Dena prest Bizkaia bertsoz betetzeko
Urdulizen 17:00etatik aurrera ariko dira kantuan Aitor Bizkarra, Garazi Navarro, Garikoitz Sarriugarte, Izaro Bilbao, Koldo Gezuraga eta Mikel Retolaza
I. Mendia
Asteartea, 23 iraila 2025, 12:19
Estreinako saio honetan Aitor Bizkarra Ruiz, Garazi Navarro Ugarteburu, Garikoitz Sarriugarte Onaindia, Izaro Bilbao Arostegi, Koldo Gezuraga Seijido eta Mikel Retolaza Etxebarria izango dira kantuan. Gai-jartzaile lanetan Beñat Vidal Gurrutxaga ariko da eta lehen fasean ezarria dagoen bezala sei bertsolariek honako jarduna izango dute: Hiruna bertso ofiziotan, zortziko nagusian; Hiruna bertso ofiziotan, zortziko txikian; Bakarkako lana: puntua emanda bertso bi zortziko txikian; Hiruna bertso ofiziotan, hamarreko txikian; Ganbarako lana: gaia emanda, bertso bi, doinu eta neurri librean.
Urdulizeko Kultur Etxean izango da bertso-saioa 17:00etatik aurrera, aretoko ateak 16:30ean irekiko dira. Ohi bezala sarrerak salgai dira jada bertsosarrerak.eus webgunean 9 euroko prezioan -Bertsozale Elkarteko bazkideentzat 6 euro eta 6 eta 18 urte bitarteko gazteentzat 3 euro- eta sarrerarik geldituko balitz, 16:00etan zabalduko da txarteldegia Kultur Etxean.
Hurrengo asteetan ariko dira kantuan gainerako 24 bertsolariak lau saiotan banatuta. Bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera, eta gainontzekoak, puntuazioaren arabera. Han batuko zaizkie 2023an finalaurrekoetan kantatu eta izena eman duten bederatzi bertsolarik
Ostean, finalaurrekoak lehen aldiz bi bueltara egongo dira. Lehenengo bueltan hiru saio jokatuko dira, bakoitzean sei bertsolari, eta bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da bigarren bueltara. Fase horretan batuko dira 2023ko Bizkaiko Txapelketako zazpi finalista. Ez da izango, aldiz, Nerea Ibarzabal azken bi lehietako garailea.