Bizkaiko finalerako azken epailea izango da Markina-Xemein
Aitor Bizkarra eta Aitor Etxebarriazarraga jada sailkatuak dira. Finala abenduaren 20an izango da
J. Agirre
Ostirala, 21 azaroa 2025, 15:43
Kasualitate eta ironiatik, tarteka, badu patuak. 2025eko Bizkaiko Bertsolari txapelketa aurkeztu zenean albiste nagusietako bat jardungo txapeldunak, Nerea Ibarzabalek, ez zuela parte hartuko izan zen. Ordutik ia sei hilabete igaro dira, baina nolabait Markina-Xemein berriro izango da protagonista, larunbat honetan bertan lehiatuko den finalaurrekoak osatuko baitu abenduaren 20ko finalean kantuan ariko den zortzikoa. Jada sailkatuak dira Aitor Bizkarra eta Aitor Etxebarriazarraga.
Bigarren eta azken finalaurrekoan sei bertsolari ariko dira kantuan: Gorka Pagonabarraga Agorria, Imanol Uria Albizuri, Jone Uria Albizuri, Oihana Bartra Arenas, Txaber Altube Sarrionandia eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Zihara Enbeita Gardokik emandako gaiekin ariko dira kantuan eta haien jarduna Ainhoa Arregi Elosuak, Ander Arrien Aspiazuk, Garazi Mendoza Agirrek, Jurgi Fuentes Goikoetxeak, Marta Ortiz Mateok, Mirari Azula Aurrekoetxeak eta Miriam Juaristi Urizarrek epaituko dute. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga egongo da. Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian. Zuzenean ere saioa jarraitzeko aukera egongo da EITB4n.
Ez dira, hala ere, saioari begira ariko diren bakarrik, bi itzulitara lehiatu diren gainerakoak ere oso pendiente izango baitira. Izan ere, bi bueltetako puntuazioen batuketak erabakiko du zein zortzi bertsolarik lortu duten puntuaziorik altuena eta, beraz, finalerako sailkapena. Bi sailkatuez gain, orain honela da sailkapena.
Jada bi bueltetan kantatu duten Onintza Enbeita (1258.00), Aissa Intxausti (1202.00), Unai Mendiburu (1199.50) eta Ibai Amillategi (1191.00). Eta Markina-Xemeinen ariko diren Xabat Galletebeitia (653.00), Jone Uria (649.00), Oihana Bartra (629.50), Imanol Uria (615.00), Txaber Altube (607.50) eta Gorka Pagonabarraga (604.50).
Bestalde, finala ETB1en zuzenean jarraitzeko aukera ere egongo da, finalaurrekoekin ETB4n gertatu bezala: Ilaski Serranok aurkeztuko du finala, Ainhoa Urien Telletxe alboan duela.