Azurmendi bat irakurlearen interes bakoitzeko
Andres Urrutia, Lorea Agirre eta Xabier Mendigurenek pentsalari zegamarraren obra nondik irakurtzen hasteko gomendioa luzatu dute
Ibilbide luze eta oparoan milaka orri bete zituen Joxe Azurmendiren lan bat hautatzea ezinezkoa da. Are gehiago, ez zen bidezkoa izango, pentsalari «oso aberats, oparo eta matiz askokoa» izan baitzen urte askoan Elkar argitaletxean haren editore izan zen Xabier Mendigurenek esan bezala. 41 liburu, 500dik gora artikulu eta beste hainbat testu landuta, bada non aukeratu, baina nondik hasi? «Azurmendi asko daude Azurmendiren baitan, bakoitzaren zaletasunen arabera abaniko handia du». Horra ba kezka edo gai araberako gomendio zerrenda:
Sarrera modura. Denbora gutxi badu irakurleak eta zegamarraren «pentsaera, izaera eta kezkak» deskubritu nahi baditu, 'Manifestu atzeratua' poema luzea aholkatzen du Mendigurenek, bereziki lehen atala. Estreinakoa izan zen, 1968an idatzia eta zentsurak geratu bazuen ere –1990ean Susak kaleratu arte– «euskal literaturan eta pentsamenduan testu fundazionala» da Lorea Agirre Jakin fundazioko lehendakariarentzat. «Astintzailea izan zen, egur apur bat eman zuen batera eta bestera». Horretaz gainera, bertan aurkitzen dira ostean gai zentral izango diren asko: «herri honekiko atxikimendua, libertate nahi bat, jende apal eta xumearekiko lotura, guayismotik ihes egite bat...».
Nazioa. Azurmendik baliatu zuen metodologia ezin hobe islatzen duen arloa da: «Lehenik pentsamendu teorikoa aztertzen du mundu mailako autoreekin elkarrizketan, alde eta kontra, eta landu eta gero gure errealitatera dakar gure kondiziotik zer esan dezakegun aztertzeko», laburtzen du Agirrek. Mendigurenek argi du 'Espainolak eta euskaldunak' (Elkar, 1992) dela zerrenda honetako lehena. «Klasiko bat da, Euskal Herrian egin den saiakerarik inportanteenetakoa izan daiteke, bai eraginez eta bai kalitatez».
'Manifestu atzeratua' poema luzea «funtsezko» dute, obra «fundazionala» delako eta gaiak osteko lanetan direlako ere
Kultura demokratikoa. Honen «aldeko aldarria» egiten du hainbat lanetan Azurmendik: 'Demokratak eta biolentoak' (Elkar, 1997) edo 'Barkamena, kondena, tortura' (Elkar, 2012), esaterako. Hausnarketa nagusia honakoa da: Estatuek hartzen dute demokratiko izatearen esklusibititatea eta Konstituziotik kanpo ez dago demokraziarik. Zalantzan jarri baino, azaleratzen du gerta litekeela «egitura demokratiko batek jarrera oso antidemokratikoak praktikatzea», adibide modura jarriz Egunkariaren itxiera. «Kultura demokratikoa indartu behar da», proposatzen du.
Literatura. Idazteaz gain, beste egileek egindako lana ere sakonki aztertu zuen liburu zein artikulu solteetan. Lehenen baitan nabarmentzen du Andres Urrutia Euskaltzainburuak 'Zer dugu Orixeren kontra?' (Jakin, 1976) eta 'Zer dugu Orixeren alde?' (Jakin, 1977) bikotea. «Gure belaunaldiarentzat horrekin nahikoa genuke», goraipatzen du akademiaburuak. «Euskalgintzaren barnean egon zen etena zen bere ardura, gerra aurretiko euskalgintza ez zuela ezagutu eta hartara heldu ezin izana, debekua zelako tartean, euskal kultura ez zelako existitzen, euskara bera kolokan zelako». Kezka hori oso presente ikusten du Urrutiak gainerako lanetan, unean uneko teoriak aztertzerakoan eta zuen jarrera dibulgatiboan. «Berrikuste hori oso garrantzitsua da, aurreko belaunaldiek egindakoa zertan den baliagarri erakusten duelako, baina iraganeko ajeak non dauden ikusteko ere balio duelako». Hari gehitzen dio Mendigurenek Gandiagari buruzkoa. Artikuluetan esplikatuak dira «fintasun handiz», besteak beste, Txillardegi, Sarrionandia, Aresti, Mirande.
