'Dardara' dokumentalak irekiko du Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloa
Gaur 19:00etan proiektatuko da Berri Txarrak taldearen azken birari buruzko lana eta azkena maiatzaren 11n izango da 'Gure hots' proiekzioarekin
Asteazkena, 19 urtarrila 2022, 17:08
Gaur 19.00etan Berri Txarrak taldearen azken birari buruzko Marina Lameiroren 'Dardara' dokumentalak abiatuko du Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloa.
Gasteizko GEU elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak elkarlanean antolatutako ekimenak maiatza bitarte hilean film bat proiektatuko du. Saio guztiek bi atal izango dituzte: alde batetik, film dokumentalaren proiekzioa eta, bestetik, filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia.
Otsailaren 16an, Jose Miguel Etxeberria 'Naparra' Komando Autonomo Antikapitalistetako kidearen inguruko 'Bolante baten historia' emango dute.
Martxoaren 16an, larrialdi klimatikoaren ondorioak eta hartzen ari diren neurriak hizpide dituen 'Urak aske' dokumentala proiektatuko da, eta apirilaren 12an, Oñatiko korpus dantzetan emakumeak parte hartzeko eginiko prozesua eta emandako urratsak jaso dituen Julen Iriondo kazetari oñatiarraren 'Neskak dantzara!' izango da ikusgai.
Azkenik, 'Begi Belarri' zikloa maiatzaren 11n bukatuko da, azken 40 urteetan euskal emakumeek lan munduan izan duten egoeraren erradiografia historikoa egiten duen 'Gure hots' dokumentalaren emanaldiarekin.
Gonbidapenak doakoak izango dira eta hartzeko epea astebete lehenago irekiko da www.oihaneder.eus webgunean.