Datu baseak eta kultur ondarea mintzagai

'Bilaketa bakarra erabiltzaileentzat: datu guztiak klik batean' izenpean, lau hitzaldi izan dira entzungai/XDZ
'Bilaketa bakarra erabiltzaileentzat: datu guztiak klik batean' izenpean, lau hitzaldi izan dira entzungai / XDZ

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak egin dituzte. Dokumentazio alorrean, liburutegietan, informatika garapenaren esparruan eta euskal kultur sorkuntzan eta kudeaketan ari diren hainbat lagunek parte hartu dute

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Gaur gauzatu dira Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak, Amasa-Villabonako Subijana etxean. Dokumentazio alorrean, liburutegietan, informatika garapenaren esparruan eta euskal kultur sorkuntzan eta kudeaketan ari diren hainbat lagun elkartu dituzte bertan, eta bilaketa bakarra eginda, hainbat datu basetako emaitzak erakusten dituzten bilatzaile zenbaiten esperientziak partekatu dituzte.

'Bilaketa bakarra erabiltzaileentzat: datu guztiak klik batean' izenpean, lau hitzaldi izan dira entzungai: bilaketa bakar batekin hainbat datu basetako emaitzak lotzen eta erakusten dituzten bilatzaileak izan dituzte hizpide, hiru egitasmoren bidez, eta bilatzaile horien funtzionamendua ikuspegi teknikotik ere eskaini dute.

Aritz Zerain Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak eta Mintzola Ahozko Lantegiko zuzendaritzako kideak eta Oihana Aranburu Xenpelar Dokumentazio Zentroko koordinatzaileak eskaini dute atarikoa: proiektu soziokulturalean dokumentazio zentroak duen garrantzia azpimarratu da, ondarea babesteko, biltzeko eta herritarren eskura jartzeko egitekoan ezinbestekoa baita; eta, herritarrei ondare horren bilaketa errazteko asmoz emandako pausoak ere azaldu dira.

Liburubila egitasmoa aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzako Ondare zuzendariak, Mikel Aizpuruk, eta erakundeko Liburutegi Zerbitzuko arduradunak, Francisca Pulgarrek; irakurleei liburutegietako mailegutza informazioa erraztea du helburu, eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, eLiburutegia eta Liburuklik atarietako emaitzak erakusten ditu. Kudeatzen duen ondare artistikoari loturiko edukiak herritarrei eskaintzeko, Artium museoak diseinatutako zerbitzua aurkeztu du Elena Roserasek, museoko liburutegi arduradunak. Marie-Andrée Ouretek, Baionako Mediatekako Euskal Funtsen Proiektuko arduradunak, 2015ean sortutako Bilketa.eus egitasmoa azaldu du: 20 liburutegitako datu baseetatik elikatzen da biltegi lana egiten duen gordailua, eta garai bateko euskarazko dokumentuak topa daitezke bertan.

Esperientzia horiek entzunda, garapen teknikoan kokatu gaitu Aitor Maritxalarrek, dokumentazioan espezializatutako informatika garatzaileak. Solr bilaketa bateratutako motorearen ezaugarriak azaldu ditu, baina baita atari batek bilatzaile bat garatzerakoan aintzat hartu behar dituenak ere.

Temas

Euskera