«Beldur nintzen, baina kantak sortu eta ezkutuan geratzea ez nuen gustuko»
Musikan lau hamarkadako eskarmentua duen Olatz Zugastik igandean aurkeztuko du 'Orion zuzenean' diskoa Victoria Eugenia antzokian
Ia 40 urte eman ditu Olatz Zugasti (Hernani, 1965) kantariak eta harpa-jotzaileak Benito Lertxundiren taldean. 1991. urtean kaleratu zuen lehenbiziko disko propioa, baina 2015era arte ez zen ausartu oholtzara igotzen bakarlari gisa. 'Orion zuzenean' (Kantaita Enea, 2019) seigarren lana du eta iazko maiatzaren 4an grabatu zuen Orioko kiroldegian. Etzi itzuliko da Donostiara bere taldearekin aurkezteko: Amaiur Cajaraville (baxua), Ander Ederra (gitarrak), Ander Zulaika (bateria) eta Gratxina Lertxundi (teklatuak, flautak, ahotsa).
-Teknikariek zuek jakin gabe grabatu zuten Orioko saio hura...
-Halaxe da: konfiantza dagoen tokian... Eragin soinu enpresa aspaldiko lankideak ditugu eta batzuetan kontzertua grabatu eta guri ematen digute, askotan baliagarria izaten zaigu moldaketak hobetzeko. Kasu honetan, multipistan grabatu zuten eta disko baterako landu zitekeela ikusi nuen.
«Ziur nago: zuzenekoa grabatzen ari zirela jakin izan banu, ez zen hain egiazkoa aterako»
-Grabatzen ari zirela ez jakiteak, naturalago egiten du diskoa?
-Bai. Ziur nago: grabatzen ari zirela jakin izan banu ez zen hain egiazkoa aterako.
-Zergatik plazaratu duzue Orioko zuzeneko hori eta ez beste egun bateko emanaldia?
-Galdera ona&hellip Orion inoiz baino txukunen aritu ginen. Arreta berezi bat sentitu genuen eta horrek mesede egin zion grabaketari. Zergatik izan zen berezia? Bizi naizen herrian geundelako eta egunero ikusten dudan jendea nire kantekin benetan gustura sentiarazi nahi nuelako.
-Eta zein izan zen kantak aukeratzeko irizpidea?
-Kantak azken hilabeteetan nire kontzertuetan ematen ditudanak dira, zuzenekoetarako egokienak ikusten ditudanak, esanahi berezia dutenak. Nire ibilbide guztiko kantak hartu eta gaur egun sentitzen ditudan eran eta dauzkadan baliabideen arabera moldatu ditut. Benitoren kantaren bat ere sartu nuen, batez ere amaieran, nahiz eta jakin bera han izango zela!
-Sehaska kantak biltzen zituen 'Bulun bulunka' (1999) diskoko kantarik ez dago. Zergatik?
-Ez dago arrazoi sakon-sakonik. Agian, hemendik aurrera disko horretako baten bat berreskuratuko dut kontzertuetan, zergatik ez?
-Disko hartako portadan zurekin batera agertzen zen Gratxina Lertxundi Zugasti alaba zure taldeko kidea da orain. Etxean ikusitakoarekin, aukera asko ez zuen: musikari behar zuen izan.
-Bada, ez zirudien hasiera batean. Aitak eskatu zion berarekin kantatzea eta orduan ez zuen nahi izan. Bere bizitzako beste garai batean nik eskatu nion eta 'pack' guztiarekin etorri zen: teklatua, flauta eta ahotsa.
-Eta Benito aitaren 'Mirotzak' abestia kantatu du Gratxinak.
-Kosta zitzaidan konbentzitzea, azkenengo astera arte eduki ninduen zalantzarekin eta asko poztu nintzen baiezkoa eman zidanean... Gainera, Gratxina arraunlaria izan zen eta polita iruditzen zitzaidan berak kantatzea eta herriko treineruei denboraldi ona opa izatea...
