«Dantza asko egiten duten herriak? Aia, Altzo, Abaltzisketa...»

Xabi Solano bi proiekturekin dabil buru-belarri, 'Inpernuko' ikuskizuna eta Esne Beltza taldea/Michelena
Xabi Solano bi proiekturekin dabil buru-belarri, 'Inpernuko' ikuskizuna eta Esne Beltza taldea / Michelena

Gaur Donostiako Victoria Eugenian eskainiko du bere 'Inpernuko' ikuskizuna, musika, antzerkia eta dantza batzen dituena

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXIDonostia

Orain urtebete hasi ziren Xabi Solanoren (Hernani, 1978) 'Inpernuko' ikuskizunaren emanaldiak saioak. Andoaingo Basteron izan zen lehenengoa, eta bi falta dira, gaur bertan, hilak 30, Donostiako Victoria Eugenian egingo dena eta Bilboko Arriagakoa, martxoan izango dena. «Victoria Eugenia eta Arriaga oso antzoki esanguratsuak dira, eta bukaera biribila eman nahi diogu proiektuari», esan du trikitilariak.

- Zer da ikuskizun gau?

- 2009an diskoa atera nuen, 'Esne zopak', trikitixari omenaldi egin nahian-edo. Trikitilari mitiko zenbaitekin elkartu eta gero izan zen. Beren istorioak kontatu zizkidaten Epelarrek, Lajak, Landakandak... Ni trikitixa-irakasle naiz eta pena ematen zidan ikusteak nire ikasleek ez zekitela nor eta zer ziren lehengo trikitijole horiek.

- Betikoa: transmisioak huts egin du, neurri batean behintzat.

- Horixe. Gero jendeak tankera horretako beste disko bat egiteko eskatu zidan, eta hasi nintzen, baina segituan konturatu nintzen horko letrak-eta gauza pertsonalagoak zirela, eta 'Ereñotzu' ipini nion izenburu. Bi disko horiek daude oraingo zuzeneko ikuskizun honen oinarrian. Miren Gojenola aktorearengana jo nuen ikuskizunaren egitura erabakitzeko. Azken batean zera da, antzerkia, musika eta dantzaren arteko uztarketa. Mikel Laskurain eta Ana Elordi aktoreak ariko dira aktore lanean, Edu Muruamendiaraz eta Uxue Urruzolak dantza egingo dute; eta musikariak, berriz, nire arreba Kristina Solano eta biok, Aritz Beristain baterian, Txus Aranburu teklatuan, Arkaitz Miner mandolina eta gitarra akustikoarekin, eta DZ dj-a.

- Lehengo aire batzuk ere entzungo dira Victoria Eugenian?

- Ez, nire abestiak izango dira, nire ibilbideko aro desberdin batzuetakoak. Ikuskizunean zehar kontatuko ditut Laja eta Landakandaren pasadizo batzuk, eta aktoreek ere Laja eta Landakandarena egingo dute.

- Miren Gojenolak emango zion ikuskizunari narrazio kutsua, ezta? Kontaidazu agertuko den pasadizo horietakoren bat.

- Badago pasarte bat oso polita iruditzen zaidana. Kontatuko dugu nola garai batean ez zuten uzten agarratuan dantzan egiten. Guardia zibilak joaten ziren erromeriak zaintzera, eta norbait dantza agarratuan topatu ezkero, isuna edo kartzela etorriko zitzaion. Jende helduak badaki horren berri, gaina gazteak harritu egiten dira.

- Bai, lehengo trikitilariek kontu harrigarriak kontatuko zituzten.

- Bai, adibidez, garai batean Donostiako Konstituzio Plazan jotzen ari ziren batean, norbaitek pasodoblea eskatu eta trikitilariak lotsatu. Bazekietn horrelakoak jotzen, baina lotsa ematen zien. Orduan Landakandak Lajari: «Hi, lotsak alde batera eta jo ezak pasodoblea!»

- Zuek trikitilariok beti izaten duzue zer kontatua zeuen musika-tresnari buruz... Zenbat dituzu, hiru-lau?

