzen poesiari dagokionez, gehiago baitira emakumeen ahotsak gizonezkoenak baino. Azken horietan, dena den, badago ahots bat oso indartsua, 17 urte poesia libururik argitaratu gabe igaro ondoren '17 segundo' (Susa) poemarioarekin itzuli den Kirmen Uriberena. Beste gizonezko ahots bat Ion Iñaki Lasarena da, 'Pertsonaiak' (Pamiela) plazaratu baitu.
Fikzioa nagusi bada ere, indar handia du saiakerak aurtengo eskaintzan
Pamielak berak argitaratu du Beatriz Chivite nafarraren 'Mugi/atu'. «Nomada pribilegiatu» honek –berak esana da– errefuxiatuen egoerak sorrarazten dion inpotentzia eraman du bere poemetara. Eta Pamielaren eskutik iritsi da halaber bizipenak, aldarrikapenak eta proposamen poetiko-politikoak uztartzen dituen 'Andrezaharraren manifestua', Mari Luz Estebanen bigarren poesia liburua.
«Alde 'onean' jaio direnek 'txarretik' datozenekiko duten indiferentzia azaldu nahi izan dut istorio honetan»
Eneko Barberena 'Afrikanerrak'
Ahots berririk ere bada euskal poesian.Esaterako, Elena Olave durangarrarena. Donostiako Balea Zuria argitaletxeak jarri du irakurleen eskuera haren 'Zeldak. Gorputz honetatik'. Eta askoren ahotsak liburu bakarrean, Amaia Lasa, Itxaro Borda, Tere Irastortza, Amaia Iturbide, Miren Agur Meabe, Castillo Suarez, Aintzane Galardi eta Leire Bilbaoren poemak irakur baitaitezke 'Lurra eta dardara. Zortzi ahots emakumezko' (Balea Zuria) antologian. Argitalexe horretako sortzaileetakoa den Aritz Gorrotxategik, berriz, Irun Hiria Kutxa Literatura saria eman zion 'Amua' (Elkar) argitaratu du.
Bada, azkenik, hainbatek haur literaturan kokatu badute ere dibertitzeko gaitasunari eutsi dion edozein helduk estimatuko duen liburua: Iñigo Astizen poema bihurriek eta Maite Mutuberriaren marrazkiek osatzen duen 'Joemak eta polasak' (Elkar).
Saiakeraren arloan zabala eta askotarikoa da eskaintza. Joseba Sarrionandiak 'Habanako gaukaria' elikatzen jarraitzen du, eta 'Airea ez da debalde' (Pamiela) ekarri du.
Andu Lertxundik itzulpengintzarekiko duen interesa ez da berria. Gaiaz duen jakinduria zabala partekatu du, berak dakien moduan, 'Itzuliz usu begiak'-en (Alberdania) Ondo ezagutzen duen gai bati erreparatu Pello Zabalak 'Natura labur mintzo'-rekin (Alberdania). Beste horrenbeste egin du Kike Amonarrizek 'Euskararen bidegurutzetik' (Elkar), liburuan, aurrera jarraitzeko erabakigarria baita bide eta bidelagun egokiak aukeratzea.
Feminismoa izan daiteke horietako bat. Hori proposatu dute, joan etorriko-prozesu gisa, Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek 'Trikua esnatu da. Feminismotik euskarara eta euskaratik feminismora' (SusaLisipe saila) saiakeran. Sail horretako editore Jule Goikoetxeak Elkar-ekin argitaratu du 'Demokrazia patriarkala'. Feminismoaren ekarpen sendoa, besteak beste, Miren Artetxek eta Ane Labakak koordinaturiko 'Bertsolaritza feminismotik (bir) pentsatzen'-ek (UEU) osatzen du.