Ramon Agirre, Alaitz Arenzana eta Nerea Alberdik osatuko dute epaimahaia
Iazko edizioari jarraiki, sari gehiago eta potoloagoak banatuko dira: film onenarentzat 3.000 euro eta zuzendari eta gidoi onenek 1.600 euro bakoitzak
Ramon Agirre aktorea, Alaitz Arenzana Zinegoak jaialdiko zuzendari artistikoa eta eta Nerea Alberdi musika konposatzailea izango dira 46. edizioko epaimahaikideak Euskal Zine Bilerak jakinarazi duenez. Hiruen ardura izango da Lehiaketa saileko filmak ikusi, baloratzeaz eta sariak eta aitortzak banatzea.
Ohi bezala, hiru profesionalek izango dute filmak ikusi eta baloratzeko ardura, eta horien artean, Ramon Agirre Lasarte aktorea dago, iazko ekitaldiko omendua. 1983az geroztik, euskal antzezlan, telesail eta pelikula ugarietan aritutakoa da Agirre, baita nazioarteko zenbait ekoizpenetan ere, Michael Hanekeren Amour (2012) lanean, kasu. Donostia Zinemaldiaren 66. edizioan Zinemira saria jaso zuen.
Donostiarrarekin batera, Alaitz Arenzana Letamendi eta Nerea Alberdi izango dira jardunean. Lehenengoa Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ Zine eta Arte eszenikoen Jaialdiko zuzendari artistikoa da egun, baita Sra Polaroiska kolektiboko kidea ere. Alberdi, aldiz, musika konpositore, orkestratzaile eta moldatzailea da. Film Scoring por Berklee College of Music eskolan graduatu zen eta hainbat soinu banda sortu ditu, telebistarako, arte eszenikoetarako eta publizitaterako sorkuntzez arduratzeaz gain.
«Zinea eskutik eskura pasatzen doan lekukoa da, istorio bat belarritik belarrira kontatzen den moduan, eta aho bakoitzean desberdina bilakatzen den lez. Aurten ere, Euskal Zine Bilera, euskarazko zine-zidorrak zabalduko dizkiguten bidegile berrien erakusleiho eta bidelagun zaharren topaleku izango da». Bada, Jarraitu zinearen lorratza lelopean, 46. edizioa ospatuko du Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 2023ko urriaren 19tik 22ra bitartean, eta behin izen-emate epea itxita, antolatzaileek Lehiaketa ataleko epaimahaikideak nortzuk izango diren zehaztu dute.
Sari potoloak
Iazko edizioari jarraiki, aurrekoetan baino sari gehiago eta potoloagoak banatuko dituzte epaimahaikideek 46. Euskal Zine Bileraren itxiera-ekitaldian: film onenak 3.000 euro jasoko ditu, zuzendari eta gidoi onenek 1.600 euro bakoitzak. Gainera, aurkeztutako lanen artean aipamen berezia egiteko ahalmena izango dute ere. Aitortza honek ez du ordainsaririk izango baina filma urteko palmaresaren parte izango dela zehaztu dute.