- Gehiago ere baditut. Kontzertuetan beti hiru edo lau erabiltzen ditut, ze azkenean trikitixa beti gelditzen da motz tonu aldetik, eta tonuz aldatu nahi izanez gero beste trikitixa bat hartzea duzu onena. Harmonikarekin gauza bera gertatzen da, jotzaileek harmonika ezberdin batzuk edukitzen dituzte, bakoitza bere tonalitatea daukana. Esne Beltzarekin hiru eramaten ditut, Fermin Muguruzarekin ari naizenean ere hiru, eta kasu honetan, Inpernuko-n, lau. Baina ez dut eramaten nire kuttunena, Zero Sette Antico bat. Serieko lehenengoetakoa izan zen, uste dut 2 zenbakia daramala. Erosi nuen hamabi urte nituela, txapelketetan nenbilen garaian.

- Zero Sette markakoa izanik, Italian egina izango da.

- Bai. Orain Italian egiten dira denak. Garai batean egon zen fabrika bat Donostiako Egia auzoan, 'Larrinaga-Guerrini' eta 'Larrinaga' marketako trikitixak egiten zituena. 'Larrinaga-Guerrini' markakoak hemengo Stradivarius dira, oso onak, baina jotzeko deserosoak. Horrelako bat erosi nahi izatekotan oso-oso garesti saltzen dira.

- Orain ba al daukazu 'Larrinaga-Guerrini' markakorik?

- Eduki izan dut, baina orain ez. Nahiago dut jotzeko moduko soinuak eduki.

- Zergatik ipini zenion 'Ereñotzu' izenburua disko hari, batik bat bailara hartako trikiti giroa ezagutu zenuelako?

- Bai, baina niri aitak esan zidanean trikitixa nahi al nuen ikasi, artean ez nekien zer zen ere, zeren Ereñotzun akordeoia jotzen zen beti. Nire arrebak ere akordeoia ikasten zuen Imanol Kamiorekin. Hernanin beste toki batzuetan ere egiten ziren erromeriak: Oialumen, Txilibita baserrian, Tilosetan... Aitak behin Aia San Pedrora eraman ninduen, Aristerratzura, eta kasualitatez, igande hartan Laja eta Landakanda jotzen ari ziren. Nik zortzi-bederatzi urte edukiko nituen, eta asko gustatu zitzaidan kaxa txiki hori, soinu txikia.

- Zuen aita zalea zen, beraz.

- Bai, zeren Ereñotzun bazuen lagun bat soinu txikia zeukana, baina oso gutxi zekien jotzen, bi pieza besterik ez zekien, nola edo hala, eta bi haiekin ibiltzen zen atzera eta aurrera. Nire aitak buruan sartuta zeukan, nik uste, bere umeren batek ikasi behar zuela soinu txikia jo-tzen.

- Zure arreba Kristinak jarraitzen al du jotzen?

- Bai! Trikitixa-irakasle ere bada, Urnietan. Jendaurreko saioak utzita zeuzkan, baina berriro nirekin hasi da Inpernuko saiotan. Niretzat Kristorena da proiektu honetan bi anaia-arrebak jardutea.

- Zein izan dira zugan zirrara berezia eragin duten trikitilariak?

- Bat, Azkonobieta, nire lehenbiziko irakaslea izan zena. Oriokoa da, oso kuttuna dut. Eta gero, nola ez, Kepa Junkera eta Joseba Tapia. 1988an hasi nintzen ni trikitixa ikasten, eta orduan txapelketak zeuden, eta Joseba eta Kepa lehian. Sakabi ere asko gustatzen zait,eta Imuntzo…

- Beti esan ohi da jendeak gutxi egiten duela dantza. Zuk zenbait tokitan beharbada lortuko zenuen benetan dantzaraztea.

- Urte asko daramakit herririk herri jotzen eta badakit zein diren toki dantzazaleenak, gutxi gorabehera. Aia inguru hori oso zalea da, Altzo eta Abaltzisketa ere bai… Abaltzisketan joko nuen nik nire bizi guztiko fandangorik luzeena, jendeak hala eskatuta. Lehia gertatu zen, ea zein nekatzen zen lehenago, dantzaria edo trikitilaria… Eta orain Esne Beltzarekin herri horretara joaten garenean ere, beti jartzen dut zatitxo bat trikitixa hutsekoa, omenaldi moduan. Harrigarria da.

Temas

Euskera