16 film eskainiko dira Nanteseko zinemaldian
Zehazki hamar film luze, film labur bat eta 2022ko Kimuak bildumako bost lan ikusi ahalko dira
DV
Larunbata, 25 martxoa 2023, 11:11
Hamasei euskal film eskainiko dira ostegun honetatik apirilaren 2ra arte Nantesen izango den Cinema Espagnol jaialdiaren Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloaren baitan. Zehazki hamar film luze, film labur bat eta 2022ko Kimuak bildumako bost lan ikusi ahalko dira. Gainera, euskal film batek itxiko du 32. edizioa.
Horrela, Mikel Gurreak zuzendutako 'Suro' (2022) Fikziozko Film Onenaren Sailean lehiatuko da, aurtengo Goya Sarietan bi izendapen jaso eta gero, eta Fikziozko Film Onenaren Sailean eta lehiaketatik kanpo, Fermin Muguruzaren 'Black is Beltza II: Ainhoa' (2021) animaziozko filma ikusi ahal izango da.
Maria Elorzaren 'A los libros y a las mujeres canto' (2022), aldiz, Dokumental Onenaren Saria eskuratzeko lehiatuko da, eta Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako 'Cinco lobitos' (2022) Premiers Film Saria eskuratzen saiatuko da.
Iciar Bollainen 'Maixabel' (2021) filmak Fenêtre Basque ataleko partaidetza errepikatuko du aurten ere, Nantesko Zinemaldiko aurreko edizioan Fikziozko Film Onenaren Saria eta Publikoaren Saria irabazi ondoren. Aurten, Compétition Scolaires (Eskola Lehiaketa) saileanlehiatuko da.
Ana Diezen 'A quien cierra los ojos' (2022), Imanol Uriberen 'Llegaron de noche' (2022), Jabi Elortegiren 'El vasco' (2022), Iratxe Fresnedaren 'Tetúan' (2022) eta Fermin Muguruzaren 'Black is Beltza' (2018) lanek osatuko dute Fenêtre Basque zikloko euskal film luzeen eskaintza.
Halaber, jaialdiko film labur onena izateko hautagaien artean egongo da Esti Urresolaren 'Cuerdas' (2021), eta, aurreko edizioetan bezala, Kimuak 2022 aukeraketan jasotako beste lanetako batzuk ere ikusi ahal izango dira: 'Fe' (Maider Fernandez, 2022), 'Hemen bizi da maitasuna' (Ainhoa Olaso eta Enara Garcia, 2022), 'Hirugarren koadernoa' (Lur Olaizola, 2022), 'Irrits' (Maider Oleaga, 2022) eta'Lanbroa' (Aitzol Saratxaga, 2022).
Azkenik, Aritz Morenoren 'Ventajas de viajar en tren' lanak itxiko du Nanteseko Zinemaldiko 32. edizioa.