Borrar
Ezkio-Itsaso Herri Eskolako gazteek Ikasle Egunaz gozatzeko aukera izan dute Durangoko Azokaren 57. edizioan.

Ver fotos

Ezkio-Itsaso Herri Eskolako gazteek Ikasle Egunaz gozatzeko aukera izan dute Durangoko Azokaren 57. edizioan. IÑIGO ARIZMENDI
EztanDA! | 57. Durangoko Azoka

Durangoko Azokak eztanDA egin du gazteen eskutik

Ikasle Goizak presentzialtasuna berreskuratuta, milaka gaztek bete dute Azoka. Pozik azaldu dira, bildutako jendetzat eta guneen handitasunaz harrituta

Jon Agirre

Donostia

Asteazkena, 7 abendua 2022, 13:53

Comenta

Berritasun mordoarekin eta normaltasuna berreskuratzeko asmoz, Durangoko Azokaren 57. edizioak ateak ireki eta eztanDA!' egin du goizeko 10:30ean. Aurreikuspen guztiak betez, gazte mordoa izan da Ikasle Goizaz gozatzen, bi urte ezberdinen ostean presentzialtasuna berreskuratu duena. Euskal kulturaren zita nagusiak egitarau berezia antolatu du gazteentzat iaz hauen falta sumatu ostean. Aurkezpenean esandako «keinua, gonbidapen inplizitua» pozez hartu dute.

Igandera arte izango dute posible, orduan amaituko baita euskal kulturaren plaza. Bitartean sortzaile zein kulturzale azokako 248 stand-etan topatuko dira. Lehenek euren proposamenak aurkezteko gogotsu -930 nobedadetik gora, tartean 689 liburu eta 141 musika-produktu- eta bigarrenek gune eta postu artean lasai ibiltzeko gogoz. Izan ere bi urte berezi, arraro eta zailen ostean «aspaldiko lagunekin topatu eta besarkatzeko aukera» berreskuratu da musukorik gabe, murrizketarik gabe, bertaratzeko zita hartu behar izan gabe eta, batez ere, lasaitasunez.

Gazteek Azokarekin lehen kontaktua ikastetxeen bidez dutenaren jakitun, goiz berezia izan da askorentzat eta antolakuntzak 1.500 ikaslerentzako lekua egin du guneetan. Askorentzat lehen aldia izan da, besteak beste Ezkio-Itsaso Herri Eskolako Ane Garciandia, Aimar Ferradas, Saioa Mendikoa, Maier Artolazabal, Ekai Azpeitua, Maier Fernandez, Aner Unzurrunzaga, Naixa Garcia-Cañedo, Haizea Ugarteburu, Intza Torres, Amets Gabilongo edo Kima Agirrerentzat. Goizean atera dira autobusean eta bazkalostean buelta egin aurretik Durangoko «eromena» ezagutzeko aukera izan dute. Bertaratutako gazte askok bezala, EITBko Goazen telesaileko aktoreak ikusteko gogoz zeuden, baita Bulego eta ETS taldeetako kideak ere. Hamabiak taldean ibili dira, bata bestearengandik gehiegi urrundu gabe. «Bestela bultzada artean batetik bestera mugitzen gaituzte», azaldu dute umorez baita baita haserre puntu batekin. Ikasleetako bat iaz izan zen eta musukoena azaldu dienean, hala ere, argi izan dute nahiago dutela aurtengoa. Liburu eta diskoetan firmak jasotzearena gustatu zaie, euren gustuko aktore eta kantariengandik gertu egoteko parada izatea, baina «agobioa, bultzadak eta hainbeste denbora zain egotea» ez hainbeste. Hori bai, itzuliko direla argi dute.

