Antzerkiak eta gazteek «bizirik jarraitzen dutela» erakusteko edizioa
Maiatzaren 14tik ekainaren 14ra 18 antzezlan oholtzaratuko dira hiriko sei aretotan
Antzerkiak eta gazteek «bizirik jarraitzen dutela» erakusteko asmoz, maiatzaren 14tik ekainaren 14ra 18 antzezlan oholtzaratuko dira 35. Gazteen Antzerki Topaketan. Beste hainbeste talderen kargu izango dira eszenaratzeak, gehienak donostiarrak badira ere, Pasaia, Errenteria, Oiartzun, Arrasate, Iruñea edo Lugotik, besteak beste, etorritako konpainiekin. Euskaraz izango dira gehienak, 10, beste 7 gaztelaniaz eta azkena elebitan. Ohi bezala, parte-hartzaileen adinaren araberako bi kategoria izango dira, juniorra (14-18) eta seniorra (18-30).
Otsailean zabaldu zitzaien hiriko ikastetxe, unibertsitate, antzerki eskola eta talde independente guztiei parte-hartzeko deia eta erantzunarekin «pozik» azaldu da antolakuntza. Aurkeztutako 18 antzezlanak Maria Blanco, Luix Mitxelena eta Omar Somai aktore gazteek epaituko dituzte,
Ildo berean, hiriko eragileekin sinergiak bilatu dira eta ohiko bost agertokiei, Kontadores, Antzoki Zaharra, Victoria Eugeniako Klub Aretoa, Gazteszena (Egia Kultur Etxea) eta Lugaritz Kultur Etxea, seigarren bat batuko zaie: Kutxa Fundazioa Kluba. Donostia Kulturaren agertokietako sarrerak maiatzaren 6tik aurrera hartu ahal izango dira webgune edo lehiatilan eta Kutxa Fundazio Klubeko eta Kontadoreseko emanaldietarako sarrerak antzezpena izaten den egunean erosi ahal izango dira leihatiletan.
Azkenik, taldeen parte-hartzea sustatu eta elkar ezagutzeko, ekainaren 15ean Kutxa Fundazioa Plazan sari ematea izango da amaiera-ekitaldi modura.
Gazteen Antzerki Topaketa Donostia Gazteriak antolatzen duen ekimena da, Donostia Kulturaren eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin. Helburua «gazteak antzerkiarekin harremanetan jartzea da, nola interprete edo sortzaile izan (agertoki gainean edo atzean), hala ikusle izan», baita kultura-ekitaldietara joateko eta haietaz gozatzeko ohitura ere sustatzea.