-Lertxundiren 'Ni Olentzero naiz' kantaren zati batekin bukatzen da diskoa.
Benitok ez zuen sartu nahi, bere iritziz, nire kanten ildoa eta estiloa apurtzen zituelako. Gratxinak eta biok borroka egin behar izan genuen eta azkenenean, irabazi. Ez dakit oso ongi nola bururatu zitzaidan prestatzea, agian bukaerarako hitzek dioten «Agur ene...» horrengatik. Gainera, nik aukeratutako zatiak hala dio: «Irlandako emakumeok, Euskalerriko emakumeok gure abestiez beteko dugu geroa, belarrezko harparen itzalean eginen loa». Hitz horiek aproposak iruditu zitzaizkidan nik esateko.
«Munduko musikak asko entzuten nituen eta maileguan hartu ditut hainbat kulturako joerak»
-Ekoizle lanak egin ditu Lertxundik berak. Nolako ekarpena egin du?
-Zuzenekoaren egiazkotasuna azpimarratu nahi izan zuen. Dena bukatu zenean esan zidan, borrokak borroka, ongi pasa zuela lan hau egiten eta, besteak beste, kanten letrak dastatu ahal izan zituela.
-80ko hamarkadaren hasieran hasi zinen Benitorekin. Zein izan da irakaspen preziatuena?
-Ez dakit zer esan. Izan ere, irudipena daukat oraindik gauza asko geratzen zaizkidala ikasteko!
-Benitoren itzala handia da onerako eta txarrerako. Nola izan da zuen harreman artistikoa?
-Bai, bere itzala oso zabala da, ongi merezita. Gure harreman artistikoa emankorra izan da. Hala ere, esan behar dut berak kanten zirriborroak hasieratik partekatzen dituela nirekin baina nik berarekin gauzak aurreratuta ditudanean soilik.
-Bere taldean hainbeste urte egon izanak denbora kendu al dizu zure proiektuan aritzeko?
-Bere taldeko partaide izateko erabakia nirea izan da, gustura jardun naizelako horretan.
-Baina bakarkako zuzenekoak ematen oso berandu hasi zinen...
-Apustu bat egiten duzunean beste zerbait uzten duzu bidean. Nire kasuan zuzenekoak, baina kantak konposatu eta grabatu izan ditut beti. Kontzertuak ematen 2015ean hasi nintzen, bai, agian neure buruarekin nuen zorrari aurre egiteko garaia iritsi zen. Urte askotan kantak egin eta gero ezkutuan geratzeko joera hori ez nuen batere gustuko. Horren guztiaren atzean beldurra zegoen, noski, jendeak erantzungo ez zidan beldurra, alegia.
-Eta egun, nola sentitzen zara oholtza gainean?
-Saiatzen naiz ipar argi bat bistatik ez galtzen, alegia, dakidan hori eta naizen hori bere horretan azalarazten, egiten dakidana ahalik eta ondoen egiten.
-Gaur egun, ba al duzu bide berriak urratzeko gogorik ala gustura sentitzen zara zelta kutsuko folk musikan?
-Nire kantek ez dute zelta eragina bakarrik, alde horretatik nahiko zabala dela uste dut, nire ohiko tresna harpa zelta bada ere. Europa ekialdeko haizeak, amerikar musika, ez dakit... 'Azkenean Katmandu', 'Bat, biga, hirur' eta 'Neguko arratsalde batean' kantak ezberdinak dira elkarren artean. Garai batean, munduko musikak asko entzuten nituen eta batzuetan maileguan hartu ditut hainbat kulturako joerak.
-Nola maitemindu zinen harparekin?
-Nire erreferente nagusia Alan Stivell bretañarra izan zen, Benitok eman zidan haren disko bat eta entzun ondoren, pentsatu nuen: «Hau ikasi beharra daukat»: arpegio horietatik ateratzen ziren soinu eta armoniak, oihartzun hori... Bete-betean harrapatu ninduen. Loreena McKennitt-i ere gauza bera irakurri nion behin, hura ere deabruaren tresna horren biktima dela.