Orixe ardatz hartuta ondutako bikotea edo literaturako totemak aztertzeko artikuluak ezin dira zerrendan falta
Teknologia. Adimen Artifiziala bolo-bolo den aro honetan, aitzindari izan zen ardurak eta hausnarketak jasoz 'Teknikaren meditazioa' (Kutxa Fundazioa, 1998) lanean. Gizakiaren eta teknologiaren harremanari buruzko kezkak jaso zituen, berau «natura mundua gobernatu, menperatu eta ustiatzeko» sortu zela oroituz eta, galdetuz, ea ez ote duen orain honek gizakia menperatzen. «Liburu deliziosoa», dio Agirrek.
Kooperatibismoa. Enpresa-eredua aipatuz gero Jose Maria Arizmendiarrieta da izen propio nagusia eta hari buruzko lanik garrantzitsuena egin zuen 'Arizmendiarrieta-ren pentsamendu azterketa' (1984) tesian. «Lanaren, kapitalaren eta lantokiko antolamenduaren kezka duenarentzat ederra da», gomendatzen du Mendigurenek.
Gizaberea. Gizatasunaren gaineko gogoeta etiko-humanistikoak bildu zituen, esaterako, 'Gizona abere hutsa da' (Jakin, 1975) edo 'Gizabere kooperatiboaz' (Jakin, 2016) lanetan. «Ez garela moderniak saldu digun gizon arrazoizko, zentzuzko, inteligente, beti zuzen hori» eta besteen beharra dugula. «Hori da gizatasunaren kondizioa», azaltzen du Agirrek. Ildo horretan, gorputzari buruz egindako hausnarketa horiek «egungo pentsalari feministekin oso erraz» lotzen direla mahaigaineratzen du. «Harrigarria edo argigarria da».
Ibilbide osoa euskara batu «ederrean» egin izana goraipatu dute, baita erakutsitako jakinduria eta begirada irekia
Euskaraz. Irekitako ateak, sortutako eztabaidak… Dena euskaraz egin izana ere bada aitortzekoa, are gehiago erabilitakoa «izugarri aberatsa» izanik Mendigurenen esanetan. «Bere pentsamenduak konplexuak dira eta konplexutasun horri dagokion hizkuntza ñabarduraz betea, esaldi luze eta korapilatsuekin». Garairako ez zena ohikoa. Ezta bere lexikoa ere, «zabala», eta hainbat iturritakoa: euskal literaturako klasikoak -«Axularren esaldiak barra-barra»; Zegamakoak ziren eta hiztegietan ez zetozen esamoldeak –'konpondio' esaterako, bi pertsonen arteko tratu zikina, Anjel Lertxundik 'konpontxo' esana–, eta «hitz internazionalak», hau da, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta alemanetik «hirutan bazegoen» erabiltzen zituela, euskal hiztegietan ez datozenak. Ziur Azurmendik ukatuko zuela, editoreak oroitu bezala hain berezko zuen «diziplina frantziskanoa» bitarte beti besteei ematen baitzien inportantzia, esateko batura Joseba Intxaustiren bidez heldu zela. Jakin Taldeko «historikoek», 56ko belaunaldiko kideekin –Joan Mari Torrealdai, Intxausti, Paulo Agirrebaltzategi–, oso bere zuten ikuspegi hura, Urrutiak esan bezala. «Kultura jatorri bat, kultura habe bat ezerezetik sortu zuten, aldizkari eta argitalpen horien bitartez ezagutzen ez genituen hainbat eta hainbat kontu ezagutu ditugu». Egiteko modua bezain beste –«'avant la lettre'»– goraipatzen du emaitza euskaltzainburuak, «mundukoa bezain duina, goi mailakoa eta esportagarria».
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.