Galder Perezen 'Lurrun minak' antzezlanak Beran hasiko du bira larunbatean
Igandean Oiartzunen eta datorren astean Eibarren ikusi ahal izango den piezak hiru gizonezko jartzen ditu, «hiruki sozial, erotiko eta politiko» bat, hainbat gairi buruzko solasean, sauna baten barruan
Astelehena, 15 otsaila 2021, 14:00
Duela aste batzuk, Susa argitaletxeak, Ganbila bildumaren barruan, Galder Perez aktore, gidoigile, irrati esatari eta antzerkigile bilbotarraren hiru lan biltzen dituen 'Hiru geltoki lurrun' liburua aurkeztu zuen. 'Lau metrora' eta 'Off the record'-ekin batera hirukoa osatzen duen 'Lurrun minez'-ek datorren larunbatean, otsailaren 20an, hasiko du bira Beran. Hurrengo egunetan, Oiartzunen (21ean, igandearekin) eta Eibarren (24an, asteazkenarekin) ikusi ahal izango da antzezlana, zeinetan Galder Perezek sauna gay batean kokatu dituen «hiruki sozial, erotiko eta politiko« bat osatzen duten hiru gizonezko.
«Lurrun artean desioak, jaia, frustrazioak, erakarpen sexualak, boterea eta beste hamaika kontu labainkor nahastuko dira», eta hainbat gairi buruz eztabaidatzeko parada eskainiko die ezusteko topaketak: beharrezkoa ote da identitatearen etiketa? dena justifikatu eta azaldu beharra ez ote da bestelako boterearengandik jasotako herentzia kontserbadore patriarkala?... «Hiru mariken arteko drama psikologiko, sozial eta sexuala« gisa aztertu duten antzezlanean» hizpide izango dituzte «harremanen nondik norakoak, boterea eta gizakiok sexualki erabiltzen ditugun mekanismoak» eta beste.
Antzezlana 2020ko martxoaren 27an zen estreinatzekoa Bilboko La Fundicion aretoan, Nazioarteko Antzerki Egunean, Loraldia festibalean, baina bertan behera geratu zen estreinaldia pandemiaren eraginez. Azkenean, 2020ko urrian estreinatu zen eta, esan bezala, otsailaren 20an hasiko bira Beran, antzezlaneko musikariaren, Joseba B.Lenoir-en herrian, hain zuzen ere.
Aurkezpenean diotenez, «testutik abiatuta, ikuskizunak plastika eta antzerkigintza garaikidea proposatuko dizkio ikusleari denbora eta espazio lerroa apurtuz». Olatz Gorrotxategi zuzendariak azaldu duenez, berriz, «antzezlanean zehar dekoratua biratzeko aukeraz baliatu gara. Modu honetan, ikusleak eszena beste leku batetik ulertu eta sentituko du. Pertsonaien izaerarekin enpatia izanik, pertsonaiak ulertu eta sentitzeko bidea ireki nahi izan dugu.» Galder Perezen testua, Olatz Gorrotxategiren gidaritzapean, Gaizka Chamizo, Jon Koldo Vazquez eta Pelayo Serranok antzeztuko dute, Joseba B. Lenoir-en zuzeneko musikaz.