Aho batez babestu dute bazkideek Bertsozale Elkartearen jarduna
Batzar Nagusian agerian geratu zen, besteak beste, pandemiak eragindako egoerari erantzuteko gaitasuna izan duela Elkarteak
Ostirala, 19 martxoa 2021, 12:20
2020ko balantzea eta 2021erako egitasmoa jarri zituen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak bazkideen esku ostegun arratsaldean Amasa-Villabonako Subijana etxean egindako Batzar Nagusian, eta haien babesa jaso zuen, aho batez onartu baitute Elkartearen kudeaketa eta jarduna.
Bertsozale Elkarteak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Batzar Nagusian agerian geratu zen, besteak beste, une zail hauetan pandemiak eragindako egoerari erantzuteko gaitasuna izan duela Elkarteak. Lehendakaritza taldeko Maialen Lujanbio eta Miren Artetxek egin zieten harrera bazkideei, eta alderdi nagusiak aletu zituzten, «gehienak ere pandemiaren ondorioei eta hauei aurre egiteko neurriei lotutakoak».
Plaza izan da jarduera kaltetuena, bertan behera gelditu baitira saio asko, nahiz eta Bertsozale Elkarteak formula berriak bilatu dituen azken urte honetan saioak gehitzen saiatzeko. Plazako datuak Beñat Gaztelumendi lehendakaritza taldeko kideak eta Oier Iurramendi sustapen eragileak eskaini zituzten. Argi geratu zen lehen kaltetu zuzenak bertsolariak izan direla. Horri erantzuteko Sormen Kutxa delakoa ondu du Bertsozale Elkarteak 2020an. Bertsolarien kalte ekonomikoak leuntzeko neurri horren lanketarekin jarraitzeko asmoa dago: «Norantza honetan sekula ez genuen ariketa egin: elkartetik bertsolarietara», nabarmendu zuen Igor Elortza lehendakaritza taldeko kideak.
Bertso-eskolei dagokienez, pandemiaren eraginez haien funtzionamendua geldotu egin da, baina Hezkuntza arautuko proiektua, aldiz, «ez da bereziki kaltetua izan. Besteak beste, izugarri lagundu dute aurretik garatuta ziren bertso irakaskuntzarako webguneek». 29.500 ikasleei eskaintzen zaie bertsolaritza eskola orduetan, elkarteko 53 irakasleri esker.
Mintzola Ahozko Lantegiaren birdefinitze prozesua; Xenpelar Dokumentazio Zentroaren jarduna; lurraldeetako elkarteetako egitasmoen gako nagusien aurkezpena; lehendakaritza taldean izan diren aldaketak (Arrate Illarok utzi du taldea eta Gontzal Agote batu zen iaz)... Gai ugari izan zituzten hizpide, eta Elkartearen funtzionamenduaren inguruko gogoetak ere izan zuen tokirik, udazkenean abiatu zuen partaidetza dinamikaren ingurukoak, batik bat. «35 urteko bidean, Bertsozale Elkarteak etengabe erreparatu izan dio bere funtzionatzeko moduari. Oraingoan, ordea, azterketa horri denbora eta sakontasun handiagoa eskaintzea zen helburua», azaldu zuen Gontzal Agote Bertsozale Elkarteko lehendakaritzako kideak. «Dinamika eta intentsitate biziko elkartea da gurea eta, elkartetik harago, bertsolaritzaren mugimendua bera ere eragiteko grinaz dagoen jendez betea dago. Indar horri lekua eskaintzea eta denok parte hartzeko ahalik eta modurik erosoena aurkitzea da gure asmoa», gehitu zuen.
Elkartearen baitan ari direnak ez ezik, 2.500 bazkidek sostengatzen dute Bertsozale Elkartearen proiektua: «Funtzionamenduari buruzko gogoetarekin batera, bazkidetzari buruzko gogoeta egingo dugu laster, eta bazkideen datu-baseak eguneratzeko lana egingo dugu lehentasunez», azaldu zuen Jon Agirresarobe Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak.
Esan bezala, 2020ko eta 2021eko balantzea eta aurrekontua ontzat eman ziren aho batez, eta lehendakaritza taldeko kide Xabi Igoak aurreratu zuen «Onura orokorreko elkarte izendatzeko pausoak ematen» ari dela Elkartea.