Borrar
Egitaraua

Durangoko Azokaren nabarmenena, espazioz espazio

Asteazken honetan 1.000 berritasun eta 273 ekitalditik gora dituen programazioa aurkeztuta, kontuan izatekoak bildu ditugu

Jon Agirre

Donostia

Asteazkena, 19 azaroa 2025, 13:42

Comenta

Agendan gorriz markatutako egunak dira, urtero urtero, Durango Euskararen plaza bihurtzen dutenak. Aurten, Azokaren 60 edizioa abenduaren 5etik 8ra izango da eta asteazken honetan aurkeztu du Gerediaga Elkarteak programazio orokorra, baita espazioz espazio aletua ere.

Berritasun ugari dira, bai Landakoko erakusmahaietan izango diren 1.000tik gorakoak (liburuak, diskoak, fanzineak...) zein antolakuntzak berak ekarritakoak, bi espazio berri, kultura bera zabaltzearen beharrei erantzuteko, edota 'gaueko' egitaraua. Jarraian dira ekitaldi esanguratsuenak, betiko abisuarekin: azken orduko aldaketak egon daitezke eta horrelakoak webgunean islatuko ditu antolakuntzak.

Liburuak eta musika

Ahotsenea

Ohi bezala literatura-aurkezpenak eta musika-emanaldiak ezberdindu behar Ahotsenean. Lehenak Musika eskolan izango dira eta bigarrenak Plateruenan, biak ala biak Landakotik gertu-gertu. Gotzon Barandiaran espazioko arduradunak esan bezala 18 urte bete ditu aurten Ahotseneak eta «helduaroan» murgilduta egitarau «berezia» antolatu nahi izan dute.

Literatura alorrean beti izan dute jomuga idazleei euren lanak aurkezteko «plaza ematea». Hala, azken urteetan belaunartekotasuna ere jomuga izan dute eta aurtengoak ederki jasotzen du. Adibide modura aipatu ditu Barandianek Laura Mitegi, 1983an lehen liburua aurkeztu zuena eta geldialdi baten ostean 'Akabo' (Txalaparta) lanarekin itzuliko dena edo Sara Uribe-Etxeberria Atxurra, «XXI. mendean jaioa» eta VIII. DK Poesia Saria eskuratu zuen 'Kuntzak eta kerak' (Balea Zuria) azalduko duena.

Orotara 49 liburu izango dira, nahiz eta eskariak askoz gehiago izan diren. Idazle handietako inor ez da faltako: abenduaren 6an Susaren Lisipe bilduma; 7an Consonnik 2025ean kaleratutako Danele Sarriugarteren 'beste zerbait', Antxiñe Mendizabalen 'Katona' eta Ixiar Rozasen 'Narrugorrik', 11:30ean Hedoi Etxarteren 'Izen baten promesa' (Susa), 12:30ean Uxue Alberdiren 'Esne-berriketan' (Elkar), 13:00etan Katixa Agirreren 'Barne Zerbitzuak (Elkar) eta 16:30ean Bernardo Atxagaren Ènarak' (Pamiela), besteak beste.

Iganderako izango dira 11:00etan Arantxa Urretabizkaiaren 'Zahartzaroaren maparen bila' (Pamiela) saiakera, 11:30ean Harkaitz Canoren 'Silueta' (Susa) eleberri «ganberroa», 12:00etan Eider Rodriguezen 'Dena zulo bera zen' (Susa) ipuin-bilduma edo 18:30ean Karmele Jaioren 'Harrizko bihotza'.

Azken egunerako, aldiz, 12:30ean Unai Elorriagaren 'Odola kantari' (Pamiela), 14:00etan Julen Apellaren 'Sakelako bihotzak (Elkar), etab.

Musika, mugarri

Musikan, aldiz, 34 disko «zeri kantatzen diogun» ikusteko. Bigarren honetan abenduaren 6aren bueltan «ahalegin berezia» egin du espazioak Gazte Eztandaren baitan programazio propioa eskaintzeko. Hala izango dira Jonkass, Nhil, Ixabe, Aria, Odei, Herenegun edo Burutik.

Barandiaranek esan bezala, pandemiatik hona bestelako tendentziak pisua hartu badute ere, «ez rocka eta ez popa ez dira hil». Egitarauko parte dira Arima Soul, Mihise, Mugan, Eskafandra, Sara Zozaya, Gailu, Haize Arrosa, Bele edo Ekiza.

Azkenik, dei egin du «ezagutzen ez ditugun taldeei aukera ematera».

Ikus-entzunezkoak

Irudienea

Euskal ikus-entzunezkoak ez dute urte txarra izan, eta hori baliatu nahi du Zugaza zinema-aretoetan kokatzen den espazioak. Baina, batez ere, sortzaileak eta ikusleka harremanetan jarri eta «ohiturak indartu». Hala, beste urtebetez, ikus-entzunezkoen plaza edo erakusleiho izateko asmoz lau egunetan etenik gabe 11:00etatik 21:00etara film luzean zien laburrak, fikzioa zein dokumentalak, heldu, gazte zein familientzako egitaraua izango da. «Euskaratik eta euskaraz sortutako bide aberats eta oparoa gozatzeko aukera egongo da», aurreratu du Irati Agorriak.

