«Atzean hainbeste esfortzu duen lana stand-ean ikustea oso polita da»
'Mirua' taldeak eta Kepa Iribar kazetariak lehen aldiz aurkezten dituzten euren lanak Durangoko Azokan
Durangoko Azokaren 57. edizioan idazle eta musikari mordoa izango da, tartean zenbait lehen aldiz. Horietako batzuk, besteak beste, 'Mirua' talde tolosarra edo Kepa Iribar kirol kazetari eta esataria.
-
Mirua taldea
«Urte eta pikoko prozesua izan da, gaur ikusi dugu lehen aldiz diskoa»
Lehen diskoa grabatu eta editatzea ez da lan makala eta emaitzarekin «oso pozik» azaldu dira Maitane Iruiñ eta Mattin Zeberio. Biek, Malentxo Zeberiorekin batera, osatzen dute 'Mirua' talde tolosarra eta Durangoko Azokaren 57. edizioan taldearen izen bera duen diskoa aurkeztu dute. «Orain arte ez genuen fisikoki ikusi, ailegatu eta stand-ean ikustea sekulakoa izan da, ilusio handia egin digu. Hain lan abstraktua fisikoki ikustea oso polita da».
2021ean Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi ostean hasi ziren lehen EPa (disko txikia) grabatzeko lanetan eta Durangoko Azokan aurkeztu ahal izan dute azkenean. «Urte eta pikoko prozesua izan da, denboran eta espazioan oso dispertsoa», azaldu du Mattin Zeberiok. Abesti bakoitza une eta toki batean grabatua izan baita -Madrilen, Iruñean, Azkaraten, Malentxok zatiren bat Florentzian edota Tolosan- eta horrek, Iruiñen esanetan, «abesti bakoitzari mundu bat, kontzeptu diferente bat, ematen lagundu dio».
Ez da lan egiteko modu planifikatua izan, egoerak hala emanda sortua izan delako, baina uste dute etorkizunari begira mugarri izango dela diskoa. «Unibertsitateetako azken urteetako kaosaren baitan sortu genuen 'Mirua', kide bakoitza toki batean bizi ginenean». Hala, imaginazioa erabili behar izan zuten sormen prozesuan. «Horrela lan egitea tokatu zitzaigun eta moldatzen joan gara. Adibidez Mattinek bita, tempoa, bidaltzen zuen eta guk melodia eta letra batzuk sortu». Eta gerora, egonaldien bitartez forma eman. «Guretzat oso garrantzitsuak izan dira, lau egun musikara zeharo dedikatuta egotea ahalbidetu ziguten».
'Mirua'
-
1. Egunak uzten ez didanetan
-
2. Basakabi
-
3. Goxoloin<3
-
4. Txin txin
-
5. Kuttuna
-
6. Eskurik gabe
Sei abestietan popa eta musika elektronikoa uztartzen dituzte eta Iruiñ eta Zeberioren aburuz 'Mirua' zer den azaltzeko modu bat da, «begira, hau gara eta inguratzen gaituena hau da» esateko era bat. «Gure kezkak eta ideiak azaltzen ditu». Eta, horretaz gain, «lana mordu ordenatuagoan» egiten lagunduko diela uste dute. «Orain enfokatuta gaude eta musikan izango dugun bideari ate bat irekitzeko modua izan da. Argi dugu nondik jo nahi dugun eta musika sortzeko geratzen garenean nabari da, fluituago ari gara». Harrigarria da diskoa sortu eta segituan sormen prozesuan berriro murgiltzea, baina gogotsu dira hiru kideak. «Oso motibatuak sentitzen gara, oso pozik gaude».
Diskoa bera ere ez da «ohikoa». Box-set deituriko formatuan aurkeztu dute, kaxa bat zazpi postalekin eta diskoarekin noski. «Postal bakoitzak, sei abestienak eta azala, bere diseinua du. Libreto tipikoaren ordez horrela aurkeztu dugu, norbaitek paretan pegatu nahi baditu oso polita geratzen da», azaldu dute pozik.
Mirua ezagutu nahi dutenek, Durangoko Azokan aukera paregabea izango dute. Abenduaren 9an, ostirala, tolosarrek 14:30ean Ahotsenea plazan EP berria aurkeztuko dute eta. Kontzertuek 2023ko martxora itxaron beharko dute, Malentxo Zeberio une honetan Florentzian baita.
Noticia Relacionada
Durangoko Azokak eztanDA egin du gazteen eskutik
-
Kepa Iribar | '72 ordu'
«Zeharo desberdina izan da eta oso gustura aritu naiz»
Kazetaritza du ogibide Kepa Iribarrek eta ibilbide luzeak eskarmentua eman dio irratian kirol esatari bezala inprobisatzeko, unean unekoari patxadaz erantzuteko. Erabat bestelakoa izan da beretzat '72 ordu' eleberria idazteko lana. «Kirol kronikak idatzi ditut, baina irratitako dira eta laburrak, inprobisazio handia dago. Hau justu kontrakoa izan da: patxadaz, lasia jarri eta idatzi, berrirakurri, aztertu, gustatu zait ala ez, buruan daukadana paperean nola geratu den, erritmoarekin asmatu. Irratian bota eta joan egiten da, zeharo kontrakoa da».
Hala ere erronkari aurre egin eta oso gustura aritu da teklari emanez. «Oso esperientzia polita izan da, aberasgarri eta dibertigarria. Oso ondo pasa dut egia esan».
Lehen aldia izango da ere stand-aren beste aldean. «Gogoa daukat irakurri duenarekin hitz egiteko, ea zer iruditu zaion, zer gustatu zaion, zer ez zaion gustatu eta zergatik». Liburua maiatzean argitaratu zuen Erein argitaletxeak eta ordutik lehen fedback-a izateko aukera izan du. Baina Durangoko Azoka bestelako plaza da iritziak testatzeko. «Irakurlearekin hartu-eman hori izatea oso polita da eta irakurri ez duena ba animatuko dut», azaldu du umorez Iribarrek. Atzo izan zuen aurkezpena Ahotsenean eta ostean izan zen postuan liburuak sinatzen. Lan kontuak direla-eta atzokoa izango da Azokan izango den egun bakarra.
Durangoko Azoka honetan Iribar ez da liburuen plazan aurrenekoz eta bakarka arituko den bakarra. Esaterako, Erein argitaletxearen postuan izango da Andoni Agirrezabala alegiarra 'Etxe berdea' eleberriarekin; Susaren eskutik Nerea Ibarzabal bertsolari eta kazetariak 'Bar Gloria' eleberria aurkeztuko du eta Anari Alberdi musikariak 'Gari eta goroldiozko'; eta Elkarrekin Urtzi Leonet idazlea edo Karmele Mitxelena 'Itzalen Dama eta Patxi Bakallu 1: Herri Margotua' fantasiazko nobelarekin eta 'Haragizko mamuak' lanekin, hurrenez hurren.