Borrar
Juan Madariaga (ezk.) eta Andres Urrutia euskaltzainburua, 2014an, liburua aurkeztu zutenean Usoz

Bere mailan 'best-sellerra'

Jendeak eskatuta, berriro argitaratu dute Juan Madariagaren 'Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII' liburua

Astelehena, 28 maiatza 2018, 11:31

Comenta

Euskaltzaindiak 'Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII' liburuaren bigarren argitaraldia kaleratu du. Juan Madariaga Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak idatzitako liburua 2014an argitaratu zuen Akademiak, baina kaleratu eta hilabete gutxira agortu egin zen. Harrezkero, lana berrargitaratzeko hainbat eskari jaso dira.

Segituan atentzioa ematen duen liburua da, lodia baita oso: 799 orrialde. Halako paper pila izanik, Euskaltzaindiak beste erakunde batekin elkarlanean egin zuen argitalpena: Dorre Olasoko Sorrerakundearekin. Erakunde honek Bergaran du egoitza eta Juan Madariaga bera ere bergararra dugu, 1976an hasi eta 2002ra arte hango UNEDeko irakasle izan zelarik. Baina egun Nafarroako Unibertsitate Publikoan ari da lanean.

Liburuan hamar interesgune zehaztu ditu autoreak (instituzioak, eliza, hezkuntza, osasuna, sorginak...), eta interesgune bakoitzari kapitulu bana eskaini dio. Azken kapitulua, aldiz, berezia da: euskararen eta euskaldunen geografia eta demografia aztertzen ditu bertan. Bukaera aldera, 'Geografía y demografía de los vascófonos' izeneko atal luzea dakar liburuak. Eta bertan, euskaldunen portzentajeak egitera ausartzen da egilea. Hor aldamenean ikus daitekeen koadroa, alegia. Ez da erraza horrelako kalkuluak egitea, garai haietako biztanleria ez baita kontu zehatza. Agintariak herritarrak zenbatzen hasten zirenetan, helburu fiskalekin egiten zuten, eta ez zituzten norbanakoak zenbatzen, baizik eta familiak edo etxeak -gaztelaniaz, 'fuegos'-.

Lehendabiziko atala 'El euskera en las instituciones' dugu. Halako batean, hau dio Madariagak: «1571ra arte, dirudienez, ez zegoen hizkuntz mugarik Gipuzkoan udal karguen jabe egiteko. Dena dela, aktak gaztelaniaz egiten zirenez, joera izaten zen (batez ere herri handienetan) eztabaidak gaztelaniaz egitekoa, baina gertatzen zen zinegotzi askok ez zekiela euskara besterik, eta hortik arazo dezente etortzen ziren. Ikus dezagun kasu horietako bat. 1547ko maiatzaren lehenean, Errenterian egin zen udalbatzan, zinegotzietako batek, Martin Ezkurrak, kexu hau agertu zuen: 'Este dicho día e lugar, ante sus merçedes paresçió presente el dicho Martín d'Ezcurrae dixo que requería a sus merçedes que pues sabían que a él no se le entendía la lengua castellana, que en todo el tiempo que estuviesen en rregimiento e hablasen en las cosas tocantes al conçejo hablasen en basquence, donde no, qu'el se esimía de qualquier daño que le podría benir a cabsa d'ello'».

Hau da, badirudi orduan Errenteriako zinegotzi guztiak zirela euskaldunak. Inork ez daki zer erantzun jaso zuen Ezkurrak, baina gauza segurua da udal-bileretara agertzen segitu zuela. Urte batzuk pasa ziren eta, azkenean, alde ahulenetik puskatu zen soka. 1771n Errenterian bertan egin ziren Biltzar Nagusiak eta erabaki zen handik aurrera Gipuzkoako alkate guztiek gaztelaniaz ondo moldatu behar zutela, jakin behar zutela hizketan nahiz idazten. Geroxeago, 1573an, errege Felipe II.ak berak berretsi zuen Batzar Nagusien erabakia.

Hurrengo atala 'El euskara y la Iglesia' dugu. XVII eta XVIII. mendeetan makina bat auzi gertatu zen, euskaldunak gehiengo ziren herrietara apaiz erdaldun hutsa bidaltzen zutelako. Jose Maria Jimeno Juríok Nafarroa Garaian bildutako auziak aipatzen ditu Madariagak, eta zerrenda luzea da, alderdi askotako parajeak ageri direlarik: Gallipentzu (1571), Arandogoien (Deierri) (1572), Lizarrako San Juango parrokia (1607), Bidankoze (Erronkari), Berriozar (Antsoain) (1717)...

Lizarrako San Juango parrokiaren inguruko auziko dokumentazioaren arabera, 1600-1607 urte-epean biztanleen herena zen 'bascongadoa', hau da, soilik euskara zekiena, eta beste heren bat elebiduna izango zen, maila ezberdinetako elebiduna.Galdera batzuk egin dizkiot Juan Madariagari:

- Garai haietan zein ordena erlijiosoa izan zen euskaltzaleena?

- Jesuitak. Baina 1767an Espainiatik kanporatuak izan zirenean, handik aurrera frantziskotarrek hartu zuten euskaltzaletasunaren lekukoa.

- Bascongadak bere argi-itzalak ditu.

- Bai, RSBAPek jokaera anbiguoa izan zuen euskararen inguruan. Kideetako batzuk (Peñafloridako kondea, adibidez) euskal hizkuntza sustatzearen alde agertu ziren. Baina eskoletako hizkuntza gaztelania -«nazionala»- izan zedila eskatu zuen elkarteak berak ofizialki.

- Handikiak beti gaztelaniaz mintzatzen ziren?

- 'Notableei', beren artean, gaztelaniaz egitea gustatzen zitzaien, baina haietako batzuk hobeto moldatzen ziren euskaraz, eta hizkuntza horretan jarduten zuten familia barruan eta eguneroko eginkizunetan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Bere mailan 'best-sellerra'

Bere mailan 'best-sellerra'