Sei belaunaldi bertsotan

Onintza, txapela jantzita, osaba Jonekin. / BERTSOZALE ELKARTEA
Onintza, txapela jantzita, osaba Jonekin. / BERTSOZALE ELKARTEA

Onintza Enbeita, Bizkaiko txapeldun berria, bertsolari leinu handi bateko adarra da. Aitonaren aitonak ere egiten zuen bertsotan |

FElix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXI

Onintza Enbeita, Bizkaiko bertsolari txapeldun berria, kate luze bateko azken begietako bat da. Enbeitatarrena benetako saga bat da, eta batzuek gogoan izango dute nola aurtengo urte-hasieran Euskal Telebistako 'Sagak' atalean familia honetxen inguruan osatu zen ataletako bat.

Has gaitezen. Juan Antonio Enbeita Aranaz izeneko koplari edo bertsolari bat izan zen Muxikako herrian, 1822an jaioa. Harekin hasten da Enbeitatar bertsolarien leinua, hori da behintzat lehenengo ale ezaguna. Haren semea ere bertsolari izan zen, hura ere Juan Antonio, eta abizenez Enbeita Elgezabal (1848-1928) eta Muxikan jaio eta hila. Goitizena ipini zioten, 'Txotxo-Jeuri', eta hona azalpena: lehenengoz ezkondu zenean, elizkizunak bukatu eta andrea aitaginarrebarekin utzita, pelota-partidu bat jokatzera joan zen. Aitaginarrebari gustatu ez, eta «Txotxo, hi beti txotxo izango haiz» esan zion. Harrezkero «Txotxo» eta «Txotxo-jeuri» (Jauregi baserrikoa zelako) deitu zioten. 'Txotxo' hitzak 'mutiko' esan nahi du.

'Txotxo-Jeuri' Mari Paz Gomezarekin ezkondu zen (1867); urtebetera hil zen emaztea, erditzerakoan. Maria Josefa Rementeriarekin ezkondu zen gero, 1872an; bost seme eta bi alaba izan zituzten, horietako bat Kepa, bertsolari benetan handia, 'Urretxindorra' gaitzizenez ere ezaguna.

Kepa Enbeita Rementeria 'Urretxindorra' (Muxika, 1878- 1942) plazako bertsolaria eta bertsopapergilea zen, eta trebetasun handia erakutsi zuen bi molde horietan. Diotenez, bertsolaritza tabernatik plazara ateratze horretan aitzindari izan zen. 1905. urtean garaile izan zen, Txirritaren aurretik, Areetan (Getxo) egin zuten bertso-lehiaketa batean.

Euskara, aberria eta kristautasuna izan ziren bere bertsopaperetako gai nagusiak. Euzkadi, Euzkerea, Ekin eta Argia aldizkarietan eman zituen argitara.

Keparen anaia Imanol ere bertsotan jardun zen, baina batik bat bertso jartzen. Ez zen plaza-gizona.

Balendin Enbeita zena, 'Urretxindorraren' semeetako bat, bera ere bertsolari galanta.
Balendin Enbeita zena, 'Urretxindorraren' semeetako bat, bera ere bertsolari galanta.

Keparen semeetako bat Balendin izan zen, hau ere bertsolari erraldoia. Balendin Enbeita Rementeriak (1906-1986) bost urte zituela bota zuen lehen bertsoa. Baina 18 urte bete arte ez zen bertsolari gisa plazaratu, Eibarren 1924an. 1929an, 23 urte zituelarik, irabazi zuen bere lehen txapela Mungian. 1936ko gerra-denboran, Bizkargiko frentean egon ondoren espetxeratua izan zen Laredon, Dueson eta Puerto de Santa Marian. Hamabi urteko zigorra eman zioten gerra-epaiketa batean, batik bat «por componer versos alusivos al separatismo vasco». 1941ean etxeratzea lortu zuen.

1955ean, Bergaran Uztapide eta Basarriren saio bat entzun ondoren, hasi zen berriz Balendin bertsotan. 1958an, Euskaltzaindiaren eraginez antolatu zen Bilboko Arenalean Bizkaiko lehen txapelketa eta Balendinek irabazi zuen txapela. Hurrengo urtean, 1959an, sortu zuen Garriko izeneko bertsolari-eskola, Euskal Herrian, beharbada, lehena izan dena.

