Beñat Azaldegi: «Finalaurrekoak ikusita, finala ere ederra izango den esperantza dugu»
Illunbe larunbatean jendez gainezka izango dela ziur daude Bertsozale Elkartean, «bertsozaletasuna bizi dagoela sentitu dugu»
Hilabetetako ibilbideari amaiera emango dio Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak larunbatean Illunbeko final handian. «Intentsitate handiko» egunak dira hauek antolaketa lanetan dabiltzan Bertsozale Elkarteko kideentzat, baina «intentsitate hori ilusioarekin orekatzen dugu», dio Beñat Azaldegi sustapen arduradunak. «Finalaurrekoak oso ederrak izan dira eta finala ere horrela izango den esperantza dugu».
Zortzi bertsolari izango dira oholtzan lehian arratsaldeko bostetatik aurrera eta ia 7.000 ikusle harmailetan. Hori da behintzat, antolatzaileen aurreikuspena, oraindik sarrerak gelditzen baitira (www.bertsosarrerak.eus atarian egongo dira eskuragai eta egunean bertan, sarrerarik geratuko balitz, txarteldegia zabalduko da, 14:30ean). Bosgarrenez hartuko du Illunbek finala, tamainagatik «egokia» delako, eta txapelketako azken plaza Donostia izatea «garrantzitsua» delako. Aurreko edizioetan zaletuek egoitza bete zuten, eta oraingoan ere horrela egitea espero dute, publiko «fidela» baitu txapelketak, eta «adin guztietakoa». «Finalak hartzen duen dinamismoagatik, larunbatean izateagatik eta festa kutsua duelako, gazteak erakartzen ditu, baina ziur nago betiko bertsozalea ere hemen izango dela», uste du Azaldegik. Ohi bezala, eta jende pilaketak ekiditeko, zaleei goiz joateko gomendioa luzatzen die eta garraio publikoa erabiltzea bertaratzeko. Illunbeko ateak 15:30ean zabalduko dira.
Gipuzkoako Txapelketako 36. saioa izango da larunbatekoa. Udaberrian 74 bertsolarirekin jokatu ziren sailkapen faseko 20 saioak, lurraldeko 20 herri desberdinetan, eta «harrera ona izan zuten, bai publiko aldetik, bai herri bakoitzean sortu zuen mugimenduagatik». Bertsogintza aldetik ere, «ikusi genituen gauzengatik, oso interesgarria» izan dela uste du Azaldegik. Udazkeneko fasera 34 bertsolari pasatu ziren eta horiei 2019an sailkatutako beste 14 batu zitzaizkien. Jokatutako kanporaketek eta finalaurrekoek «sona handia» izan dute eta «espektatibak bete dituzte», baita bildu duten jendetzagatik. «Saio asko bete ditugu eta hori ere ona da guretzat. Bertsozaletasuna bizi dagoela sentitu dugu». Aldaketa batzuk ere izan ditu txapelketak, batez ere sailkapen fasean, eta horrek «saltsa» eta «bere puntu positiboa» izan duela uste du.
Emakumeak eta gazteak
Bertsozale Elkarteak 1991n antolatu zuen lehen aldiz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta aurten, lehen aldiz, emakumezkoak gehiengo izango dira finalisten artean. Alaia Martin, Ane Labaka, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran 2019ko finalean ere izan ziren, eta oraingoan Eneritz Artetxe batu zaie. Oso berri «positiboa», maila honetan Gipuzkoako bertsolaritzaren «isla» dena. Baina datu honek ez du bat egiten udaberriko fasean parte hartu zuten gizon eta emakumeen estatistikekin, izan ere lehen fase horri ekin zioten partaideen %33a emakumeak ziren. «Azken emaitza hau polita da, baina oinarrian oraindik lan handia dagoela egiteko uste dugu. Finalera iritsi diren emakume dezente udazkenetik sartu dira txapelketan, eta horrek garbi erakusten du oinarrian badagoela zer landu, asko dugula birpentsatzeko zergatik ez diren horrenbeste emakume aritzen horren helduak izan arte… badago zer pentsatua eta zer landua». Eskolartekoetan balantzea berdinduagoa dagoela azaltzen du Azaldegik, horregatik «hor ere badago zer pentsatu zergatik emakumeek ez ote duten jauzi hori ematen».
Noticias relacionadas
Finalari begira kontuan hartzeko oharrak
Gipuzkoa «zer den» erakusten duen zortzikoa prest Illunbe bertsoz betetzeko
«Egun eskandalagarri diren gauzak bizi izan genituen, gerora konturatu gara»
Emakumeen presentziarekin batera, finalean izango diren bertsolarien adina aipatzekoa da ere. 'Beteranoena' Nerea Elustondo da, 43 urterekin, baina gainontzekoek 40 urte baino gutxiago dituzte. «Txapelketako bertsolarien adinaren batez bestekoa 33 urtekoa izan da. Gipuzkoako bertsolaritzak osasun ona duenaren seinale da, baina urteetan irautea ere kosta egiten dela adierazten digu». Azaldegiren esanetan, Gipuzkoan bada 40 urte baino gehiagoko bertsolari asko, baina ez dute jada txapelketetan parte hartzen. «Prestakuntza aldetik karga handia exijitzen dutenaren zalantzarik ez dago. Ez da presioa bakarrik, lan asko suposatzen du, norberaren bertsio onena emateko aukera da txapelketa eta horretarako prest egon behar duzu, barne ideiak bildu zer esan nahi duzun adierazteko… eta alde horretatik lan handia ematen du txapelketarako prestatzeak».
Andoni Rekondo (Hernani, 1999) eta Aner Peritz (Zarautz, 2002) dira finalean arituko diren bertsolari gazteenak. Beraien estreinako finala izango da, eta Eneritz Artetxerekin batera, txapelketa udaberriko fasean hasi zuen hirukotea osatzen dute, «eta hori pozgarria da oinarrian lanean ari diren horientzat». Beste aldean, Beñat Gaztelumendi, bosgarren finala jarraian jokatuko duena eta hirugarren txapela lortzen duen lehen bertsolarian bilakatu daitekeena, azken bi edizioetan garaile izan ondoren. «Final oparoa eta aberatsa izatea nahiko nuke, edozein txapelduna izanda ere», dio Azaldegik, faboritismotan erori gabe.
Almen bertso-eskola
Bertsolaritza astintzeko helburua izan ohi dute txapelketek, eta azken honek are gehiago, pandemiak saioen murrizketa ekarri baitzuen. Baina horrekin batera, duela 50 urte Leintz bailaran abian jarri zen lehenengo bertso-eskolari omenaldia egin nahi izan zaio. Urteurren berezi honek ardaztu du txapelketa, eta finalean Almen eskolako sorreran parte hartu zuten bi kide izango dira sariak banatzen.
Arantzazu Loidik ikasle izan zenak, jarriko dio txapela txapeldunari. Bestalde, aurten lehenengo aldiz emango den 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria Patxi Goikolea irakasleak emango dio. «Bertso-eskolak dira bertsozaletasuna eta bertsolaritza sustatzeko oinarria, eta hauekin eskutik hartuta egin dugu txapelketa», dio Azaldegik.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.