Beñat Gaztelumendi: «Uste dut nabaritu zaidala nire lekua zein den banekiela, eta leku horretatik ari nintzela kantatzen»
Gipuzkoako txapelduna ·
Bigarren txapelak eragin dion poza batere gutxietsi gabe, sari handitzat du bertsolaritza aberasten ari diren aldaketa ugariak bertatik bertara bizitzeaIgande goiza, larunbat arratsaldea bezala, mikrofonoen aurrean igaro zuen Beñat Gaztelumendik, kazetariekin partekatuz bezperan jasotako txapelaren poza, 6.000 lagunen aurrean kantatzeari atxikitako «muturreko sentsazioen» biharamuna eta bertsolaritzari buruzko gogoetak. Añorgan, jakina.
- Lau txapelketa, lau buruz buruko, bi txapel ... Momentu gogoangarri asko izango dituzu pilatuta. Herenegungo finala gogoratzean, txapelarena kenduta, zein duzu momentu bereziena?
- Egia esateko, txapelaren momentua baino beste momentu bat daukat buruan. Zortzigarren izatea egokitu zitzaidan zozketan. Alde batean Ane Labaka neukan, eta beste aldean hutsune bat. Entzun ere ez nuen ondo entzuten. Finalaren lehen zatia nahiko arraro pasa nuen, lanbro batean bezala, nahiko hotz. Puntu erantzunen ondoren, Ane Labaka eta Beñat Lizaso altxa ziren kantatzera, eta nik aprobetxatu nuen barrura sartzeko eta taldearen goxoa sentitzeko. Oihana Iguaranen ondoan eseri nintzen, gero hamarreko txikian elkarrekin egin behar genuelako, eta esan nion ondo ari nintzela baina arraro samar nengoela. Berak heldu zidan eta esan zidan «ondo ari zara, gainera gogoa daukazu nirekin kantatzeko. Orain hamarreko txikia dator, gaiak nahiko tristeak eta gogorrak izaten ari dira, ea zirrikitu bat aurkitzen dugun positibotik kantatzeko». Lehenengo bertsoa bota zidan, bertso bikaina, eta begiratu ninduen, baina ez erronkatik baizik eta esateko «hau bota dizut, segi horri». Hori da geratu zaidan momentua.
- «Dena erortzen denean, kantukideari heldu», kantatu zenuen agurrean. Horrelako laguntasun eta kolaborazio keinuez ari zinen?
- Aurkezpeneko prentsaurrekoan ere esan nuen bertsolaritza, belaunaldi askotan, gauza oso dialektikoa izan dela, eta hor ari dela aldaketa bat gertatzen. Finalean hamarreko txikian sentitu nuen, Oihanarekin, bide bat irekitzen ari zela, nik bide horri segi niola eta bion artean egin genuela ofizioa; ez ginela elkarren kontra ari, baizik eta elkarrekin. Alde horretatik finala gozada bat izan zen, taldeari dagokionez.
- Txapel batetik bestera zure burua asko aldatuko zen seguruenik. Txapela bera eta horren jabe izateko modua ere ari al dira aldatzen?
- Asko kostatzen zait txapelari buruz gauza abstraktu eta sinboliko bezala hitz egitea, justu gertu daukadalako eta esanahiaz ez naizelako gehiegi jabetzen, baina pertsonalki nire ibilbidea txapelketan dezente aldatu da, bai. Jende askok esaten du nahiko erregularra, nahiko hotza naizela, baina nik ez dut horrela bizi.
- Nolakoa izan da txapelketan egin duzun ibilbide hori?
- 2007an, 20 urterekin iritsi nintzen Gipuzkoako Txapelketako finalera. Azkena edo azken-aurrena iritsi nintzen eta inork ez zuen espero buruz burukoan sartuko nintzenik. Gogoratzen naiz final horretara joan nintzela erronka batera bezala. Belaunaldi zaharragoko bertsolariak zeuden, eta hori zen tokatzen zena, «hemen gaude gu» esatea. 2011an, behin buruz burukora pasata, eta Txapelketa Nagusian ibilita, jende askok ikusten ninduen bertsolari egintzat, baina nik ez nuen nire burua horrela ikusten, eta kokatu ezin batean iritsi nintzen final horretara. Banekien zer ez nuen egin behar, baina zer egin behar nuen ez nekien.
