Scarlettenak egin du; Tilly dator
Saiatu da beti zinema aktoreak ordezkatzen, haragi-hezurrezkoen ordez, teknologiak sorturiko izakiak,asmakizunak, jartzen.
Ulergarria oso, aktore bizidunak nazkagarriak izan ohi baitira; molestia, traba, enbarazu hutsa pelikulak aurrera atera al izateko. Beti kexati, beti dudatan, beti izar bihurtu nahi eta esfortzu desesperatutan. Nazkagarriak, bai.
Hobe hilik baleude pentsatzen dute zuzendariek, ekoizleek ere bai. Egia esatearren, bapatean, ustekabean, filmaketa baten erdian zendu diren horien irudiak birziklatzen direnean, pelikula estreina dadin, ikusle gutxik erreparatzen diote kontuari, aurrean duten hori dagoeneko lurpean dela ez dute ezta sumatzen ere.
Bai, betidanik eta betiereko saiatu da zinema aktoreekin, aktoreetatik libratzen. Helburu maltzur hori buruan, hologramak sortu zituzten zientzialariek eta ingeniariek antzezleen mugimenduak harrapatu izan zituzten auskalo zer nolako magia teknologikoaren bitartez. Zertarako? Aktore benetakoen tokia hartu izan zuten marrazki animatuei akoplatzerko, egokitzeko. Pantailan jendeak buruan zuen aktorea ematen zuen zeozer agertzen zen baina hain zen erraza eta eroso ezabatzen!
Saiatu da beti bai, zinema haragi-hezurrezko jendaia alboratzen. Teknika/teknologia/deabrukeria birtuala agertu izan denero, zazpi ahalegin famatu horiek baino gehiago egin ditu zinemak, aktorerik gabeko filmak burutzeko asmo eta ametsetan.
Alferrik ordea. Zinema berez sorginkeria hutsa dela jakin arren, haragi hezurrezko ikusleek haragi hezurrezko pertsonaiak nahi ditu pantailan ikusi. Onartuko ditu errealitate birtuala, bai. Baita metalez eginiko robotak ere. Erreplikanteak ere bai. Baina nola edo hala, hala edo nola, inkluso ezinezkoak diruditen munstroek gizaki bat daramate erraietan. Esaterako, Star Warseko robot maitatu bi haiek. Edo Cheewaca bera…
Asaldaturik dabiltza egunotan Hollywoodeko izarrak. Hor nonbait agertu da Tilly Norwood aktore emakumea. Askoren esanetan, Scarlett Johanssonek berak edo Natalie Portmanek berak bereganatu izan duten ospea gaindituko du. Erraz asko, gainera. Herbehereetatik dator. Pelikula bakar batean ere ez da oraindik agertu.
Aztoraturik eta beldur daude baina Hollywoodeko izarrak. Eta haserre bizian 160.000 zinema langile, autore, izar biltzen dituen SAG-AFTRA sindikatu indartsua.
Tillyk ez du inor engainatu nahi. Bere sare sozialetan argi eta garbi egiten du berba: Zuek ulertu (nahi) ala ez, kreazio bat naiz. Horixe: zeluloidez ondo elikaturiko algoritmo primerako batek sorturiko aktorea. Ikus-entzunezko unibertsoan zeharo ezaguna(miretsia ere) den Particle 6 izeneko konpainiaren Xicola Studio kide Herbehereetakoak sortua, AA aurrenetarikoa erabiliz.
Oraindik ez du pelikula bakar batean parte hartu. Bai ordea hainbat iragarkitan. Izan da ere Zuricheko zinemaldiaren izar gonbidatua. Emakume bat, Eline Van der Vander, alegia, buru duen programatzaile talde itzel batek moldatua, badu, jada, bere interesak defendatuko dituen agentea, ahoan bilorik gabe mintzatzen den managerra: Ikusleari aktorea nor, zein, bost. Ikusleak istorio on bat konta diezaioten nahi du. Sintesizko aktoreen aroa hasi da, hasi dugu.
Tilly ezagutu berri duten anitzen irudiko, algoritmo baten produktu honek, izarra izan nahi duen honek, maniki hutsa ematen du, arimarik gabeko manikia, hamaika baino gehiago estetika-ebaketa eginiko panpina. Beste batzuek, aldiz, hain artifiziala den Hollywoodeko munduan aktore artifizialak izugarrizko etorkizun oparoa izango duela uste dute zinez….
Auzia argitu arte, bila ezazue Tilly Norwood sare sozialetan. Zinema saiatu da beti aktoreak ezabatzen, ordezkatzen. Lortuko ote oraingoan?