ARANATARRAK, 100 URTEZ FERIANTE

Jose Mari Arana, lehengo asteazkenean Ordiziako plazan, aldamenean furgoneta duela. / F. I.
Jose Mari Arana, lehengo asteazkenean Ordiziako plazan, aldamenean furgoneta duela. / F. I.

Hauxe izan da azken astea Jose Mari Aranarentzat. Utzi egin dio bere furgonetarekin Ordizia, Hernani eta Azpeitiko azoketara azaltzeari |

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXI

Jende askok ezagutzen du Jose Mari Arana. Gizon hau asteazkenero azaltzen da Ordiziako feriara bere furgonetarekin, ostegunero Hernanikora, larunbatero Tolosakora. Azpeitian hilero hirugarren asteazkenean egiten den azokara ere azaldu ohi da bere jeneroa saltzera. Zer saltzen duen? Bi gauza oso desberdinak: oinetakoak eta baserriko erremintak -aizkorak, segak, aitzurrak...-.

Feriaz feria ibili da txiki-txikitatik. Hamar urte zituela utzi zuen eskola aitari laguntzeko, hau ere feriantea. Beraz, 53,5 urte egin ditu furgonetarekin saltzaile. Erraz esaten da!

Bere hitzetan esanda, «azken kinkalleroa, azken mohikanoa» da. Aste honetan izan dira bere azken irteerak, Ordizia eta Hernanira; hemendik aurrera ez da Tolosatik aterako. Tolosan ere badauka lana, bere dendan, Beotibar kaleko Arana zapata-dendan, alegia. Han beste urte eta erdi egingo du lan, eta 65 urterekin erabateko erretiroa hartuko.

Jose Marirekin batera aspaldiko estanpa bat desagertzen da. Berak ezagutu zuen, Tolosako ferian, bera bezalatsuko beste sei feriante; tartean, Urnieta eta Ezkioko aizkolgileak.

Lehen esandakoa: hamar urte zituela, eskola utzi eta aitari laguntzen hasi zen, feriaz feria. Hala ere, eskola goiz utzita ere, oso gizon ikasia dugu Jose Mari; munduak eta bizitzak berak asko erakusten baitute.

Jose Mariren aitona ere feriantea zen. Hura ere Jose Mari Arana zen izen-deituraz, eta Orexan jaioa.

Aitonak ez zeukan zapata-dendarik, eta hark baserritarren arropak eta erremintak saltzen zituen herririk herri. «Bonbatxoak, galtzak, jertseak... eta era guztietako erremintak saltzen zituen hark», esan digu Jose Marik. «Gero, ni ume nintzela, gurasoek -Ignaziok eta Pepitak- zapata-denda zabaldu zuten Tolosan, eta handik aurrera azoketara oinetakoak eramaten hasi ginen».

Badira gauza batzuk aspaldi hartan aitona Jose Marik eta orain biloba Jose Marik saldu dituztenak, hala nola Bellota markako erremintak, Legazpin eginak, edota Labrador markako sardeak, Oñatin egindakoak. «Segak, garai batean Bellotakoak saltzen genituen, baina badira hogeita hamar urte edo gehiago egiteari utzi ziotela, eta azkenaldian Austria eta Italiako segak ibili izan ditut».

Aitzurrak ere, Bellotakoak. Gehien saltzen dena 2-B motakoa da -erdi tamainakoa-, eta horrelakoa 24 euroan saldu izan du gure lagunak.

Aizkorak, berriz, Urnietakoak saldu izan ditu, Jauregitarrek eginak. Bereziki gomendagarria da enpresa honi buruz Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako bideoa, ikusgai dagoena interneten.

Zer gehiago topatu dugu aste honetan Aranaren furgonetan? Adibidez, sega-kirtenak, eta sega-kirtenari lotzeko izan ohi diren burdinazko bi pieza txiki: eraztuna eta txabeta (ziri modukoa). «Kirtenak, orain, Kantabriatik inguratzen ditut, Cabuérniga bailarakoak. Ohitura beti izan da lizar-egurrezkoak egitea, eta orain ere material horretakoak ekartzen dizkidate». Aizkora-kirtenak, aldiz, pago-egurrezkoak izaten dira jeneralean.

Oinetakoei dagokienez, katiuska eta abarka asko saldu izan ditu. Katiuskak, Foca markakoak, Nafarroako Bianan eginak. «Abarkak, denbora askoan, Donosti markakoak, Gasteizen eginak, baina enpresa hura itxi zen eta orain beste marka batekoak ibiltzen ditut». Etxean egoteko zapatilak eta paseoan ibiltzekoak ere saltzen ditu.

Orain daukan furgonetak karrozeria berezia dauka. Albo bat zabaldu egiten da eta leiho modukoa geratzen, halaxe bezeroak barruko jeneroa ikusteko modua daukala. Miranda de Ebroko enpresa batek egin zion egokitze-lan hori. Aurreko furgoneta, berriz, Iruñeko tailer batean prestatu zioten. Gipuzkoan ez omen du topatu horrelako lana egingo dionik.

Tolosarrek ederki ezagutzen dute Arana, baita ere, kofradia oso berezi bateko lehendakaria delako. San Krispin eta San Krispinianoren Kofradia zapatagileen bilgunea zen hasiera batean, baina urte dezente dira bestelako kideak ere hartzen dituela bere baitan. Orain 72 kide dira, batzuk merkatariak, besteak oso bestelako ogibidea dutenak; bada abokaturik ere.

Jose Marik gordetzen ditu kofradiako aktak, zaharrena 1859. urtekoa. Berez 1616an sortu zen taldea, eta gordetzen ziren lehen garaietako aktak ere, baina 1951ko azaroaren 30ean gertatutako sute baten ondorioz erre egin ziren. Amarrandegi izeneko eraikinean gordetzen ziren agiri horiek, Santa Maria elizari atxikita zegoen eraikinean, eta hantxe gertatu zen sutea.

Urtean euro bateko kuota dute kofradiako kideek. San Juan eguneko prozesioan parte hartzen dute eta Eguberrietako loteria banatzen. Urtean behin biltzen dira afaria egiteko, San Krispin egunean hain zuzen ere, urriak 25.

Temas

Euskera