- Hurrengoan txapela lortu zenuen.
- 2015ean nahiko garbi neukan nondik egin nahi nuen bertsotan, eta nahiko kokatuta iritsi nintzen finalera. Justu 2013ko Txapelketa Nagusiaren garaian izan ziren hainbat eztabaida eta berrikuntza, lehenagotik zetozenak, bereziki emakumeak bertsolaritzan sartzen hasi zirenetik. Sentitu nuen bertsolaritza izugarri aldatu zela, ez emakumea sartu zelako, baizik eta emakumeen sartze horretan pauso pila bat eman zirelako urte gutxian; diskurtsoa ikaragarri berritu zelako eta bertsotan kokatzeko moduak asko aldatu zirelako. Kokapen horretan nire burua ez nuen erabat eroso sentitu Txapelketa Nagusian, ezta 2015ekoan ere. Txapelketa honetan alde horretatik gustura ibili naiz, uste dut nabaritu zaidala nire lekua zein den banekiela, eta leku horretatik ari nintzela kantatzen.
- Emakumeen presentzia handiaz gain, zertan igarri ziren larunbateko finalean aldaketa horiek?
- Gauza konkretuak baino gehiago, bertsolaritzaren irakurketa bera da aldatu dena. Bertsolaritza oso gauza esentzialistatzat hartu izan da, eta oraindik badaude batzuk hortik heltzen diotenak, oso gorputz konkretu batzuei lotutako zerbait bezala. Gu bertsotan hasi ginenean esaten ziguten ez dagoela gorputzik. «Altu kantatu, zurrun egon eta bota. Testuak inporta du», esaten ziguten. Baina gorputza ere bada testu horren parte, eta alde horretatik uste dut bertsoak ulertzeko modua aldatzen ari dela, ez dela hainbeste zer kantatzen den bakarrik, baizik eta finalaren testuinguru guztia nola bizi dugun. Nola bizi izan genuen prentsaurrekoa, nola egon garen elkarrekin aste honetan, finala nolakoa izan zen... Alde horretatik uste dut 2007ko finaletik atzokora dezenteko aldaketak egon direla. Fisikoago egon ginen elkarrekin, eta ofizioetan ere uste dut ikusi zela elkarri kontra egiteko baino gehiago egon ginela elkarrekin kolaboratzeko, bidea elkarrekin egiteko. Dialektika hori bertsolaritzan beti egongo da, eta interesantea da, baina gaur egun gauza askoz gehiago egiten ditugu lehen egiten genituenak baino.
- Aldaketa horiek publikoari eskatzen diote aurreiritziak gainditzea, entzuteko beste modu batzuetara ohitzea... Zer inpresio jaso zenuten alde horretatik? Batzuetan nabaritzen zen identifikazio eta gertutasun handia entzuleen eta bertsolarien artean, baina beste batzuetan bistakoagoa zen distantzia.
- Inpresio horixe izan genuen. Ematen du bertsolariok bakarrik aldatu behar dugula, baina aldaketak leku askotan gertatu behar dira aldi berean. Batzuetan nabarmenago ikusten dira, eta beste batzuetan ez. Adibidez Oiartzungo saioan [azaroaren 24an jokatu zen finalaurrekoa, non finalerako sailkatu ziren Gaztelumendi, Alaia Martin eta Ane Labaka] nabarmena zen publiko mota bat zegoela eta gauza batzuk txalotzen zirela. Larunbatean ez nuke esango hainbestekoa zenik, nabarmena zen publiko oso diferenteak zeudela, bertsolari estilo diferenteak txalotzen zituztenak. Uste dut hori dela gaurko egoera.
- Aniztasunak aberastasuna dakar. Beste kontu bat da estilo guztiek izatea aukera eta pisu bera.
