Bilboko Zenbat Gara elkarteak jasoko du Elkar Ibilbideari saria
Proiektuari saria Kanaldude telebistari eman dio Elkar Fundazioak. Sari banaketa ekainaren 3an izango da Bilbon
Urte luzez Bilbo euskalduntzeko lan eskerga egin duen Zenbat Gara elkarteak jasoko du Elkar Fundazioaren 2025eko saria «euskalduntzeari Bilbon falta zitzaiona» bilatzeko egindako lanagatik eta abian jarritako proiektuen bidez euskara ikasteko «ingurua eskaintzeaz gain euskaldunekin harremantzeko» emandako aukerarengatik. Albistea «pozez eta eskertuta» jaso dute Eider del Canto eta Eider Cortezónek. Era berean mintzatu dira 2025eko Proiektuari elkar saria jaso duten Kanaldude telebistako Pantxika Maitia eta Eki Pagoaga kideak. Haiekin izan da Adunako Elkarren egoitzan egin den agerraldian Joan Mari Larrarte Elkar Fundazioko lehendakaria.
Zenbat Gara elkartea 1990ean sortu zen bilbotarrak euskalduntzen zeramatzan Gabriel Aresti euskaltegiaren bueltan. «Gizartea aldatu da, baina panorama linguistikoa asko ez», azaldu du atzera begira Del Cantok. Euskaltegian ikasleek euskara ikasten zutela nabari zen, baina «euskaraz bizitzeko eta aritzeko aukera» faltak bultzatu du du urte hauetan Zenbat Gara bestelako proiektu osagarriak sortzera. «Ehunka bilbotar euskalduntzen da, baina gero ostalaritza, kultur ekitaldiak, aisialdia... dena gaztelaniaz zen», bota dute galdera-erronka. Eta adibide bezala jarri ditu ere eskoletako erronkak, euskara badela, baina gero ez dela «jolastu, bizi edo amesteko aukerarik», irratia entzunda «gaztelania nagusi» dela, etab. Azaldu dutenez «egoera hori irauli nahian» bultzatu dituzte besteak beste Bilbo Hiria Irratia, Algara konpartsa, Erroa argitaletxea edo haur eta gazteentzako Kurkuluxtan eta Gazteola ekimenak eta ziurrenik ezagunena den Bilboko Kafe Antzokia.
Tarte horretan transmisioa oso garrantzitsua izan dela azpimarratu du Del Cantok. «Bidea luzea izan da, lan handia egin dugu, eta aurretik egindako kideek erakutsi digute zein den bidea». Era berean pena puntu batez egoera oso antzekoa dela mahaigaineratu du. «Bilbo erdaldun hori ez da asko aldatu». Bat azaldu da Cortezón: «Gizartea aldatu da, baina panorama linguisikoa asko ez. Behar horietatik sortu zen eta orain ere nabaritzen dugu». Hala, saria jarri duten aletxoaren aitortza bezala jaso dute. «Erronka badaukagu, euskaldunak egon badaude. Gure artean elkartzen eta saretzen jarraitu behar dugu».
Kanalduderi ere aitortza
Aldude ibarrean (Nafarroa Beherea) 1997an sortu zen Kanaldude telebistak jasoko du Proiektuaren Elkar saria. Maitiak bi errealitatek ezberdin badira ere erronkak nahikoa antzekoak direla esan du, baita «ohorea» izan da haientzat aitortza. Ipar Euskal Herrian 350.000 biztanle ingurutik, %20 inguruk soilik hitz egiten du euskaraz. «Gutxi dira, baina geureganatu nahi ditugu», esan du Kanaldudeko kideak.
Bidean 2018an Kanaldude telebista bezala «ofizialki» onartua izana mugarri izan zela azaldu du Pagoagak, baita «bihurgune» urtea izan zela. «Dinamika berri bat ireki digu, ate berriak». Hala, egun Frantziar estatu osoan ikus daiteke, baita online ere webgune eta aplikazio berrituaren bitartez. Garapen teknikoa, sakona izan dena, ez da bakarra eta komunikazio-ereduarekin oso eskutik joan da: zinemagintza bultzatzea -urtean hiru labur eta bi dokumental-, kiroletan emakumeen ikusgarritasuna bermatzea, bestelako hedabideein sinergiak -Hamaika TB, Goiena, ETB...-, etab. Diru-iturri berriekin hori sakondu, teknikoki garatu eta egoitza ondoan ikus-entzunezkoen polo berri bat eratuko dute.
Sari banaketa ere, keinu
Sari banaketa ekitaldian ekainaren 3an izango da arratsaldeko 18:30ean. Zenbat Gara elkarteari keinu bezala Bilbon izango da, zehazki aurten 30 urte beteko dituen Kafe Antzokian. Bertan jasoko dute Gotzon Huegunek egindako eskultura. Era berean, Kanaldudek 10.000 euro jasoko ditu martxan duten proiektua sustatzek. «Lagungarri izatea espero dugu», adierazi Fundazioko lehendakariak. Kideek argi utzi dute «haientzat asko» dela.
2016an sortu zenetik urtero eman da ibilbideari elkar saria Fundazioaren iritziz «euskal kulturari ekarpen aipagarria» egin duena nabarmentzeko, baina ez une puntual batekoa, ibilbide osoa baizik. Hala, sarituen zerrendan dira Gerediaga elkartea (2016), Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa (2017), Euskal Memoria (2018), Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza (2019), Seaska (2020), Euskal Herriko Bertsozale Elkartea (2021), Elhuyar eta UEU (2022), Ikastolen Elkartea (2023) eta AEK - Korrika (2024).
Bestetik, euskal kultur eremuan ekimen berriak martxan jartzea helburu du Proiektuari elkar sariak. Bi urtean behin ematen da, lehena 2017an, Jakin Fundazioaren ' XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa' izeneko egitasmoak jasoa. Gerora jaso dute Euskal Herria Zuzenean festibalak (2019), 'Lur eta Amets' pelikula eta telesailari jarraipena emateko Lotura films-en proiektuak eta Eusko Ikaskuntzaren 'Kultur politiken azterketa' (2023).
- Temas
- Elkar
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.