Borrar
Arantzazu Loidik jarriko dio txapela Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari. G.B.E.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

«Egun eskandalagarri diren gauzak bizi izan genituen, gerora konturatu gara»

Almen bertso eskolan ikasia, oholtzara igo ziren lehenengo emakumeen artean dago. Gipuzkoako Txapelketako irabazleari txapela jarriko dio 14an

Itziar Altuna

Donostia

Miércoles, 4 de diciembre 2024, 07:34

Oso gazte hasi zen bertsotan Arantzazu Loidi (Aretxabaleta, 1967) Almen bertso eskolan, 50 urte bete dituen lehenengo bertso eskolan. Kazetari eta itzultzaile ikasketak egin zituen, baina azken 20 urteetan garapen pertsonalaren arloan lanean dabil. Gaur egun bertsolaritza mundua «barreratik» jarraitzen duela aitortzen du. Datorren larunbatean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa zuzenean jarraitzeko aukera izango du, berak jantziko baitio txapela irabazleari.

– Zer suposatzen du txapeldunari txapela janzteko aukeratua izateak?

– Ohore bat, aspaldi proposatu zidaten baina uste dut orduan ez nintzela jabetzen zer zen, baietz esan nuen eta listo. Baina orain konturatzen hasi naiz zer suposatzen duen... niretzat, batez ere, gure bertso eskolaren (Almen) hasierako lanari keinu bat da, orain eskolak 50 urte betetzen dituela. Talde hori ordezkatzen dudala sentitzen dut,

– 'Gure' hitza erabiltzen duzu Almen bertso eskola aipatzerakoan. Oraindik eskolara lotuta zaude?

– Ez, baina plural hori erabiltzen dut hor badagoelako pertenentzia zentzu bat, umetatik elkarrekin ibili ginen talde bat, batzuk ez daude jada gure artean, baina nik talde hori sentitzen dut oraindik. Lagun talde bat izan gara, herriz herriz eta hainbat txapelketetan ibili garenak.

– Txapeldunari txapela jantziko zeniola aspalditik jakinda, txapelketa era bereziago batetan jarraitu al duzu?

– Ez, Arrasateko finalaurrekora joan naiz bakarrik, baina hedabideetan jarraitu dut, lagun bertsozaleen iritziak entzunez, baina ez txapelaren kontuarengatik, baizik eta bertsozalea naizelako eta ahal dudan heinean jarraitzea gustatzen zaidalako. Gainera asko ezagunak ditut.

– Datorren larunbateko finalerako faboritorik ba al duzu?

– Ez, espero dudana da bakoitzak bere onena ematea. Eta poztuko naiz saio on baten ondorioz irabazten duenarekin.

Bilakaera

«Bertsolaritza beti izan da gizartearen ispilu, bai lantzen dituen gaietan, bai bertsolarietan»

– Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan 1991n parte hartu zenuen. Ordutik, nola aldatu da bertsolaritzaren mundua?

– Asko, eta esango nuke zentzu askotan. Gaztetu egin da, bai bertsolariak eta bai publikoa. Gure garaian hasi zen prestigio bat hartzen, baina denbora honetan bertsokera ere aldatu da, gazteen eta emakumeen presentzia nabarmen gehitu da... aldaketa nabarmena da.

– Denbora berrietara ondo egokitu dela uste al duzu?

– Bai, bertsolaritza beti izan da gizartearen ispilu, bere alderdi guztiekin, bai lantzen dituen gaietan, normalean puri-purian daudenak izaten direlako, eta bai bertsolarietan, hauek ere gizartea ordezkatzen baitute eta bakoitzak bere ikuspegitik kantatzen du. Beste arte batzuk bezala, bertsolaritzak ere egiten du bere lan soziologikoa. Gainera gizartetik eta bizitzako arlo guztietatik oso urbil dagoela esango nuke.

– Nola hasi zinen zu bertso munduan?

– Etxetik jaso nuen zaletasuna, nire familia oso bertsozalea izan delako, oso natural sartu zaidan zaletasuna izan da. Gainera, hizkuntza berezia izan da niretzat eta hizkuntzarekin jolastea eta gozatzea izan da gehien engantxatu nauen gauzetako bat. Gaztetan, oso modu inozoan, ia konturatu gabe, lagunekin eskolan sortu zen bertso eskola horretan sartu ginen, eta bertan jolas horrekin gozatzen ikasi nuen, eta gainera lagunartean. Horregatik niretzako bertsolaritza beti izan da lagunarte bat, hasieran eta gerora ere, giro euskaltzale batetan eta kultura egiteko modu batetan sartzeko aukera eman zidana. Umorearekin eta hitzekin gozatzeko modu bat. Nerabezaroa lagunarte berezi horretan egin genuen, beste herrietako gazteak ezagutuz... hori ere gerora egiten dudan hausnarketa da.