- Hori askotan planteatzen da txapelari lotuta. Zer sinbolizatzen duen edo zer ordezkatzen duen txapelak, alegia. Denbora askoan txapelak ordezkatu du bertsolaritzaren sistemaren gorengo puntua, baina ez nuke esango bertsolaritza bakarra denik. Askotan esaten da bertsolaritzak daudela gaur egun. Arte diziplina bezala normala da, hala behar du. Gertatzen dena da alde horretatik txapelketak arazo bat daukala, momentu batean bertsokera konkretu bat sartu behar delako aurretik ez zegoen toki batean. Irizpide berdinekin epaitu ezin diren gauza diferente asko daude, eta publikoa berdin dagoela uste dut. Aipatzen dugunean bertsolaritza kolaboratiboagoa egin behar dugula, publikoaren zati bati gustatzen zaio, ulertzen du eta baloratzen du, eta beste zati batek nahiago du garai batekoa. Oraindik lan dezente daukagu egiteko bertsokera guztiek autoritate maila bera izan dezaten.
- Buruz burukoan estilo diferenteko bi bertsolari aritu zineten. Hasieratik esan zuen Agin Laburu txapeldunordeak berak erakutsi nahi zuela nola egiten duen bertsotan «beste karriletik».
- Hori oso interesantea da. Azken batean ez da ze estilo nagusitu behar den edo bertsotan nola egin behar den, baizik eta, esan bezala, autoritate maila bera izatea denek. Alde horretatik uste dut Aginek bertsokera bat duela, nik beste bat egiten dudala, Ane Labakak beste bat, Alaia Martinek ere bai... Bertsolaritza oso momentu interesantean dagoela, txapelketatik harago. Azken urteetan nabaritzen da plaza mota desberdinak sortu direla. Feminismotik datorren publiko bat bertsozaletu da, lehen bertsozalea ez zena, eta horrek bertsolaritzaren modu konkretu batzuk ekarri ditu lehen ez zeudenak. Konplikatua da mapa berri horretan norbera kokatzea, baina aldi berean uste dut momentu ikaragarri interesantea dela.
- Kokatzea aipatu duzunez, prest zeunden, edo prestatuta, buruz burukotik kanpo gelditzeko?
- Egia esateko, uste nuen ez nintzela pasako. Besteen finala ez nintzen ari gehiegi jarraitzen, baina konturatzen nintzen nola pizten zuten publikoa Aginek eta Alaiak. Zortzikotearen lana bukatu zenean momentu bat izan genuen behera jaisteko, eta nire sentsazioa zen buruz burukotik kanpo geldituko nintzela. Oihana Iguaranek esan zidan zentratzeko. Saioa oso ondo irakurria zeukan, eta esan zidan «hor izango zara». Aginek berak ere esaten zidan «hor egongo zara», baina nik ez nuen argi ikusten. Lehenengo zatia pasa nuen prestatzen ez pasatzeko, eta behin pasa nintzenean lasaitu handia hartu nuen, sentitu nuen oraindik baneukala espazioa ekarpen handiagoa egiteko. Poz handia hartu nuen pasa nintzenean, esan beharrik ez dago, baina ez pasatzeko ere prest nengoen.
- Pasa zinen, jantzi zenuen txapela... Eta orain zer?
- Orain mugituta eta arraro samar egotea tokatzen zait. 6.000 pertsonaren aurrean bat-batean eta 'a capella' aritzeak oso muturreko sentsazioak dakartza, eta sentsazio horiei eman behar zaie denbora bere onera etor daitezen. Ni 2007an hasi nintzen txapelketan, 12 urte daramatzat. Ibilbide bat egin dut, ez dut uste txapel onek ezer aldatuko duenik. Hemendik urte batzuetara jendeak begiratuko dio palmaresari eta esango du 'joe, Beñat Gaztelumendik lau buruz buruko eta bi txapel', baina ni momentu honetan ez nago horri begiratzeko, gehiago nago kantatzeko gogoz. Bertsolaritza bizitzen ari den momentu apasionante honetan leku pribilegiatuan nago, eta hor egon nahi dut presente.