Erandioko Ategorrietako Ikastolako ikasleak, Ikasle Goizan. Arizmendi

Horixe sustatzeko asmoz antolatu ditu Gerediaga Elkarteak astelehen osoan zehar komikiak sortzeko tailerrak, literakzioa, euskarazko websailak, antzerki sorkuntza edota collage tailerra. Lehen Hezkuntza eta DBH eta Batxilergoko ikasle askorentzako sorpresa izan direnak, ez agian ginkana bezain beste. Bertaratutako taldeek hamazazpi galdera «taldeka» erantzuteko erronka zuten eta horretarako Landako pabiloiko postuetan barrena galderak egin behar izan dituzte.

Hauetan barrena «gustura» ibili dira Ategorri Ikastolako (Erandio) Sofia, Lucia, Laura eta Leire zubi zutela baliatuta. «Hilabetean behin ekintza kulturalak egiten ditugu aurreko ikastetxeko aisialdi taldearekin eta gure proposamena izan zen hona etortzea. Gauza kultural mordoa daude eta goiza igaortzeko oso plan ona da». Pozik ziren haiekin Kiko eta Dani, Jedo aisialdi taldeko monitoreak. Lauek argazkitan ikusi zuten Landako, baina bertan izan arte ez zuten uste hain handia izango zenik. «Buelta bat emango dugu Azoka osoa ezagutzeko eta zein giro den ikusteko, ea zer topatzen dugun». Hori bai, argi zuten geldialdietako bat ETS musika taldearen postuan izango zela. «Etorri ezin izan den lagun bat oso zalea da eta argazki bat atera nahi dugu hari bidaltzeko», azaldu dute irribarrez.

Egitarau oparoa arratsaldean

Ikasleei bideratutako goizaren ostean, arratsaldean hasiko da publiko irekiari bideratutako programa. Beste askoren artean, musika eta liburuen aurkezpen eta solasaldi literarioak izango dira protagonista asteazken honetan Durangon.

Lehenak Ahotseneko oholtza bere egingo du eta hainbat kontzertu eskainiko dira. Olaia Inziarte oholtzara igo da 14:30ean eta jarraian izan dira Maraca Diablo, Zakill 'Pozoina' diskoarekin, Sua, 'Gorde genituen beldurrak' lanarekin, Bolbora taldea 'Bizi zioa' aurkezten, Goxua'n Salsa eta 21:30ean Delirium Tremens-ek itxi du Plateruenako lehen eguna 'Hodago' diskoarekin.

Liburu aurkezpenak, aldiz, Ahotseneako Musika Eskolan izan dira 16:00etatik aurrera. Estreinakoa Katakrakek argitaratutako 'Puta zikinak' izan da, Smith & Mac-ek idatzia eta Amaia Astobizak itzulia. Segidan izan da Kepa Iribar kirol kazetari eta esataria Ereinen eskutik kaleratutako '72 ordu' eleberriarekin. Eta jarraian Assata Shakurren 'Autobiografia bat', Danele Sarriugartek itzulia; Kae Tempest-en 'Antzinako berri berriak', Igelarentzat Itziar Diez de Ultzurrunek euskaratua; Amaia Telleriaren 'Zuhara. Clionaren kanpaiak' (Alberdania); Oskar Gazteluren 'Heriotzari aurrez aurre begira' (Erein); Elisa Leviren 'Nik ez dakit beste gauza batzuen berri' edo Irene Aldasorok itzulia Alberdaniarentzat. Azkena, 19:30ean, Kepa Junkeraren 'Berpiztu' izan da.

Horiez gain Saguganbaran Usue Egiak ilustrazio tailera eskaini du 17:00ean hasita; ordu berean izan da 'DemaS.A' Irudienean, hau da, sortzaile amateurren dema; arratsalde osoan zehar K@bian euskal edukien plataformen eta sortzaile digitalen aurkezpenak izan dira.

Eta nola ez, kulturzaleek eskaintza oparoaz gozatu ahal izango ditu 57. Durangoko Azokako 248 stand-etan eta abian den online dendarekin.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Durangoko Azokak eztanDA egin du gazteen eskutik