Ia 300 parte hartzaile aktibatuko eta 12 saio
Arabako zazpigarren Kuadrilla Arteko Txapelketa urtarrilaren 27an hasi eta martxoaren 25ean amaituko da
Larunbata, 21 urtarrila 2023, 08:26
Urtarrilaren 27an hasiko da Arabako zazpigarren Kuadrilla Arteko Txapelketa eta martxoaren 25ean amaituko da Laudion. Ekimena «izaera kolektiboan eta bertsolaritza herrikoian» oinarritua dago eta, orotara, hamasei saio izango ditu: 12 kanporaketa, 3 finalaurreko eta finala.
Maeztun egindako aurkezpenean aurreratu zutenez bat-bateko eta idatziko modalitateetan 280 parte hartzaile izango dira datozen asteetan Araban barrena bertso-eskolek eta Arabako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako ekimenean.
Bat-batekoari dagokionez, 12 talde osatu dira. 3-6 bertsolari arituko dira kantuan eta horiekin batera, gai-jartzaileak, epaileak, argazkilariak, grabatzaileak eta sukaldariak. Guztira 9-12 laguneko taldeek parte hartuko dute. Taldeak antolatzaile ere badira, bere herrian edo eskualdean saioak antolatzeaz arduratu dira eta. Aurten, guztira, 64 lagun ariko dira bertsotan, 16 epaile lanetan, 16 lagun gai-jartzaile beharretan, eta gainerakoak bestelako funtzioetan, hala nola, kronista, argazkilari, sukaldari, musikari. Hurrengo eskualdeek parte hartuko dute: Aiaraldea, Arabar Errioxa, Mendialdea, Lautada (bi talde), Gorbeialdea (lau talde) eta Gasteiz (hiru talde).
-
Kanporaketak: Urtarrilak 27, Gasteiz (bi saio) eta Oio; urtarrilak 29, Laudio; otsailak 3, Gasteiz; otsailak 4, Aramaio eta Agurain; otsailak 5, Narbaiza; otsailak 10, Aramaio (bi saio) eta otsailak 11, Murgia eta Corres.
-
Finalaurrekoak: Otsailak 26, Agurain; martxoak 4, Bastida; martxoak 12, Murgia.
-
Finala: Martxoak 25, larunbata, Laudio.
Idatzizko modalitatea ere antolatu da, 16 taldek hartuko dute parte: Gazte Asanbladak, Mintzalagun taldeak, lagun kuadrillak, bertso eskolako kideak... Bertsoak prestatu, idatzi eta jende aurrean edo jendearekin batera kantatuko dituzte. Arabako zortzi eskualdetako ordezkariek parte hartuko dute bertso jarrien modalitatean. Bat-bateko modalitatearen saioak egiten direnenean parte hartuko dute talde hauek.
Aurkezpena egiteaz gain Urteroko Batzar Orokorra ere izan zen Maeztuko Udaletxean. Pasa den urteak bertsolaritzaren inguruan Arabako lurralde historikoan emandakoari birpasa zabal bat eman zioten. Eguna borobiltzeko Zekuianoko txokoan bazkaria antolatu zuten eta, ostean Aroa Arrizubietaren, Izar Mendigurenen eta Andere Arriolabengoagaren bertso saioa.