Besteak beste proiektatuko dira Sara Fantovaren 'Jone batzuetan' edo Paul Urkijoren 'Gaua' fikzioak; Lurdes Iriondoren figura ezagutaraztea helburu dun, Akelarre taldearen ibilbidea laburtzen duen edo Txillarreko sukaldeko negoziazioek biltzen dituen dokumentala. Eta etxeko txiki eta gazteentzat 'Loa talaia' edo 'Irabazi Arte' telesailaren aurrestreinaldia.

Podkasten plaza

Berbagailua

Madalenako Ermitan kokatuko dute Podkasten Plaza. Ez da podkastekin Durangoko Azokak izango duen lehen harremana, agerraldian Beñat Gaztelurrutiak esan bezala EITBrekin eta Hiru Damatxorekin 'Badabil' podkasta egiten baitute. Berriki hasi da hirugarren denboraldia eta, aurrekoetan bezala, honen azken atala Landakon grabatuko da.

Aipatutakoaz gain, euskal herritan egiten diren hainbat podkast, orotara 12, izango dira gunean. «Bakoitza bere etxetik dator, gonbidapenez hautatu ditugu. Komunean dute Azokan grabatuko direla, noski, eta [abenduaren 5etik 8ra] aurkeztuko den nobedade baten inguruan jardungo direla», aurreratu du Gerediaga Elkarteko koordinatzaileak. Egunero hiru zuzeneko grabatuko dira gerora osorik igoko diren sareetara, baita zatikatuta ere.

Arte Ederren Plaza

Atartea

Arte Ederren Plaza 2025eko berritasunetan bigarrena. Durangoko Museoan kokatuko da, Talaian kabitzen ez ziren eta formatu berezia eskatzen zutenei etxe emateko. Estreinakoa izango den honetan ilustratzaileei eta hauek ondutako ilustrazioei eskainiko zaie, baina etorkizunari begira Gaztelurrutiak aurreratu du Arte Ederren gune izateko asmoz sortu dela eta «diziplina horietako beste lanekin aritzea» duela helburu.

Abenduaren 5etik 8ra beheko galerian 20 ilustratzaileren lanen erakusketa izango da eta, egitarau aldetik, nabarmentzekoa da iazko Sormen Beka eskuratu zuen Irati Bazetak 'Harien isla' erakusketa inauguratuko duela.

Kabia

Programazio anitza aurkeztu du, eragile eta sortzaile ezberdinek dakartzaten egitasmoak taldekatuz: familientzako, hezkuntza komunitatearentzako, bideojoko eta rol-joko zaleentzako, sortzaileentzako, eta orokorrean ezagutza eta teknologiaren inguruan jakin-mina duen ororentzako egitasmoak izango dira.

Saguganbara

Gune honek haurrei, gaztetxoei eta hauen familia eta lagunei euskarazko literatura eta kulturara gerturatzeko espazio bat eskaintzen die. Guztira, 24 ekitaldi baino gehiago eskainiko ditu: ipuin kontaketa ugari, liburu aurkezpenak, musika, tailerrak, mahai-jokoak, pailazoak eta ikuskizun ezberdinak.

Szenatokia

Arte eszenikoen gunean, bederatzi konpainia arituko dira: egunero hiru taldek parte hartuko dute, bina emanaldirekin. Diziplina aldetik, bi dantza emanaldi (Nabiga dantza eta Ibawa dantza), bi bakarrizketa umoretsu (BostOK! eta Julen Axpe) eta bost antzezlan (Mapatxa Kolektiboa, Karin Karan, Karrika antzerki taldea, Gilkitxaro eta Bibitxa kolektiboa) izango dira.

Kontzertuak, emanaldiak...

Gauez ere, kultura

Programazioa, 1.000 berritasunetik gora, ia 275 aurkezpen... gutxi ez zirela-eta, ohiko ordutegitik harago kultur eskaintza zabaltzea erabaki du Gerediaga Elkarteak. Hala, Landakok ateak 20:00etan itxiko baditu ere -Irudieneak egun batzuetan 21:00ak arte luzatuko ditu emanaldi eta solasaldiak-, proposamenak jarraituko dute.

Abenduaren 5ean izango da lehen «gaueko kontzertua». Plateruenako oholtzara igoko dira 23:30ean Lukiek eta Ezezez taldeak. Hori bai, kasu honetan 10 euroko sarrera ordaindu beharko da eta sarrerak informazio puntuan zein txarteldegian lortu ahalko dira.

Biharamunean, 30 urtetik beherako gazteei bideratutako Gazte Eztandaren baitan, hiru izango dira eskaintzak. Lehena, 20:00etan Szenatokian bostOK! Konpainiaren 'bostOK!' antzerki laburrarekin; bigarrena 21:30ean Musika Eskolan Behe Bandak egingo duen 'Zeri idatziko diogu?' errezitaldiarekin; eta, azkena, Ahotsenean ere Mirua eta Naxker taldeek Plateruenan eskainiko duten zuzenekoarekin. Sarrerak informazio puntuan eta txarteldegian izango dira 5 euroko prezioan.

Musika ez denez dena, abenduaren 7an Formol konpainiak Szenatokia bere egingo du 'Heriotzak Eduardo du izena' aurkezteko; zinema-aretoetan estreinatu eta apenas hiru astera Paul Urkijoren Gaua proiektatuko da Irudienean 20:30ean eta 21:00etan Talaian izango da Bitton Kapana omentzeko Gontzal Mendibil, Xabier Amuriza eta Joseba Sarrionandiak antolatutako ikuskizuna.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Durangoko Azokaren nabarmenena, espazioz espazio

Durangoko Azokaren nabarmenena, espazioz espazio