Ostiralean izango da Bertsuxurla lehiaketako bigarren kanporaketa
Lehen kanporaketan Haira Aizpurua eta Eki Mateorena sailkatu ziren urtarrilaren 27an izango den finalerako
IKER MENDIA
Osteguna, 12 urtarrila 2023
Bertsolari gazteentzako Bertsuxurla lehiaketa bigarren kanporaketa izango da ostiral honetan, urtarrilak 13, Lekorneko Etxebarne ostatuan. Saioan Irati Alcantarilla eta Beñat Astiz; Oier Urrezti eta June Aiestaran, eta Maite Sarasola eta Jon Mendiluze bikoteek lehiatuko dira
Ostean lehen faseko hirugarren eta azken kanporaketa izango da Erratzu eta Baigorri artean dagoen Izpegiko Bereko Bentan. Kantuan Maddi Aiestaran eta Unai Anda; Izaro Bilbao eta Maddi Agirre, eta Ibai Lekuona eta June Diaz bikoteak ariko dira aurrez aurre finalerako azken sarreraren bila.
Finala urtarrilaren 27an, ostirala, izango da Pausuko Xaia ostatuan eta lehiaketa bakoitzeko bikote garailea arituko da kantuan.
Pasa den urtarrilaren 6an izan zen Atharratzen Bertsolari gazteentzako Bertsuxurla lehiaketako lehen kanporaketa «giro bikainean» antolatzaileek azaldu zutenez. Prefosta elkartearen laguntzarekin egindako saioan Haira Aizpurua eta Eki Mateorena; Irantzu Idoate eta Josu Txoperena, eta Ekhiñe Zapiain eta Oihan Perez bikoteek hartu zuten parte eta lehena sailkatu zen finalera.
Ekimena Bertsularien Lagunak Elkarteak jarri zuen abian urtarrila hasieran eta hiru helburu nagusi ditu. Alde batetik, Ipar Euskal Herrian bertsozaletasuna sustatzea, bestetik, euskarari beste arnasgune bat ematea, eta azkenik, Euskal Herriko bertsolari gazteei beste plaza bat eskaintzea, Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzea zailagoa delako eurentzat.
Lehiaketan Euskal Herri osoko 16 eta 22 urte arteko 18 bertsolarik parte hartuko dute, eta saio guztietan, Xalbat Altzugarai eta Leire Casamajou gai-jartzaile gisa ariko dira.