Ospakizuna zor diogu
Bere jaiotzaren mendeurrenak aukera ematen dit Eduardo Chillidari nire esker ona adierazteko, denoi ematen digu egokiera omenaldi kolektiboa egiteko, bere lan osoari eta bere figurari. Omenaldiak berez du esker onetik. Omenaldia aitortza bat da, pertsona bati eta haren lanari garrantzi handiko zerbait zor diogula adieraztea. Zor dizkiot eta dizkiogu bere arte-lanen gozamena, haiekin topo egiten baitugu eguneroko bizitzan, kalean eta, batez ere, hark moldatutako lekuetan, norberarekin, hurkoarekin eta naturarekin bat egiteko berak bereizi bihurtutako espazioetan, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Gernikan… Hemen eta munduan, gizakiaren eta gizatasunaren eskalarekin lan egin du beti, naturarekiko eta ezezagunarekiko topalekuak eraikitzeko. Gizakiari, gizadiari eta izadiari zuzentzen zaie aldi berean, bereizezinak bailiran. Hori zor diogu.
Mundu zabalean ezaguna da Eduardo Chillidaren izena eta obra. Gurea bezainbat da Paris, Berlin, Munich, Sevilla, Madrid, Pittsburg edo Xixongo herritarrena, munduan barrena haren lana urteetan jarraitu eta miretsi duten guztiena. Baina guk, gainera, etxekoa dugu. Gure herri-ondare zaharrean oinarritu zen etorkizunerantz abiatzeko.
Gure hiriek haren marka dute. Paparrean eraman genituen harro hark sortutako irudiak, gure aldarrikapen politikoei forma ematen ziotenak, demokraziaren bezperetan. Demokraziaren aurrean eta terrorismoaren aurka ozen hitz egin zuen.
Gure alde egin zuen: euskara eraman zuen mundu zabalera bere eskulturen eta marrazkien izenburuetan. Lankide izan genuen: hainbat kultur antolamendu eta erakunderen ikurrak diseinatu zituen. Gure herriaren paisaia fisikoa nahiz ukiezina moldatu ditu Eduardo Chillidaren obrak. Sustrai bihurtu dira euskal sortzaileentzako.
Horregatik guztiagatik, herri honek ospakizun berezia zor dio. Zor diogu. Denok. Norbanako bezala eta herri bezala egiten diogu Eduardo Chillidari omenaldia, Euskadiko museo, arte gune eta kultur ekipamenduek moldatu baitute haren obra berrikusteko, hari buruz hausnartzeko eta haren obratik abiatuta arte-lan berriak sustatzeko egokiera. Lankidetzan, Auzolanean. Gertakari horren ardatz nagusia Chillida-Leku izango da, jakina, artistak bere obrarentzat aukeratu eta moldatu zuen lekua, haren obraren eta legatuaren gordailua eta, aldi berean, landa-arte zoragarria.
Eta Chillida-Lekurekin koordinatu dira Arte Eder, Artium, San Telmo, Balenciaga, Kutxakultur, Lenbur, Tabakalera, Euskadiko Orkestra, Bilboko Korala, Filmoteka, Zinemaldia… bat egiteko Euskal Herriak inoiz izan duen artista handienetako baten inguruan.
Bateratasun eta lankidetasun hori azpimarratu eta txalotu nahi nituzke bereziki. Horiek bultzatzen eta egituratzen lagundu dugu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik, Euskadin, artea sustatzeko antolamenduek, norberaren xedea, ikuspegia eta nortasuna garatzearekin batera, sistema bat, artearen euskal sistema, osatzen dutelako uste osoan.
Sistema bat herri batean txertatua, elkarlanean jarduteko gai dena. Elkarlanean bakarrik egingo baitugu ageriko gizarteak zein beharrezko dituen kultura, artea, eta artistak. Eta bereziki, oraingo honetan, omen egiteko eta esker ona adierazteko Eduardo Chillidari bere ondare agortezinagatik. Bertan sustrai hartuta hel diezaiogun, Chillidak hainbestetan marraztu zituen eskuei oratuta, etorkizunari.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.