Bere koinatu Pedro Ajuriaren tabernan muntatu zuen Balendinek bertso-eskola. Jon Enbeitak 2000. urteko bere 'Enbeitarrak' (Sendoa arg.) liburuan kontatzen duenez, lehenengo egunean barruko egongela batean elkartu ziren, baina salaketaren baten beldurrez, tabernan denen bistan egitea erabaki zuten. Egun batean, Alemaniako telebista bateko kide batzuk azaldu ziren bertara erreportajea egitera. Balendinez gain, lagun hauek jardun zuten bertso-eskolan: Pedro Ortuzar, Deunoro Sardui, Jon Lopategi (25 urteko gaztea artean), Ireneo Ajuria (12 urte) eta Jon Enbeita bera (9 urte).

1959ko txapelketan ere Balendin Enbeita izan zen txapeldun, Azpillaga bigarren tokian utziz. Gero, hurrengo urteetan, Mugartegi, Azpillaga eta Lopategi izango ziren txapeldunak Bizkai mailan. 1986an hil zen Balendin, baserriko teilatua konpontzen ari zela erorita.

Balendinen ondorengoek ere gogor eutsi zioten bertsolaritzari. Eta horietan bertso aldetik gehien nabarmendu dena Jon da, noski. Hain zuzen ere, lehengo larunbatean, hilak 15, Jon osabak jantzi zion txapela Onintza ilobari.

Jon Enbeita Ealo (Muxika, 1950) bi aldiz izan da txapeldun Bizkaiko Txapelketan, 1990 eta 1992an; eta bost aldiz finalista Euskal Herriko Txapelketan: 1980, 1982, 1986, 1898 eta 1993an. Gainera, 1980ko Euskal Herriko lehiaketa hartan bigarren gelditu zen. Beste urte batzuk ziren eta orduan oso zaila zen bertsolari txapeldunek bertso-jardunetik ateratzea bizimodua. Caja Rural-eko enplegatua izan zen Jon.

Poesia ere idatzi izan du, eta genero horretako liburu bat publikatu: 'Inguruaren arduraz' (Hordago, 1980). Gainera, abeslari ibili zen, gitarra lagun, 1970eko hamarkadan, plazarik plaza, eta 1971n diskoa plazaratu zuen: 'Jon Enbeita' (Cinsa). Hogei urtez gordeta izan ostean, berriz ere gitarra hartu eta plazara itzuli zen 2009an, 'Hainbeste, hain gitxi' diskoko aleak eskaini zituelarik. 2017an beste bi disko atera ditu: 'Egizu lo' eta 'Iraungo dut'.

Senideetan gazteena dugu Jon. Beste bi anaia ere jardun dira bertsotan: Abel eta Moises. Abel Enbeita gogotik aritu da bertsolaritzaren transmisioan. 26 urte zituela Abornikanora (Urkabustaiz, Araba) bizitzera joan zen eta 1982tik aurrera bertso-eskola batzuk sortu zituen Gasteizen eta Aiara bailaran. 1984an, Arabako I. Bertsolari Txapelketaren antolatzaile izan zen baita ere. Arabako hezkuntza arautuan bertso-irakasle ere jardun zen.

Moises Enbeita Bertsozale Elkarteko zuzendaritzako kide izan da. Ogibidez, abeltzaintzari estuki lotutako gizona da: Bizkaiko Frisoi Elkarteko kontroladore izan da.

Kepa Enbeita dugu senideetan zaharrena. Nekazari izan da, eta EHNEko sindikalista. Sindikatu horren 'Ardatza' aldizkariaren arduraduna ere izan da.

Hurrengo belaunaldira pasatuz, hor dugu Bizkaiko txapeldun berria, Onintza Enbeita. Haren lehengusu-lehengusina batzuk ere ederki nabarmendu dira. Oihane, adibidez, Bizkaiko elitean egon zen duela hamar bat urte. Zigor Arabako txapelduna izan zen 2002 eta 2006an. Eta Xabier bertso-irakasle jardun izan da. Arbola handi bateko adarra da Onintza.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos