Donostia Antzerki Sariko epaimahai bezala apuntatzeko epea ireki dute
Abenduaren 28an amaituko da eta hautatuek 2024an zehar 15 bat antzezlan ikusi eta baloratu beharko dituzte
J. A.
Astelehena, 18 abendua 2023, 17:06
Donostia Kulturak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako XXV. Donostia Antzerki Sariko epaimahai izan nahi duen orok baditu jada datak. Abenduaren 28a arte jasoko dira eskakizunak eta guztien artean zozketa egingo da biharamunean, betiere baldintzak betetzen dituztenen artean: 2024ko urtarrilaren baterako 18 urte beteta izatea; donostiarra izatea; euskara jakitea eta antzerkia gustukoa izatea.
Hiru izango dira hautatuak eta 2024an zehar 15 bat antzezlan ikusi eta baloratu beharko dituzte. Gainera, urte hasieran gainerako epaimahaikideekin elkartu eta adostu beharko dute zein izango den lan irabazlea. Epaimahaikide izateak ere badu saria, 2024an ez ezik, 2025ean ere Donostia Antzerki Saria dela eta, hirian eskaintzen diren helduentzako euskarazko antzezlan guztietarako bi sarrera jasoko baitituzte.
Donostia Antzerki Saria euskarazko antzerki profesionala bultzatzeko eta indartzeko sortutako saria da eta urtero Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren harira, aurreko urtean euskaraz helduentzako eskaini den antzezlan onenari ematen zaio saria. 2023an Kamikaz kolektiboak eskuratu zuen 'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzezlanarekin. Obrako hiru antzezleak, Amancay Gaztañaga, Iraia Elias eta Erika Olaizola, «oso pozik» azaldu ziren «sormen-prozesua zerotik euskaraz egin izana baloratzea gauza ederra delako» eta, sariari esker «hurrengo proiektua modu duinean sortzeko oinarria» izango zutela aurreratu zuten.