Aste-bukaerako lau saioek itxiko dute Gipuzkoa Bertsotan
Larunbatean Ataunen eta Elgetan izango dira bertsoak eta, igandean, Soraluzen eta Hernanin
DV
Ostirala, 31 maiatza 2024, 14:49
Hamasei saio jokatu eta gero, asteburu honetan izango diren lau saioek itxiko dute Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea. Larunbatean Ataunen eta Elgetan izango dira eta, igandean, Soraluzen eta Hernanin. Bi hauek amaitzean jakingo da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela lortu duten 34 bertsolarien izenak.
Ataunen Andoitz Urdapilleta, Aner Peritz 'Euzkitze', Aratz Igartzabal, Eneritz Artetxe, Julen Zulaika eta Mikel Iturriotz ariko dira kantuan Irati Sanchez de Arevalok jarritako gaiekin; Elgetan aldiz Aitor Salegi, Andoni Rekondo, Beñat Jauregi, Julene Iturbe, Manu Goiogana eta Urko Arregi Ane Ezenarrok botatakoei erantzunez.
Igandean Soraluzen Eneko Araiztegi, Eneko Beretxinaga, Izarne Zelaia, Iñigo Gorostarzu, Libe Goenaga eta Peru Aiartzaren txanda izango da, Haritz Alberdi gidari dutela eta, lauetan azkena, Hernanikoa izango da oholtzan bertsotan Aitor Zubikarai, Antton Aizpurua, Maddi Aiestaran, Maialen Akizu, Urko Egaña eta Uxue Fernandez direla, Maddi Labakaren esanetara.
Epaile lanetan, Ataunen eta Soraluzen, Leire Beloki, Maite Sukia, Mikel Lersundi eta Unai Muniain ibiliko dira. Elgetan eta Hernanin, ostera, Estitxu Agirre, Ion Martinez, Mikel Urteaga eta Oihana Aranguren. Idazkari lanak, Elgetan eta Soraluzen, Aratz Irazustabarrenak egingo ditu. Ataunen eta Hernanin, aldiz, Oier Iurramendik.