Egun osorako plana urtarrilaren 28an Azpeitian egingo den Bertso Egunerako
Sei bertso bazkari egingo dira elkarte banatan eta afaria eta afalosteko bertso ekitaldia antolatu dira Elikagunean
Ostirala, 23 abendua 2022, 12:32
Azpeitiko Udalaren eta herriko zenbait elkarteren laguntzarekin, egun osorako plana eskaintzen duen Bertso Eguna antolatu du Bertsozale Elkarteak urtarrilaren 28rako. Goizean hasi eta afalostean buka, bertsoak eta festak ez dute atsedenik hartuko.
Aurreneko hitzordua 11:30ean finkatu dute, elkartu eta kalez kaleko poteoa egiteko da, libreko bertso saio irekiekin. Ondoren, 14:30ean, bertso bazkariak egingo dira zenbait elkartetan: Oilo Soro, Zulo Zabal, Ziripot, Oilagorra eta Txalintxo elkarteetan. Gainera, gustu guztiak asetzeko moduan, mota ezberdineko bertso saioa eskainiko da horietako bakoitzean: libreko saioak, gaiekin osatutakoa edota bertso saio musikatua.
Libreko saioetan Jone Uria eta Sustrai Colina; Miren Artetxe eta Saioa Alkaiza; eta Jexux Mari Irazu eta Unai Iturriaga ariko dira. Bertso saio musikatuan, berriz, Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Gaztelumendi, Maddalen Arzallus eta Nerea Ibarzabal elkartuko dira, eta musikaren ardura Gari Otamendik eta Ixak Arrutik izango dute. Ematen zaizkien gaiei erantzunez ariko dira, berriz, Andoni Egaña eta Nerea Elustondo. Azken bi saio horietan ariko dira gai jartzen Imanol Artola Felix eta Ane Ezenarro. Bertso bazkarietarako eta saioetarako txartelak hemen eros daitezke.
Arratsaldean ere izango da poteoa, eta 21:00etan afaria eskainiko da Elikagunean, eta bertan izango da bertso ekitaldia afalostean. Eñaut Martikorena eta Maialen Lujanbio ariko dira librean; gaiak jarrita, Ane Labaka, Maddi Aiestaran, Peru Abarrategi eta Sarai Robles; eta bertso jarriekin, Aissa Intxausti, Ander Fuentes Itturri, Joanes Illarregi, Josune Aramendi eta Xabat Illarregi. Gai jartzen ariko dira Ane Ezenarro eta Imanol Artola Felix.