– Oholtzara igo ziren lehenengo emakumeen artean izan zinen. Nola gogoratzen dituzu lehen urte horiek?

– Ez zen zaila izan, baina beti esaten dudan bezala, ez nintzelako kontziente izan ezer hausten ari nintzenik, ez nintzen hortarako ari, zaletasunez ari nintzen, txapelketetan parte hartu nuen, eskolartekoetan lehenengo eta herriz herri ondoren... egia da desberdina zen zerbait bizi izan nuela, baina orduan ez nintzen kontziente izan. Aurtengo finalean emakume asko izando dira eta hori iada ez da deigarria. Egia da guk, orduan, gaur egun eskandalagarri diren gauzak bizi izan genituela, eta pluralean esaten dut, ez nintzelako bakarra izan. Baina gizartea beste momentu batetan zegoen, eta lehenengo aldiz egiten diren gauza guztietan bezala, kosta egiten da lehen bide hori urratzea. Gerora bai konturatu naizela. Hala ere, oraingo ikuspegitik ezin da epaitu orduan egin ahal izan genuena, errealitatea beste bat zen. Orduan ez ginen orain hain erraz aldarrikatzen diren gauza batzuk aldarrikatzeko egoeran. Gainera, ohitura apurketa bat gertatzen ari zen, emakumeak, gazteak, kaletarrak edo ikasketadunak bertsolariak izatea aldaketa bat zen orduararte bertsotan aritu zen belaunaldiarentzat.

– Zer sentitzen duzu orain emakumeek txapelketak irabazten dituztenean?

– Poza. Gainera maite ditudan pertsonak dira. Bai Maialenekin (Lujanbio) edo Nerearekin (Ibarzabal) asko poztu naiz, ez emakume izateagatik, txapela merezita jantzi dutelako, maila handiko bertsolariak direlako.

Emakumeak oholtzan

«Ez nintzen kontziente izan ezer hausten ari nintzenik, gerora bai konturatu naizela»

– Bertso munduarekin zuzeneko erlazioa izaten jarraitzen al duzu?

– Ez, elkarteko bazkide naiz eta bere proiektuen berri izaten jarraitzen dut, eta entzule ere banaiz. Momentu batetan gai-jartzaile eta epaile lanetan aritu nintzen, baina orain ez. Hala ere, bertsozaletzat daukat nire burua oraindik. Barreratik jarraitzen dut gertatzen dena, eta baita hausnarketa jarrera batetik ere gauza batzuk.

– Eta nola ikusten duzu gaur egungo bertsolaritzak bizi duen momentua?

– Egia da txapelketek arrakasta dutela eta ikusle gazte asko ikusten dela. Baina ez daukat baloratzerik beste saioetan zer gertatzen den, horren inguruan agian dabilenak edo elkarteko jendeak beste hausnarketa bat egingo luke. Nik, aldatu diren gauza batzuk onerako izan direla esango nuke, beste batzuetan, gehigarri egiten zaizkit beste moda batzuk. Garai bakoitzean gauzak gertatzen dira dabiltzanek hori aldarrikatzen dutelako. Bertsolaritza, beste gauza batzuetan bezala, aldarrikapenerako ere erabili behar da neurri batetan, gaur egungo gizartearen islada ere badelako.

Almeneko bertso eskolari omenaldia bere 50. urtemugan

Lehen haurren bertso-eskolak 50 urte bete ditu aurten, eta urtemuga hau ardatz izan du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Omenaldia egin nahi izan zaio Almeneko lehen bertso-eskola hari, eta Illunbeko finalean ere, keinu berezia egingo zaio. Honela, eskolaren sorrera zuzenean bizi izan zuten bi protagonista izango dira oholtzan garaileei sariak ematen.

Almeneko ikasle izan zen Arantzazu Loidik txapeldunari jantziko dio txapela, eta bere irakasle izan zen Patxi Goikoleak 25 urtez azpiko bertsolari onenari emango dio saria. Loidi eta bere belaunaldi kideak hauspotzen aritu zen Goikolea (Arrasate, 1933), Joanito Akixu eta Xanti Iparragirrerekin batera. Hiruak bildu eta Debagoienako bertsozaletasuna hauspotzeko ardura hartu zuten. 1974ko larunbat goizetan ekin zioten biltzeari, bertso zaharrak abesten: 125 haurrek eman zuten izena. Handik, bertso-eskolan jarraitzeko interesa zuten ikasleekin Apotzagako elkartera pasatu ziren.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Egun eskandalagarri diren gauzak bizi izan genituen, gerora konturatu gara»

«Egun eskandalagarri diren gauzak bizi izan genituen, gerora konturatu gara»